Eusko Jaurlaritzak eta Berria Taldeak hitzarmen bat aurkeztu dute Berria egunkariaren komunikazio jarduera indartzeko eta proiektuaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko

DSC_0923.JPG

2019.eko irailak 25

  • Euskarazko egunkariak berretsi du bere konpromisoa egunero kalitateko edukiak eskaintzeko, “euskal gizartean dagoen aniztasuna” bermatuz.
  • Jaurlaritzak 2.320.000 euro jarriko ditu 2019, 2020 eta 2021 urteetan; guztira, 6.960.000 euro.

Donostia, 2019/09/25    

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Berria Taldeak hitzarmen bat aurkeztu dute Berria egunkariaren jarduera indartzeko eta proiektuaren egonkortasun ekonomikoa bermatzeko. Akordio honen bitartez, euskarazko egunkariak berretsi du bere konpromisoa egunero kalitateko edukiak eskaintzeko Interneten zein paperean, “euskal gizartean dagoen aniztasuna” bermatuz. Hitzarmena hiru urtekoa da, eta Jaurlaritzak 2.320.000 euro inbertituko ditu 2019, 2020 eta 2021 urteetan (guztira, 6.960.000 euro). Akordioak bat egiten du Kultura eta Hizkuntza Politika Saila euskarazko hedabideak indartzeko Legealdi honetan egiten ari den apustuarekin.

Hitzarmenaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin da, eta bertan izan dira Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikako sailburuordea; Estibaliz Alkorta, Euskara Sustatzeko zuzendaria; Martxelo Otamendi, Berriako zuzendaria; Beatriz Zabalondo, Berria Taldeko presidentea; eta, azkenik, Iban Arregi, Berria Taldeko kontseilari ordezkaria. Zupiria sailburuak adierazi du hitzarmena euskarazko hedabideek egiten duten lanaren aitortzatik abiatzen dela: “Eusko Jaurlaritza apustu nabarmena egiten ari da Legegintzaldian zehar euskarazko hedabideak indartzeko eta beren komunikazio proiektuak egonkortzeko, garrantzi handikoa baita egiten duten ekarpena euskararen ikuspuntutik. Funtsezkoa da hedabide publikoek egiten duten lana, eta estrategikotzat hartzen dugu, baita ere, hedabide pribatuen lana euskaraz informatzeko eta eduki interesgarri eta erakargarriak sortzeko. Aitortza horretatik abiatuta, Legealdi honetan ikusi dugu beharrezkoa zela orain arte zegoen finantzazio publiko-pribatu ereduan aldaketa batzuk txertatzea. Eta hortik sortu da gainontzeko erakundeekin eta hedabideekin adostutako eredu berria”.

Eredu berria

Eredu berri honek bi alderdi ditu. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek eta Hekimen elkarteak hitzarmen berri bat aurkeztu zuten martxoan euskarazko hedabideen jarduera diruz laguntzeko. Hitzarmenaren helburuetako bat zen ordenatzea erakunde bakoitzaren ardura euskarazko hedabideak sustatzeko bidean eta administrazio guztientzat irizpide adostu batzuk ezartzea. Hala, akordio horrek zehazten du erakunde bakoitzak lagunduko dituen hedabideak: aldundien kasuan, lurraldeetako idatzizko hedabideak; eta Jaurlaritzaren kasuan, izaera nazionaleko hedabide orokorrak eta espezializatuak zein lurraldeetako telebistak, irratiak eta Internet bidezko komunikabideak. Bestetik, martxoan iragarri bezala, eredu berriak Eusko Jaurlaritzaren eta Berria egunkariaren arteko lankidetza-hitzarmen bat aurreikusten du, hain zuzen ere, gaur aurkeztu den akordioa.

Hitzarmenaren arabera, Berriaren konpromisoa izango da egunero kalitateko eduki interesgarri eta erakargarriak sustatzea, Interneten zein paperean. Halaber, honako helburuak bete beharko ditu hurrengo hiru urteetan:

  • Irakurle kopuru nahikoa izatea.
  • Bere eskaintza informatibo eta iritzikoan euskal gizartean dagoen aniztasuna bermatzea.
  • Irakurlegoaren bilakaeraren jarraipena egitea.
  • Euskaldunon hiztun jardunaren erdian jartzea.
  • Bideragarritasun ekonomikoa lortzea.
  • Gutxienez % 55eko finantzaketa propioa bermatzea.

Hitzarmenak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren betebeharrak jasotzen ditu. Akordioan zehaztu denez, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoari dagokionez, hiru urteko kopurua (6.960.000 euro) lau ekitalditan banatuta emango du.

Jarraipen Batzordea

Era berean, hitzarmen honen bitartez Jarraipen Batzorde bat eratuko da ezarritako helburuak betetzen direla ziurtatzeko. Horretarako, Jarraipen Batzordeak hitzarmena aplikatzeko irizpideak ezarriko ditu eta sor litezkeen interpretazio- eta betetze- arazoak konponduko. Jarraipen Batzordea hitzarmena izenpetu eta, beranduenez, hilabetera bilduko da lehen aldiz

Behin hitzarmena Berriarekin sinatuta, abian da euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berria. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak uda honetan onartu du gainontzeko hedabideentzako dirulaguntza deialdirako diru-ekarpena. Aurkeztutako eredu berri honen arabera, Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, guztira, 10,5 milioi euro jarriko dituzte, urtero, euskarazko hedabideak laguntzeko, orain arte jartzen zutena baino 3,1 milioi euro gehiago. Jaurlaritzari dagokionez, guztizko kopuru horren barruan, 7,8 milioi euro jarriko ditu, orain arte jartzen zutena baino 3 milioi gehiago (5,5 miloi euro dirulaguntza deialdian eta 2,3 milioi Berriarekin sinatutako hitzarmenerako). Bai hedabideen deialdian bai Berriarekin sinatu den hitzarmenaren kasuan zehaztu da hedabideen bideragarritasuna ez dela erakundeen ardura izango, baizik eta proiektu bakoitzarena. Hori dela eta, irizpide orokor gisa ezarri da dirulaguntza bidezko estaldura aurrekontuaren % 30era hel daitekeela.