Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak beste bi gudulariren gorpuzkiak berreskuratu dituzte Bizkaiko Gamiz-Fika udalerrian

20191123_112839.jpg

2019.eko azaroak 23

  • Bi gudulari horiek 1937ko ekainaren 19an frankistak Bilbon sartu baino egun batzuk lehenago izan ziren borroketan hil ziren
  • 2003tik, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, guztira, 45 hobi atera dituzte eta Gerra Zibilean hildako 107 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria eta Aintzane Ezenarro Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutuko zuzendaria, gaur goizean, Gamiz-Fikan (Bizkaia) izan dira, Gerra Zibileko bi gudulariren gorpuzkiak lurpetik atera dituztenean. Asier Larrabe Gamiz-Fikako alkatea ere izan da bertan, besteak beste.

Desobiratzea “Aranzadi Zientzia Elkarte”ko talde batek egin du, Paco Etxebarriaren zuzendaritzapean. Taldeak zenbait hezur-zati berreskuratu ditu eta, aurretiko ikerketen arabera, hezur horiek frankistak 1937ko ekainaren 19an Bilbora sartu aurretiko egunetan izan ziren borroketan erori ziren bi gudularirenak dira. Bi aurkikuntzak aurtengo ekainaren 8an beste gudulari baten hezur-hondarrak berreskuratu ziren hobitik hurbil daude. Desobiratzearen ondoren, udalerriko herritar batzuek eremuan lurperatuta egon zitezkeen beste gorpu batzuei buruzko informazioa eman zuten, eta gaur egiaztatu da gutxienez beste bi badaudela.

Lander Mella Gamiz-Fikako herritar baten lekukotza funtsezkoa izan zen aurtengo ekainean gudulari horiek lurperatzeko baliatutako hobia aurkitzeko. Herritar horrek adierazi zuen Elortatxu auzotik hurbil, Bilboko defentsa-lerrotik hurbil, beste lurperatze bat egon zitekeela. Hura aurkitu ondoren, orain beste bi gudulariren hezur-hondarrak aurkitu dira.

2020KO HOBI-PLANA

Eusko Jaurlaritzak 2003tik darama Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko eta identifikatzeko lanean. Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten bidez, proiektu horrek Euskadin hobiei eta horien kokapenari buruzko informazioa ematen duten partikular, kolektibo edo erakundeen eskaera guztiei erantzuten die. Lan horri esker, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadik 45 hobi atera dituzte eta 107 pertsonaren gorpuzkiak berreskuratu dituzte. Haietatik:

  • 57 Elgoibarko Duintasunaren Kolunbarioan daude. Haietatik, 11 pertsona identifikatuenak dira.
  • 44 hobiak aurkitu dituzten udalerrietako hilerrietan daude.
  • Gainerakoak beren familiek aukeratutako lekuetan daude.