Eusko Jaurlaritzak COP-25 Klimaren Konferentzian parte hartzen ari da, bere proposamen eta agendarekin

2019.eko abenduak 03

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin batera.

COP-25 KLIMAREN KONFERENTZIA

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritza COP-25 Klimaren Konferentzian parte hartzen ari dela. Arriola sailburuak nabarmendu du Euskaditik Madrilera konpromiso- eta itxaropen-mezua eraman nahi dela. “Konpromisoa, 2050erako emisioen neutraltasunarekin bat gatozelako; izan ere, guztion artean ahalegina bikoiztuz gero, gai izan gaitezke berotze globalaren aurrerapena eteteko eta, hala, hainbesteko irrika eragiten duen trantsizio ekologikoa izan. Trantsizio horrek, bestalde, bidezkoa izan behar duela eta inor atzean utzi behar ez duela uste dugu”, esan du.

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak jakinarazi du euskal industriako hogeita hamar bat enpresak eta eragilek abenduaren 11n Sustainable Innovation Forum foroaren goi-mailako saioan parte hartuko dutela, COP25en ekitaldi ofizialean. Tapiak azaldu duenaren arabera, helburua da, batetik, euskal enpresak klima-aldaketarekin duen konpromisoa erakustea, eta, bestetik, Euskadik klima-erronkan irtenbide berriak eskaintzeko duen industria- eta teknologia-ahalmena aurkeztea.Hala, aztertuko diren gaiak honako hauek izango direla nabarmendu du: euskal industria trantsizio energetikoan eta mugikortasun jasangarria. Tapiak azpimarratu du klima-erronkak aukera bat irekitzen diola enpresa-egiturari, teknologia berrietan oinarritutako produktu eta zerbitzuak sortzeko. Arantxa Tapia sailburuak, zehazki, Smart Cities for Sustainability osoko bilkuran parte hartuko du. Bertan parte hartuko du, Eusko Jaurlaritzaren iritziz beharrezkoa delako administrazio publikoak hiri-plangintza eta -kudeaketaren buru izatea, hiri eta herriak espazio inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izateko.

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN LEGE-PROIEKTUA

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela Mugikortasun Jasangarriaren Lege Proiekturako; proiektu horrek Euskadiko mugikortasun-politikak koordinatzen eta antolatzen ditu. Tapia sailburuak azaldu duenez, Euskadi ez da hutsetik hasten gai honetan, baina egungo ereduaren gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-kostuak arintzen lagunduko duten alternatibak aurkitu behar ditu eta, zehazki, jasangarritasunean oinarrituko den mugikortasunean aurrera egin.

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak berretsi egin duela Jaurlaritzak berak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, Eudelek eta UEMAk "Euskararen Nazioarteko Eguna" dela-eta adostutako erakunde arteko adierazpena. Bozeramaileak nabarmendu du euskara sustatzeko erakunde- eta gizarte-konpromisoa eguneratzeko eta berritzeko etengabeko beharra dagoela.

Gaur arratsaldean, Euskalduna Jauregian, ekitaldia antolatuko da eta bertako buru izango da Iñigo Urkullu Lehendakaria; bertan, jendaurrean irakurriko da erakunde-adierazpena. Erkorekak azaldu duenez, ekitaldi horretan erakundeek euskararen aldeko gizarte-ekimenarekin duten elkarlanaren balioa eta gizarteak helburu horri adierazitako atxikipenak duen balioa nabarmenduko dira.

ZOR PUBLIKOAREN AMORTIZAZIO AURRERATUA

Era berean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak baimena eman duela  zor publikoko 597 milioiko amortizazio aurreraturako; hala, Euskadik 9.500 milioi eurora murriztuko du zor publikoa.  Josu Erkoreka sailburuak nabarmendu du zor-amortizazio hori posible izan dela ekitaldi osoan zehar kontu publikoen inguruan egin den betearazpen zorrotzari esker. Era berean ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak jarraituko duela zorroztasunez betetzen zorraren, defizitaren eta gastu-arauaren helburuak, datorren 2020ko ekitaldirako aurrekontu-proiektuan ezartzen den bezala. “Gure ekonomia- eta aurrekontu-politikaren gakoak honako hauek dira eta izaten jarraituko dute: zorroztasuna kudeaketan, onartutako konpromisoak betetzea eta aurrekontu-oreka”, esan du.

GAURKOTASUNEKO GAIAK

Kazetariek galdetuta, 2020ko Aurrekontuen negoziazioaren inguruan, Eusko Jaurlaritza errealismoz, zorroztasunez eta seriotasunez negoziatzen ari dela azpimarratu du bozeramaileak, Elkarrekin-Podemosekin akordioa posible izan dadin. "Ahalegina egiten ari gara Legebiltzar Taldeak planteatu dizkigun lehentasunak aurrekontuan txertatzeko", gaineratu du.

Bestalde, Autogobernuaren Lantaldeari buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak adierazi du 3 alderdi aritu direla lanean akordioak lortzeko eta 2 kanpoan geratzeko. "5 jarrera ezberdinekin hasi zen lana, eta, adituen lanaren ondoren, 3 testu artikulatu ditu. Horietako batek herrialdeko bost alderdietatik hiruren arteko akordio zabala jasotzen du ", zehaztu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena