Eusko Jaurlaritzak bultzada berria emango dio Bermeoko Portuari, lonja handitzeko lanen hasierarekin eta Xixiliko-Erroxapeko lanen amaierarekin

2019.eko abuztuak 02

  • Xixili eta Erroxape moilak konpontzeko lanak 2019ko azken hiruhilekoan amaituko dira
  • 135.267,66 €-ren truke (BEZ aparte) lizitatu da arrain lonja handitzeko obra, lanak urtea amaitu aurretik hasteko aurreikuspenarekin
  • Tapiak adierazi duenez, “legealdi honetan 12,3 M€ inbertituko dira Bermeoko portuko jarduketetan”

Bermeoko Portuko Xixili eta Erroxape moiletan egiten ari diren konponketa lanak amaierara hurbiltzen ari dira, eta biak ere 2019ko azken hiruhilekoan bukatuko direla baieztatu da.

Eusko Jaurlaritzak bultzada berria eman nahi dio Bermeoko Portuari, eta bisita bat egin du obratara, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Aritz Abaroa Bermeoko alkatea buru direla. Bisitan, portu, itsaso eta arrantza gaietako agintari nagusiak egon dira eurekin: Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika sailburuordea; Aitor Etxebarria Portu eta Itsasoko Gaietako zuzendaria; Leandro Azkue Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; eta Edurne Egaña EKP- Euskadiko Kirol Portuak sozietateko zuzendaria.

Apustu hori, Bermeoko Portuan egin diren eta planifikatuta dauden proiektu garrantzitsuetan islatzen da. Etenik gabeko inbertsio jarraiak egin dira, izan ere, Tapiaren hitzetan, “legealdi honetan 12,3 M€ inbertituko dira Bermeoko portuko jarduketetan”.

Xixili eta Erroxape moilen konponketa

Obra honek, Erroxape eta Xixili moilen konponketa barne hartzen du eta proiektua bi lotetan banatuta dago. Jarduketak, moilek erakusten duten narriadura egoera konpondu nahi du. Egoera hori itsasoaren ekintzak eta merkataritzako enpresen kargan eta deskargan aritzen diren makina astunen erabilerak eragin dute.

Erroxape moilan, proiektuko 2. LOTEAN, azalera osoko zoladura berriro ipintzeaz gain, kaltetutako zerbitzuak berrezartzen ari dira, eta merkataritzako kaien drainatze sare berria ari da egiten. Amilburuaren gailur kota 0,5 metro altxatuko da. Jarduketaren esleipen aurrekontua 1.508.704,95 eurokoa izan da, BEZ aparte.

Xixili moilaren konponketari dagokion 1. LOTEAN, egitura konpontzen eta biltegiratze gunearen zoladura hobetzen ari da, portuaren behar berrietara egokitzeko. Horrez gain, ukitutako zerbitzuen berrezarpena osatuko da, eta merkataritzako kaien drainatze sare berria egingo da. Oraingo honetan, esleipen aurrekontua 1.027.651,54 eurokoa izan da, BEZ aparte.

Arrain lonja handitzea

Tapia sailburuak iragarri duenez, 1.135.267,66 € (BEZ aparte) oinarrizko aurrekontua duen lonja handitzeko lizitazio prozesua hasi ondoren, lanak urte amaiera baino lehen hastea aurreikusten da. Aurreikusitako egikaritze epealdia 6 hilabetekoa da. Hori dela eta, 2020ko udarako amaituta egongo litzateke.

Bermeoko arrain lonja handitzeko lanarekin bilatzen dena, egungo lonjaren funtzionamendu arazo larrienak konpontzea da, egungo instalazioen ahalmena handituz, bi helburu nagusirekin:

  • Arrain kutxen eta tinen biltegiratzeari dagokionez eskatzen diren higiene-osasun baldintzak betetzea, Lonjaren egitekotik sortutako eskariei behar bezala erantzun ahal izateko (une honetan, arrain kutxak eta tinak biltegiratzeko gunea, lonjatik 200 metrora dagoen nabe batean dago, kanpoan).
  • Eraikina handituko den gunean egongo den izotz fabrikaren kokalekua posible egitea, siloari, itsasontziei eta kamioiei hornidura egokia eman ahal izateko.

Une honetan, lonjak 2.413,65 m²ko azalera du. Hartutako soluzioaren arabera, dagoen eraikinari modulu bat gehituko zaio, geometria errepikatuz, azalera osoa 3.284,24 m²raino handituz. Horietatik 2.642,28 m² beheko solairuan egongo dira (handitzearen ondorioz, eraikitako azalera 870,59 m² handiagoa izango da)

Programaren banaketari dagokionez, beheko solairuan 787,46 m² gehituko dira kutxak eta tinak biltegiratzeko, izotz silorako, biltegi eta instalazioetarako eta igogailuak eta eskailerak egiteko. Lehen solairuan 51,56 m² gehituko dira, izotz fabrikarako.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten duenez, izotz fabrikaren instalazioa 1 M€-tan (BEZ aparte) lizitatuko du 2020ko lehen seihilekoan, lonjaren obra zibila amaitu ondoren lanak hasi ahal izateko.

Babes dikearen kokotearen konponketa

Tapia sailburuak aurreratu duenez, deskribatutako jarduketez aparte, Bermeoko “Babes Dikearen barruko mantuaren indartze lanak” ari dira egiten. Ekaitzak eragindako kalteen ondoren 2016an adierazitako larrialdi obraren bigarren fasea da.

2017an amaitu ziren dikea konpontzeko lehen faseko lanak, 5.393.182,51 €-ko zenbatekoarekin (BEZ barne). Helburua, 2020ko lehen seihilekoan jarduketaren 2. fasea lizitatzea da, 1.540.941,49 €-rengatik (BEZ aparte), eta 6 hilabeteko iraupenarekin.

Itsas-aisia erabilerako instalazioak

Instalazioetan itsasontziak lehorreratzeko egin diren hobekuntza garrantzitsuekin, gurdietan eta garabien gunean, nabarmen hobetu da zerbitzu horien prestazioa.

Legealdiaren hasieran, bidean doazen ontzietarako egokitu zen pantalanari esker gero eta gehiago dira portura heltzen diren aisialdirako ontziak eta horretarako eskaria ere gero eta handiagoa da. Horrek agerian uzten du Bermeoko portuari zerbitzu instalazio egokiak eta itsasoa aisiarako erabiltzen duten pertsonen beharrekin bat etorriko direnak, emateko beharra.

Halaber, turismo nautikoarekin erlazionatutako jarduera berrien garapenaren ondorioz, beharrezkoa da bidaiariak ontziratzeko eta lehorreratzeko pantalanaren instalazioa, itsasoko turismo jarduera horiek aurrera daramatzaten enpresek euren lana egin dezaten.

Helburua behar horiei erantzutea da, eta baita aisiarako ontziak amarratzeko leku kopurua handitzea ere, pantalanak instalatuz Artza inguruan. Une honetan proiektu horretan lanean ari dira, 2020ko udarako gauzatzeko xedez.