Eusko Jaurlaritzak Brexitaren Segimendu Batzordearen beste bilera bat deitu du

2019.eko urriak 22

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du, Gobernu Kontseiluaren ondoren, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuarekin batera.

EBko eta Erresuma Batuko negoziatzaile-taldeek “Ateratzeko Akordio” berria azkendu dute Brexitaren eremuan, eta hark Europako Kontseiluaren baimena jaso du, dagoeneko. Testuak Brexit antolaturako aukera ematen du, eta segurtasuneko etorkizuna dakar. Erkoreka sailburuak nabarmendu du akordio ona dela; izan ere, zalantza eragiten diguten gai gehienetan segurtasun juridikoa ere ematen du.Baina, esan duenez, akordioa oraindik ez da barruan berretsi, Erresuma Batuko Parlamentuan; beraz, egoera guztiak dira posible, berriz ere. “Egoerak datozen egunotan beste norabide positiboago bat hartzea espero dugu, baina, dugun erantzukizunagatik, egoera txarrenetarako bildu, lan egin eta prestatzen jarraitzea erabaki dugu: irteera latza, Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren akordiorik gabea”, esan du.

Horrela, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du eremu autonomikoan Eusko Jaurlaritzak Brexitaren Segimendu Batzordearen beste bilera bat deitu duela, eta hura, ordu honetan, Lehendakaritzan dagoela batuta. Bileraren helburua da aduanetako eta mugaz gaindiko kontroleko zereginetako pertsonalaren errefortzu-planak aztertzea.Erkoreka sailburuak esan du Eusko Jaurlaritza hurbiletik jarraitzen ari dela gertakariak, eta, aldi berean, akordiorik gabeko Brexitaren egoerarako erantzun- eta informazio-mekanismoak lantzen ari dela. Hori horrela esan du erakunde publikoek, dagoeneko, dagozkien eskumenen eremuetan, haren eragin negatiboa gutxitzeko kontingentzia-neurriak hartu dituztela, halakorik gertatzen bada.

Josu Erkoreka sailburuak, bide batez, dei egin die eragile sozioekonomikoei eta herritarrei beraiei, prestatze-lanak arindu ditzaten, beren interesak babesteko.

2020rako Euskadiko Aurrekontu Orokorren Proiektua

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomiako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak 2020rako Euskadiko Aurrekontu Orokorren Proiektua onetsi duela; hura 11.774M/€-koa da. Azpiazuk azaldu duenez, aurrekontu globala 2019an aurkeztutako proiektua baino 10M/€ baxuagoa da, euskal zor publikoa amortizatzeko beharra baxuagoa delako, baina aurrekontu operatiboa –politika publikoetako gastuetarako erabilgarri, finantza-aktiboak isolatuta– 301M/€ handiagoa da, alegia, iaz baino % 2,9 handiagoa. 

Azpiazuk honako bi alderdi hauek nabarmendu ditu Aurrekontuen Proiektuan: genero-ikuspegia eta jasangarritasuna. Horrela nabarmendu du 2020rako aurrekontuaren bidez gizarte- eta belaunaldi-arraila  eta eten digitala murriztu nahi direla; hezkuntzan ekitatea, bikaintasuna eta inklusioa sustatzen dituzten jarduketei lehentasuna eman nahi zaiela, pertsonen enplegagarritasuna sustatu nahi dela eta garapen ekonomikoa, berrikuntza eta I+G+b bultzatu nahi direla.

Hori horrela, Azpiazu sailburuak esan du Gobernuak jarraitzen duela gizarte-politikak bermatzeko eta hobetzeko eta garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko dituen konpromisoekin leiala izaten; hori dela eta, proiektu honen % 77,5 gizarte-politikei dagokie. “10 eurotik ia 8 osasunera, hezkuntzara, enplegura eta gizarte-politiketara bideratzen dira”, esan du. Era berean nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak jarraitzen duela inbertsio publikoaren aldeko apustua egiten eta, horrela, % 10,2ko igoera izan duela, 1.093M/€ artekoa. Pedro Azpiazuren hitzen arabera, gainera, eutsi egiten zaio berrikuntzarekiko konpromisoari; % 5,44 areagotu da.

Kontziliazioa

Gobernuko bozeramaileak, Eusko Jaurlaritzak Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez datorren azarotik aurrera emango dituen laguntzak arautzen dituen familia eta lana bateratzeko laguntzen dekretua dela eta, eremu autonomikoan ekimen aitzindaria dela nabarmendu du.“Ikusiko dugu nolako harrera eta inplikazioa duten”, esan du.Sektore publikoaren eta pribatuaren arteko parekatzea dela eta, Josu Erkoreka sailburuak esan du ez duela zentzurik, jatorritik erabat bereizita dauden gauzak parekatzea ekarriko bailuke. 

Katalunia

Kataluniako egoerari buruz galdetu diotenean, Erkoreka sailburuak nabarmendu du argi dagoen gauza bakarra dela Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazkak elkarrizketa- eta negoziazio-ordu zintzo eta leial asko beharko dituela.“Beti egon beharko du etengabeko komunikazio-ildo iraunkor batek erakundeen artean”, esan du.Era berean, Alfonso Alonsok Kataluniako indarkeriaren inguruan Lehendakariak eginiko adierazpenei buruz egindako deklarazioak direla eta, Erkoreka bozeramaileak esan du ez duela ez hanka ez buru Lehendakariari gaitzespenik egitea; izan ere, indarkeriaren erabileraren aurkako adierazpenak iraunkorrak eta argiak izan dira eta dira.“Ezin dut PPren helburua ulertu jarrera horrekin”, esan du.

Hezkuntza itundua

Hezkuntza itundua eta beste bilera bat egiteko egin berri den deialdia direla eta, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du Hezkuntzako sailburua bilerara joango dela, baldin eta Lan Harremanen Kontseiluak deitzen badu.“Baldintza horietan gertatzen bada eta bere zuzeneko eta berehalako parte-hartzeak desberdintasunak konpontzen lagun dezakeela egiaztatzen bada, parte hartuko du", esan du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena