Eusko Jaurlaritzak baimena eman du SHIF2RAIL-ekin trenbide arloko ikerketari eta berrikuntzari buruzko MOU-a sinatzeko (Gobernu Bilera 2019-11-19)

_JMA6323_txiki.jpg

2019.eko azaroak 19

Gobernu Kontseilua gaur izan da eta, bertan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Shift2Rail-en artean (Europan trenbide-arloko ikerketa eta berrikuntza gehiena bideratzen duen organismoa; Bruselan du egoitza) lankidetza-memoranduma sinatzea onartu du.

Shift2Rail ekimen publiko-pribatua da, eta Europako Batzordeak sustatzen du, Europako beste zazpi trenbide-enpresa sortzailerekin batera; enpresa horien artean Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) euskal multinazionala dago. Shift2Railek, bestalde, elkartutako beste enpresa batzuk ere baditu, eta haien artean Euskadiko AERNNOVA eta Estatuko TALGO ere badaude (azken hori Euskadin finkatuta dago), bai eta, besteak beste, TECNALIA eta CEIT euskal ikerketa-zentroak eta Europako hiru unibertsitate ere; unibertsitate horietako bat Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) da. Shift2Rail 2014an sortu zen, eta 920 milioi euroko aurrekontua du.

Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Shift2Rail-en ikerketa-programek elkarlanean jardun ahalko dute ikerketako eta baterako finantzaketako lehentasunezko estrategiak ezartzen, trenbide-sektorean ikerketa- eta berrikuntza-proiektuen gainerako tresna eta deialdiekin; horrek sustapen berria eta esanguratsua ekarriko du Euskadin trenbidearen sektorearen garapenean, eta, horrek, aldi berean, Europa osoan trenbide-sektorea sendotzeko balioko du, horrelako lankidetza-akordioen bidez sortzen diren sinergiei esker.