Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin du Plentziako Itsasadarraren Berrantolaketa, eta eragileekin eta elkarteekin partaidetza-aldi bat ireki du

plentzia.jpg

2019.eko abenduak 20

  • Hainbat talde egiten ari diren ekarpenak eta iradokizunak aztertuko dira proposamena hobetzeko asmoz
  • Itsasadarra nola dagoen ikusita, adostasun zabala dago presazko neurriak behar direla
  • Paraleloki, EKPk lizitazio-prozesu bati ekingo dio Plentziako barruko portuko pantalanak berritzeko

Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin du Butroe itsasadarrean lekualdatutako pantalanak hornitu eta instalatzeko lanen esleipena, eta Plentziako herritarren eta inplikatutako eragileen partaidetza-prozesu bat irekiko du.

Era horretan, bilatzen da hainbat talde egiten ari diren ekarpenak eta iradokizunak aztertzea, Eusko Jaurlaritzak eta Plentziako Udalak berriki adierazi izan duten bezala.

Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzako eta EKPko (Euskadiko Kirol Portuetako) iturriek azaldu dute beharrezko ikusi dela “denbora pixka bat ematea gaurdaino jaso ditugun 37 ekarpenak baloratu, aztertu eta, hala balegokio, proiektuari gehitzeko; gainera, ekarpen gehiago espero ditugu hurrengo egunetan”.

Itsasadarraren berrantolaketaren esleipena atzeratzearekin, hain zuzen, bultzatutako proposamena hobetu nahi da. “Itsasadarra nola dagoen ikusita, adostasun zabala dago presazko neurriak behar direla, eta inplikatutako eragileek ekarpenak egiteko beste aldi bat irekiz gehiago aberastuko da emaitzazko proposamena”.

Halaber, paraleloki, EKPk lizitazio-prozesu bati ekingo dio luze gabe Plentziako barruko portuko pantalanak berritzeko. Obra horretan, egungo pantalanen eta piloteen ordezkoak jarriko dira, oso hondatuta baitaude; hartara, kai-barreneko espazioa hoberendu ahal izango da, egungo 165 amarralekuetatik 208ra pasaz, 3 eta 12-13 metro luzeko ontzietarako. Estimatu da jardun horietarako diru kopurua gutxi gorabehera 1.000.000 eurokoa izango dela.

Ingurune hori erabiltzeko prest egon bezain laster, amarralekuak esleituko dira, agindu honi lotuz: Olgeta-ontzien titularrek amarralekuak erabil ditzaten baimena emateko prozedura eta emakida horien araubidea arautzen dituen Agindua.

Alde horretatik, gogora ekarri nahi da behar administrazio-titulurik gabe jabari publikoa okupatzeak, portua eta Butroeko itsasadarra hala baitira, arauz kontrako egintza bat dela, baita jabari publikoaren okupazioa edo erabilera pribatiboa ere.