Eusko Jaurlaritzak 962,7 milioi euro bideratuko ditu ekonomia produktibora eta azpiegituren hobekuntzara 2020. urtean

2019.eko azaroak 11

  • 373,8 milioi energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren erronketan zuzeneko eragina duten programa eta ekimenei lotuta egongo dira
  • Industria-izaerako I+Gko programetara 196 milioi euro bideratuko dira, eta deialdiek % 5eko igoera izango dute zentro teknologikoetan eta enpresetan
  • Enpresa-finantzaketa sendotu egingo da, eta 102 milioi euroko zuzkidura bideratuko da Finkatuz funts berriaren bitartez etorkizuneko eragiketak ahalbidetzeko
  • Lehen sektorearen modernizaziora eta tokiko produktuen sustapenera 154,1 milioi euro bideratuko dira, eta BIO Ekonomiaren aldeko nazioarteko apustu berria egingo da
  • Azpiegitura eta Garraio Sailburuordetzak 257 milioi euroko inbertsioak egingo ditu, eta, zenbateko horretatik, 172 milioi euro azpiegiturak hobetzera bideratuko dira.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren 2020rako aurrekontuak 862.248.000 euroko zuzkidura eta % 13ko igoera izango du, kudeaketa-kredituen ondoriorik gabe. Nolanahi ere, Finkatuz funtsaren zuzkidurarako eta enpresetan partaidetzak hartzeko 75 milioi euroko zenbatekoa duten kredituek eragindako igoera izan da.

Adierazi beharra dago I+G+Brako, digitalizaziorako eta industria-garapenerako laguntzak emateko norgehiagoka bidezko laguntza-programek % 5 inguruko igoera izango dutela.

Kudeaketa-kredituak zenbatuz gero, aurrekontua 962,7 milioi eurora iritsiko da, baina azpimarratu beharra dago AHTaren obraren inbertsiorako aurrekontuak (kudeaketa-kredituak) % 4,2ko jaitsiera izango duela. Obraren egikaritzea amaitzen ari bada ere, 26,1 milioi euroko partida bat gaineratu da, abiadura handiko trenaren Donostiako Atotxako geltoki berriaren lanak hasteko. Horrela, beraz, kudeaketa-kredituak zenbatuz gero, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren guztizko aurrekontua % 11,2tan murriztuko da.

373,8 milioi euro ekonomia produktibo baterako eta jasangarritasunarekin zuzenean konprometitutako azpiegitura batzuetarako

 Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak aurrekontuak lehendakariak berak 2019ko uztailean egindako klima-larrialdiaren adierazpenarekin duen konpromisoa azpimarratu du.

Aurrekontu horrek garapen jasangarriarekiko konpromisoa islatzen du. Lehenik eta behin, erantzukizunagatik, eta, bigarrenik, klimari lotutako erronkak euskal enpresentzako garapen teknologikoko aukerak eta negozio-aukerak sortzen dituelako.

962,7 milioi eurotik, 373,8 milioi euro garapen jasangarria hobetzeko jarduketei lotuta daude zuzenean.

Jarduketak edo programak:

Energia-trantsiziorako politikari lotutakoak: 58 milioi

58 milioi euro Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutako energia-trantsiziorako politiketan.

Partidarik azpimarragarrienak:

  • Energia-jasangarritasunerako proiektuak: 17 milioi
  • Enpresentzako eta partikularrentzako diru-laguntzen programak energia-eraginkortasunerako, energia berriztagarrietarako, itsas energietarako, Ibilgailuen Renove Planerako eta abar: 21 milioi
  • Finantza-inbertsioak (biomasa, digitalizazioa, mikrosare elektrikoa eta abar): 4,6 milioi

Proiektu teknologikoak: 11,7 milioi

Hazitek eta Elkartek proiektuetarako I+Gko programen bitartez emandako laguntzei jarraikiz, eta aurreko ekitaldietako ibilbidea aztertu ondoren, klima-aldaketaren eta jasangarritasunaren esparruari hertsiki lotutako proiektuetarako aurreikusitako aurrekontua 11.731.040 euro da (2019ko zifra)

*Informazio gehiago erantsitako oharrean