Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro bideratuko ditu Gipuzkoako Doako Laguntza Juridikora; bertan ofiziozko txandari atxikitako abokatutzako 764 profesional daude

2019.eko urtarrilak 09

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak eta Lurdes Maiztegui Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekanoak, gaur, pasa den urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen Doako Laguntza Juridikoaren Dekretu berriaren hobekuntzak aurkeztu dituzte, bai eta Gipuzkoari buruzko datuak ere; guztira abokatutzako 764 profesional daude ofiziozko txandari atxikita (408 gizon eta 355 emakume).

Baterako prentsaurrekoa ICAGI Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren egoitzan izan da. Arratsaldean doako laguntza juridikoari buruzko prestakuntza-saioa izango da eta, bertan, Loly de Juan Justizia zuzendariak eta Gerardo López Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko deskanordeak hitz egingo dute.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak honako hau nabarmendu du: “doako justiziaren sistemaren kudeaketa ahalik eta eraginkorrena izatea da urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen dekretu berriaren helburu nagusietako bat; dekretu horren bidez, doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko prozedura arautzen da, bai eta bertan esku hartzen duten organo eta erakundeen funtzionamendu- eta lankidetza-araubidea ere”.

Bestalde, Lurdes Maiztegui Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko dekanoak honako hau gogorarazi du: “Doako Laguntza Juridikoaren Zerbitzua emateko 517 profesional daude atxilotuari laguntza emateko txandari atxikita (251 gizon eta 266 emakume), herritarrei egunean 24 orduz eta urtean 365 egunetan arreta emateko, eta 764 profesional ofiziozko txandari atxikita (408 gizon eta 356 emakume), doako laguntza juridikoaren onuradunen jurisdikzio-ordenetan (zibila, zigor-arlokoa, administrazioarekiko auzietakoa eta lan-arlokoa) eskubide eta interesen defentsa beren gain hartzen dutenak, bai eta aholkularitza juridikoa ematen duen eta auzitan jarduteko baliabide ekonomiko nahikoa ez dutela egiaztatzen duten pertsona guztientzako doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko tramitazioa kudeatzen duen Orientazio Juridikoko Zerbitzua ere”.

2018an, 29.232 eskabide aurkeztu ziren eta, guztira, 24.042 eskabidek izan zuten doako laguntza juridikoko batzordeen aldeko txostena. Gipuzkoaren kasuan, 7.956 eskabide aurkeztu ziren, guztira, eta 6.564 onartu.

2019an, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan Sailak doako laguntza juridikora 15 milioi euro baino gehiago bideratzea aurreikusten du, alegia, % 3,4ko gorakada egongo da aurreko ekitaldiaren aldean. Gipuzkoari dagokion partida 5 milioi eurokoa izango da.

2018an abokatutzako profesionalek eginiko jarduketak direla eta, esan beharra dago hiru euskal elkargoek guztira eginikoak 26.000tik gora izan zirela ofiziozko txandan eta 20.000tik gorakoak zaintzako txandan. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren kasuan, hurrenez hurren 8.285 eta 8.225 izan ziren.

Doako Laguntza Juridikoaren Dekretu berria aplikagarria da Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean jurisdikzioa duten organo judizialen aurrean mota guztietako prozesuekin eta, administrazio eskuduna edozein dela ere eta, betiere, doako laguntza juridikorako eskubidean legalki jaso badira, administrazio-prozedurekin zerikusia duen doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko.

Zehazki, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen kasuan, autonomia-mailako administrazioan eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten toki-administrazioetan, korporatiboetan eta instituzionaletan sortzen diren administrazio-prozedurei dagokienez, eta estatuko administrazio orokorraren organoen aurrean sortzen diren atzerritartasunaren inguruko administrazio-prozeduren eremuan doako laguntza juridikorako eskubidea aitortzeko, Estatuan gaiaren inguruan dagoen erregelamendua da aplikagarria.

Era berean, araudi hau aplikagarria da Doako Laguntza Juridikoaren Legeak babesten dituen gatazkak konpontzeko prozesuetan, besteak beste kontziliazio, bitartekotza edo arbitraje kasuetan.

Testu artikulatuarekin ados daude abokatutzaren eta prokuraren elkargo profesionalak, legegintzako nobedadeak egokitzen ditu, administrazio-izapideak sinplifikatzen ditu, genero-indarkeriaren kasuetarako modulu bereziak sortzen ditu, bereziki konplexuak diren kasuetarako modulu bereziak ezartzen ditu eta abokatuen eta prokuradoreen ordainsarirako gaur egun indarrean dauden baremoak areagotzen ditu, bai eta dagozkien elkargo profesionalen esleipenak ere.