Eusko Jaurlaritzak 40.000 euroko diru-laguntza onartu du Sanagustin Kulturgunea elkartearentzat, Azpeitia Dinamo gizarte eta kultur berrikuntza proiektua babesteko (Gobernu Bilera 2019-12-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 17

  •  Ekimenaren helburua “parte-hartze kulturalean eta gizarte kohesioan oinarritutako” eredu berritzailea bultzatzea da

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, bere gaurko bilkuran, 40.000 euroko diru-laguntza onartu du Sanagustin Kulturgunea elkartearentzat, Azpeitia Dinamo gizarte- eta kultura-berrikuntzako proiektua babesteko. Proiektu horren helburua "parte-hartze kulturalean eta gizarte kohesioan oinarritutako" eredu berritzailea bultzatzea da, sare horretan parte hartzen duten eragileen sormena, transmisioa, ikusgarritasuna eta kohesioa indartzea ahalbidetuko duena. Ekimenak, halaber, jardunbide egoki hori nazioartean sendotzea eta partekatzea du helburu, Creadis 3 Europako ekimenaren testuinguruan.

Azpeitia Dinamo ekimenak zerikusi zuzena du 2006an sortu zen Azpeitiko Kultur Mahaiarerekin, herriko kultur talde guztiak batzen dituen foroa. Bi urte beranduago, Kultur Mahaia modu iraunkor eta estrukturalagoan abiatu zen, herriko kultur dinamika ehunduz eta kultur kudeaketa eredu berri bat abiaraziz, herriko kultur talde guztiekin eta hainbat aditurekin sare handi baten jardueran oinarritutako topagune komun bat eraikiz.

Apustu horren fruituetako bat izan zen Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Koop. Elkartea,  Azpeitiko bi kultur eraikin nagusiak kudeatzen dituena: Sanagustin kulturgunea eta Soreasu antzokia. Azken zortzi urteetan, Sanagustin Kulturguneak kultura kudeatzeko eredu parte-hartzailea garatu du, beste euskal herri batzuetara zabaldu dena, eta gizarte- eta kultura-berrikuntza garrantzitsu bat egituratzea ahalbidetu du.

Azpeitia Dinamoren garapena azken mugarria da kultura bultzatzeko apustu berritzaile honen barruan. Ekimen honek sare horren konplexutasunean sakontzea proposatzen du, horretarako bitarteko gehiago jarriz, ahal den neurrian parte-hartzea sistematizatuz eta sare horretako eragileen arteko harremanen gurutzaketa erraztuz.