Eusko Jaurlaritzak 24,5 milioi euro bideratu ditu enplegua sustatzeko

2019.eko abenduak 10

Gobernu Kontseiluak asteroko bilera egin du gaur goizean, eta, bertan, enplegua sustatzeko hainbat programak onartu dira, guztira 24,5 milioi euro bideratuko dira laguntza horietara.

Enplegu programak

Gobernu Kontseiluak baimena eman du laneratzeko enpresak sortu eta haiei eusteko urte anitzeko laguntzetarako; Lanbidek, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dagoenak, guztira 10.370.000 euro bideratuko ditu, 2020/2023 aldian. Laneratzeko enpresen helburua da lan-merkatura gizarte-desabantailan edo -bazterketan dauden kolektiboak txertatzea, gizarte- eta lan-mailako laguntzako eta segimenduko esku-hartze batzuek eratutako ibilbidearen bidez.

Horrez gain, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio, Lanbidek egiten duen enplegurako lanbide-prestakuntzaren barruan, langabeei zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko 2 milioi euroko aurrekontuari.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio 2020an Gizarteratzeko eta Laneratzeko Proiektu Bereziak garatzeko laguntzetarako 4 milioi euroko aurrekontua bideratzeari; Lanbidek enplegura jotzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten langile okupatuei eta langabeei zuzendutakoak dira.

Enpleguaren esparruan, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Lanbidek,Lehen Aukera programaren barruan, euskal enpresetan gazte langabeak kontratatzeko bideratutako 4 milioi euroko deialdiari.

Gobernu Kontseiluak onartutako beste deialdietako bat honakoa izan da, Lanbidek txanda-kontratuen laguntzetarako 2020rako egin duen deialdia. Laguntzak 1 milioi eurokoak izango dira. 8.400 euro izango dira kontratatutako pertsona bakoitzeko; kopuru hori % 10 handituko da, txandakaria emakumea bada.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoan lan-zentroetan gazteak kontratatzeko Gazte Itzulerarako 1,77 milioi euroko laguntzen deialdiari.

Azkenik enpleguari dagokionez, Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio iraupen luzeko langabezia-egoeran dauden 30 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko 2020an eta 2021ean aurrekontuan bideratutako 1,41 milioi euroko laguntzen deialdiari.

Hezkuntza

Hezkuntza esparruari dagokionez, Gobernu Kontseiluak, alde batetik, oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuetarako eta ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzak onartu ditu orotara 970.000 euro bideratuko dira. Eta, beste alde batetik, doktore ikertzailearen mugikortasun-programa deitzen duen Agindua onartu da, 250.000 euroko diru-kopuruarekin.

Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondarea Saria ekimena deitu eta arautzeko agindua onartu du. Sari horren helburua da gazteen artean kultura-ondarea nabarmentzea.

Gai zerrenda

Prentsa-txostena