Eusko Jaurlaritza nazionalisten eta euskal sozialisten taldeek proposatu duten Euskadiko Turismo Legea erreformatzearen alde (Gobernu Bilera 2019-07-30)

fotoconsejo.jpg

2019.eko uztailak 30

  • Ordea, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ostatu-gauengatiko zerga orokor berria ezartzea, Elkarrekin Podemosek proposatzen duena, sektore turistikoaren iritziaren aurka doa, eta ez du Euskadiko hiru erakunde-mailen derrigorrezko babesa 

Gobernu Kontseiluak, gaur, “Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2019 Legea aldatzeko lege-proposamena” izapidetzearen aldeko irizpena eman du. Ekimena elkarrekin proposatu dute Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak Legebiltzarreko taldeek. Ekimenak bi helburu ditu:

  • Landa-eremuan etxebizitzetan edo logela partikularretan ostatu hartzeko turismo-zerbitzuak berariaz eta lege-mailan arautzea. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ekimen hori beharrezkoa da; izan ere, landa-eremuan garatzen diren jarduera ekonomikoak baserrietako nekazaritza-ustiapen tradizionalekin eta arkitektura tradizionalarekin errespetuzkoak eta jasangarriak izaten lagunduko du. Eusko Jaurlaritzak positiboki balioesten du ekimenaren amaierako helburua, landa-ingurunea babestekoa eta gizarte- eta ingurumen-arloan turismo jasangarriaren modalitatea babestekoa.
  • Turismoaren publizitateari, sustapenari eta bitartekaritzari buruzko arauketa osatzea. Helburua da turismo-enpresen eskakizunak eta erantzukizunak publizitate-, sustapen- eta bitartekaritza-jarduerak egiten dituztenetara ere zabaltzea. 

EGONALDI TURISTIKOEN GAINEKO ZERGA 

Ordea, Gobernu Kontseilua ez da ados agertu Elkarrekin Podemos Legebiltzarreko taldeak sustatu duen Euskadin egonaldi turistikoei buruzko zergaren lege-proposamena”rekin. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, turismoaren arloko edozein erabaki batera eta koordinatuta landu behar da gaian ere eskumena duten gainerako erakundeekin eta eraginpean dagoen sektorearekin. Kasu horretan, Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin-Podemosi gogorarazi dio turismo-sektoreak dagoeneko egin duela adierazpena, aho batez, horrelako zerga-mota bat abian jartzearen aurka, besteak beste oraindik finkatzeko fasean dagoen sektorea delako.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin Podemosi gogorarazi dio Euskadiko zerga-politika hiru euskal erakunde-mailen artean koordinatzen eta bateratzen dela. Gobernuak horrelako tasa orokortu bat ezartzea, foru-aldundiekin eta udalekin ezer adostu gabe, administrazioen arteko akordioan eta elkarlanean oinarritzen den euskal zerga-ereduaren kontrakoa izango litzateke.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak egiaztatu du dagoeneko ari direla hainbat ekintza egiten, euskal turismoak garapen egokia eta jasangarria izateko baterako planaren esparruan: lehiakorra izateko, ahalik eta kalitate handienekoa izatko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko tokiko biztanleriaren artean.