Eusko Jaurlaritza eta Euskadiko industria-sarea COP25ean

2019.eko abenduak 03

  • Abenduaren 11n, COP25 izeneko goi-bilerak tarte bat eskainiko dio berrikuntzari, eta Euskadik bere ahalmena eta garapen jasangarriarekin duen konpromisoa azalduko ditu bertan 
  • Arantxa Tapia sailburuak Sustainable Innovation Forum izeneko foroaren goi-mailako bilkuran parte hartuko du. COP25aren barruko ekitaldi ofizial horretan, hainbat herrialdetako ekonomia, energia eta ingurumeneko ministroak izango dira (Europako iparraldeko herrialdeetakoak nagusiki) 
  • Hogeita hamar enpresa inguruk beren ahalmen guztia aurkeztuko dute Basque Country Focus izeneko bilkura monografikoan, eta enpresa-sareak klimaren erronkaren aurrean dituen aukera berriak ezagutaraziko dituzte 

Euskal industriako hogeita hamar enpresa eta agente inguruk COP25aren barruan antolatutako Sustainable Innovation Forum 2019 izeneko ekitaldian parte hartuko dute abenduaren 11n, alde batetik euskal enpresek klima-aldaketarekin duten konpromisoa azaltzeko, eta, bestetik, Euskadik klimaren erronkaren aurrean soluzio berriak eskaintzeko duen industria-ahalmen eta ahalmen teknologiko handia aurkezteko.

Sustainable Innovation Forum 2019 foroa Madrilen egingo da, eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak parte hartuko du bertan, Smart City izenekoei buruzko osoko bilkura batean, hainbat herrialdetako (Suedia, Norvegia, Finlandia, Zeelanda Berria, Herbehereak eta Singapur, besteak beste) energia, ingurumen eta/edo ekonomiako ministroez osatutako goi-mailako hizlari talde batekin batera.

Basque Country Focus: Industrial & technological power of the Basque Country

Erakunde-esparruko ordezkariez gain, energiaren eta automozioaren sektoreari lotutako esparru pribatuko entitateak eta enpresak izango dira Foroan. Testuinguru horretan, euskal industriaren ahalmenari buruzko panel monografiko bat antolatuko da Foroan, eta parte hartuko duten zortzi enpresek honako gai hauek aztertuko dituzte: Euskal industria energia-trantsizioan (Iberdrola, Siemens Gamesa, KREAN eta Energiaren Klusterra) eta Mugikortasun jasangarria (Ingeteam, Gestamp, Ibil eta ITP).

Panel monografiko horren aurretik, hogeita hamar enpresa eta agente teknologiko inguruk networking-saio bat egingo dute, energia-trantsizioak eta mugikortasun jasangarriak planteatzen dituzten zalantzen inguruan hitz egiteko, elkarri esperientzien berri emateko eta euskal industriak klima-aldaketaren erronka handiarekin duen konpromisoa berresteko.

Sustainable Innovation Forum 2019 izenekoan antolatutako panelean parte hartuko duten enpresez gain, aldez aurreko lan-saioan parte hartuko dutenak honako erakunde eta enpresa hauetako ordezkariak izango dira: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila, Energiaren Euskal Erakundea, SPRI Taldea, Acicae, Aclima, Aernnova, Artetxe, BBG, Bimep, BRTA, CAF, Energigune IKZ, CIE Automotive, GAIA, Gaiker, Haizea Wind, Hegan, Idom, Irizar, Mondragon Taldea, Ormazabal, Petronor, Saitec, Sener, Tecnalia, Tekniker, Velatia eta Vicomtech.

Netwokring-saioan zein panel ofizialeko mahai-inguruetan, moderatzaileak honako hauek izango dira: Cristina Oyón (SPRI Taldeko Ekimen Estrategikoetako arduraduna eta Europako Batzordeak Industry 2030 estrategian duen aholkularia) eta Nuria Gisbert (Energigune IKZko zuzendari nagusia). 

Tapia sailburua Smart Cities for Sustainability osoko bilkuran

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak mailarik gorenean parte hartu eta inplikatu nahi izan du, bere ustez beharrezkoa delako administrazio publikoek hiri-plangintza eta hiri-kudeaketa gidatzea, hiriak eta herriak leku inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak izan daitezen.

Euskadi gizarte- eta lurralde-oreka duen herrialdea da, eta lehentasunezkotzat hartu du erronka hori, apustua egin baitu garapen jasangarriaren alde, ikuspegi ekonomiko, gizarte-ikuspegi eta ingurumen-ikuspegi batetik. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak berak klima-larrialdiko egoera eta haren mehatxuei aurre egiteko konpromisoa bere gain hartu dituela kontuan hartuta.

Ildo horretan, Euskadik nazioartean erreferentzia den ekosistema teknologiko batean oinarrituta egin duen industria-ibilbide irmoa kontuan hartuta, klimaren erronkak aukera bat irekiko dio enpresa-sareari teknologia berrietan oinarritutako produktuak eta zerbitzuak sortzeko.