Eusko Jaurlaritza BBVAren presidente ohiaren, Emilio Ybarraren, hiletan izan da
2019.eko uztailak 19
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkoreka BBVAren presidente izan zen Emilio Ybarraren hiletan izan da Eusko Jaurlaritzaren izenean. Erkorekak adierazi duenez, “Euskadiko ekonomiaren eta gizartearen munduko gizon entzutetsu eta gailen baten familiari eta lagunei gure begirunea adieraztera etorri gara. Gertuko harremana izan nuen berarekin Madrilgo nire ibilbide profesionalean, eta beti izan genuen harreman atsegin eta abegitsua”.
Hedabideek Espainiaren gobernagarritasunaz eta Pedro Sánchezen inbestiduraz ere galdetu diote Erkorekari, eta Gobernantza Publikoko sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Erkorekak erantzun du oso kezkatuta daudela, “izan ere 72 ordu falta dira inbestidurarako, baina akordio batera iristea zaila dela ulertzen dugun arren, egingarria eta ezinbestekoa dela uste dugu”. Erantsi du alderdi politikoak elkartu eta lanean hasi beharko direla, akordio batera iritsi arte altxatu ere egin gabe. “Sukaldeko lan gehiago eta adierazpen publiko gutxiago, horixe behar da hemen”, esan du.