EUSKALOVO Km0 jaio da, Euskadiko oilo arrautzen ekoizleen elkartea

Euskalovo_Km0.jpg

2019.eko urriak 31

Elkarteko kideek EUSKALOVO Km0, Hobea eta Norovo markekin merkaturatuko dituzte beren produktuak.

Helburua da hegaztizainek enpresa handien mende dagoen merkatu global batean lehiatu ahal izatea, aldi berean elikagaien kalitatea, segurtasuna eta jatorria bermatuta.

Gaur goizean EUSKALOVO Km0 aurkeztu da, oilo arrautzen ekoizle diren nekazarien elkarte gisa, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren Politikako sailburuordek Bittor Orozek presiditu du aurkezpen ekitaldia. EUSKALOVO Km0 elkartea berriki sortu da, eta gaur egun zortzi bazkide sustatzaile ditu. Horiek 11 milioi euro inguru fakturatzen dute, eta elkarteak aurreikusten du 2020a amaitu baino lehen Autonomia Erkidegoan guztira ekoizten denaren ia ehuneko 80 elkartean integratzea kooperatiba erregimenpean.

Ekitaldia Bilbon egin da, eta bertan parte hartu dute, halaber, Josune Larrabek, hegaztizainak eta EUSKALOVO Km0 elkarteko presidenteak, eta hurrenez hurren Corporación OVO12 eta EuskalOvo Km 0 erakundeetako kide diren Celestino Ajak eta Alex Garmendiak ere, eta horiek elkarteak egun dituen erronkak eta etorkizunean izango dituenak aurkeztu dituzte.

EUSKALOVO Km0 nekazaritza elkarte kooperatibo bat da, eta 2019an jaio da, ekoizleak elkartzeko asmoarekin eta ekoizle guztiei batera onurak ekarriko dizkieten eta, hitz batean, gero eta zorrotzagoa den merkatu batean kalitatearen hobekuntzan eta lehiakortasunean eragin nabarmenak edukiko dituzten zerbitzuak eta funtzionamendu egiturak ezartzeko bokazioarekin. Ekoizleek beren ustiategietako produktuei irteera komertziala bilatzen egindako lanaren emaitza da erakundea, baita zuzenean edo zeharka balio erantsi gehiago sortzen uzten duten baterako politika komertzialen emaitza ere.

Nekazari Ekoizleen Elkarte honetako kideek EuskalOvo Km0, Hobea eta Norovo markekin merkaturatuko dituzte beren produktuak. Nekazari Ekoizleen Elkarteko kide izateak hegaztizainari ahalbidetuko dio bere produktua banatzen, bai azalera handietan (banaketa marka propioak sartuz), bai ohiko saltokietan eta Horeca kanalean. Helburua da batera iristea bakarka iristea ezinezkoa litzatekeen merkaturatze kanaletara.

Zortzi bazkide sustatzaile

Gaur egun, erakundeak zortzi bazkide sustatzaile dauzka, eta bazkide horiek 11 milioi euro inguruko negozio bolumena dute batera eta Bizkaian, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan daude presente. Ekoizleak era askotakoak dira; bolumen ertaineko famili ustiategiak daude eta langile bakar batek osatutako ustiategi txikiak ere badaude, eta granja edo hazteko mota guztiak ere sartzen dira: kaiolakoak, lurrekoak, landakoak eta ekologikoak. Enpresa hauek dira:

- Avicola Aspuru

- Larrabe Oilotegia

- Granja Uriagereka

- Avicola San Blas

- Sat Reservado La Andaya

- Explotaciones Agropecuarias Sakana

- Aitziber Saez Sarachaga

- Leire Tellitu Rozas

Euskadin dagoen mota honetako lehen elkartea da EUSKALOVO Km0, eta elkartea sortzeko Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien laguntza eduki da. Nekazari Ekoizleen Elkarteak dira ekoizle txikiak batzea lortzeko eta horren bitartez industria eta banaketarekin indarrak orekatzeko EBk bultzatutako figura bat. Nekazari Ekoizleen Elkarteek Europako laguntzak eskuratu ditzakete batez ere (bultzatzeko modua izan zen), eta laguntza estatalekin osatuko dira laguntza horiek. Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzekin osatuko dira. Sortu berri denez, Euskalovo Km 0 elkarteak ez du oraindik laguntzarik eskuratu, baina, bere sustatzaileen arabera, urtea amaitu baino lehen laguntzaren bat eskuratzea espero dute.

Sektorearen gaineko datu orokorrak

EAEko oilo erruleen erroldan 1,5 milioi hegazti inguru daude, eta bere joera egonkorra da. Halere, ustiategi kopuru osoa jaisten ari da, ustiategi txikiak desagertzen ari direlako. Dena dela, hegazti ustiategi gehien-gehienak autokontsumorako dira.
35.000 oilo baino gehiago dituzten ustiategiak dira gero eta gehiago oilo kopuru aldetik nagusiak, ustiategi horiek buruen %66 kudeatzen baitituzte.

Ustiategi bakoitzean batez beste dagoen oilo kopurua 270 da, baina kopuru hori ez da batere adierazgarria hain atomizatuta dagoen sektore honetan. Araba da ustiategiko batez besteko buru kopuru handiena duen lurraldea.

Ustiategi gehienek pertsona fisiko bat dute titular, eta pertsona juridikoak, berriz, ustiategi handietan agertzen dira gehien. Soilik 1.000 oilo baino gutxiagoko ustiategien %2tan da pertsona juridiko bat titularra. Ustiategi horien %61 gizonezko batena da eta %37, berriz, emakume batena.

1.000 oilo baino gehiagoko ustiategiei dagokienez, ustiategien %18 eta oiloen %29 gazteena da, eta beste adin tarte batzuen esku daudenak baino handiagoak dira.

Ekoizpena

Hegazti zaintza da azken hamar urteetan hazkuntza sistemetan aldaketarik handienak eduki dituen abeltzantza sektorea. Gaur egun arrautza freskoen kontsumoa oboproduktuen kontsumoa eta sukaldaritzako kontsumoa baina handiagoa da, nahiz eta sukaldaritzan gero eta pisu handiagoa hartzen ari den. Nekazaritzako beste sektore batzuetan gertatzen den moduan, arrautza ekoizpenaren zati bat autokontsumora bideratzen da.

Espero genezakeen moduan, helburu komertzialak dituzten granjetan oilo erruleen kopururik handiena kaiolan hazitako oiloena da, pasa den urtean merkaturatutako arrautza guztien %75 izan baitzen. Azken urteetan joera izan da kaiolan hazitako oiloak apurka-apurka gutxitzen joatea eta aldi berean ekoizpen alternatiboak (esaterako, lurrean hazitako oiloak, landa oiloen arrautzen edota arrautza ekologikoen ekoizpena) gorantz joatea.

ENEEKen arabera, ekoizpen ekologikoan inskribatutako ustiategiak ere hazten ari dira, eta azken hamar urteetan bost aldiz hazi dira. Bizkaia (%63) da 2018an granja kopururik handiena duen lurralde historikoa, eta bere atzetik daude Gipuzkoa (%31) eta Araba (%6).

Euskal Baserriko Arrautza (Eusko Labela) da kalitatearen beste zigilu bereizgarri bat, eta horretan ere ekoizpenak gora egin du. Izan ere, ekoizle kopuruak %+129 gora egin du azken 4 urteetan, eta ekoizpenak %+162.

Kontsumoa

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren arabera, 138,18 kg inguru elikagai (elikagaiak eta edariak) kontsumitzen dira Estatuan (Espainiako Elikagaien Kontsumoari buruzko txostena, 2018). Bestalde, euskal etxeetan kontsumo hori 636,13 kg-koa izan da 2018an.

EAEko kontsumoari buruzko datuak eta aurretik aipatutako datuak oinarri hartuta, kalkulatu daiteke pertsona bakoitzak 12,8 kg arrautza kontsumitzen dituela urteko (9,92 Kg etxean + 2,87 kg etxetik kanpo).