Euskadin ezarpen-maila handiena duten banku-erakundeetan Kontsumoko Euskal Institutuak garatutako Ikuskaritza kanpaina baten emaitzak aurkeztu ditu Legebiltzarrean Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak

KontsumoBIDE_pos-color_page-0001.jpg

2019.eko ekainak 14

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak Kontsumobideren Ikuskaritza kanpaina baten emaitzak aurkeztu ditu gaur Legebiltzarrean; Euskadin ezarpen-maila handiena duten banku-erakundeek komertzializatzen dituzten hipoteketan oinarritu da kanpaina.

Ikuskaritzan zehar Kontsumobidek abusuzkotzat jo zituen klausulak detektatu ziren. Zehazki, hipoteka-maileguetan posizio zordunengatik komisioak ordaintzen diren xehapenean.

Mailegu gehien-gehienetan banku-erakundeek klausula bat gehitu ohi dute, banku bakoitzaren arabera desberdin deitzen zaiona: “komisioa kuota ordaindugabeengatik”, “komisioa epemuga ordaindugabeengatik” edo “komisioa posizio zordunagatik”. Gaur egun, komisioen deuseztasuna deklaratzea da Auzitegien irizpide nagusia, bankuek bezeroei kobratzen dizkieten posizio zordunak erreklamatzeagatik.

Kontsumobideko ikuskaritzak azken 6 hilabeteetan exekutatutako hipoteka-maileguen kontratu kopuru esanguratsu baten errekerimendua egin zion banku-erakunde bakoitzari. Gure Erkidegoan historikoki operazio gehien egiten dituzten erakundeen kasuan proportzionalki gehitu zen kopuru hori.

Honela banatu ziren banku-erakundeak lurraldeka: Araban 3 erakundetako kontratuak ikuskatu ziren, Bizkaian 4 erakundetakoak eta Gipuzkoan 3 erakundetakoak. Eskatutako dokumentazioa jaso ondoren, aztertu egin zuen ikuskaritzak. Errekerimenduei erantzun zieten eta kontratuak bidali zituzten zortzi banku-erakundeetatik zazpik abusuzko klausula gehitzen zuten beren kontratu-baldintzetan, posizio zordunengatik hipoteka-maileguetan komisioak jasotzekoa.

Kreditu-erakundeetatik bik ez zieten erantzun Kontsumobideren errekerimenduei; beraz, zehapen-proposamen bati aurre egin behar izango diete gainera, kolaboratu ez izanagatik. Dena den, beren webguneetan klausulen informazioa arakatzean, ziurtatu denez biek informatzen dute komisio horren kostuari buruz.

Bederatzi ez-betetze eta dagozkien zehapen-espedienteen proposamenak biltzen dira behin-behineko ondorioetan. Aurreikus daitekeenez, aurrera eginez gero, ezarriko diren zehapenak 580.000 eurora artekoak izan daitezke.

Sonia Pérez sailburuak bere jardunean zehaztu duenez, banku-zerbitzuen sektorea herritarrei kezka handiena sorrarazten dienetako bat da, eta etengabeko kontrol-lana eskatzen du horrek. Hala, 2019ko lehenengo bost hilabeteetan, Euskadiko kontsumitzaileen arreta-zerbitzuetan 158 eskaerari, 568 erreklamaziori, 1.111 kontsultari eta bi arbitraje-eskariri erantzun zaie, bankuen zerbitzuen eta produktuen inguruan.

Sailburuak ziurtatu duenez “Sailak etengabe jarraituko du kontrol-lanean eta legeak ematen dizkigun mekanismo guztiak erabiliko ditugu horrelako praktikak saihestearren. Eztabaidaezina da bankuen sektoreak gizartean duen garrantzia, baina atzera egin behar du eta herritarren kalterako eta zuzenbidearen kontrakoak diren klausulak beren kontratuetan erabiltzeari utzi. Kontsumobidek ikuskaritza-lanean jarraituko du hain sentikorra den gai honetan”.