Euskadiko toki-erakundeetan bi hizkuntza ofizialen ahozko zein idatzizko erabilera arautuko duen dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2019-11-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 19

  • Hemendik aurrera, udal bakoitzak erabaki eta azaldu beharko du barne-harremanetan zein harreman publikoetan bi hizkuntzen erabilera nola antolatuko duen
  • Dekretu honen bitartez toki-erakunde guztietarako arau bakarra zuen fasea itxi eta aro berri bat irekiko da, non toki-erakunde bakoitzak zer hizkuntza erabili erabakiko duen bere errealitate soziolinguistikoaren arabera
  • Bere helburuen artean daude: euskara lan-hizkuntza eta erakundeen arteko harremanetarako hizkuntza bilakatzea, itzulpen eta interpretazioen beharra arrazionalizatzea eta hizkuntzaren erabilera udalerrietan -eta udalerrietatik- bultzatzea

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du "Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzional eta administratiboa normalizatzeko Dekretua". Arau honek, legegintzaldi honetan ere onartu den “Udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzeko Dekretua” delakoarekin batera, 2016. urtetik indarrean dagoen “Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea” garatu eta osatuko du. Arau berri honen xede nagusia da euskararen erabilera bultzatzea udalerrietan –eta udalerrietatik-, lan-hizkuntza eta biztanleei zerbitzua eskaintzeko hizkuntza bilaka dadin, gaztelerarekin batera, tokiko mailan ere. 

Dekretu berriak zazpi kapitulutan banaturiko berrogeita hemeretzi artikulu, bost xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen biltzen ditu. Bere xedea da euskararen eta gazteleraren ahozko zein idatzizko erabilera arautzea udal, toki-erakunde eta beren mendeko erakunde eta sozietate guztietan, bai eta udal zerbitzuren bat eskaintzeko kontratatutako edo esleitutako enpresetan ere.

UDAL AUTONOMIA

Arau berriak udal autonomia osoa aitortu eta berresten du, udalek erabakiko baitute, beren errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, euskararen barne eta kanpoko erabilera nola antolatuko duten.

Dekretu honen bitartez toki-erakunde guztientzat arau bakar eta komuna (Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko 10/82 Legea) zuen faseari amaiera ematen zaio. Horren ordez, aro berri bat irekiko da non toki-erakunde bakoitzak barne-jardueran eta kanpoko harremanetan erabiliko duen hizkuntza era askean eta indibidualki erabakiko duen. Hori guztia herritarrek udal-erakundearekiko harremanetan hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea bermatuz beti, inolako diskriminaziorik gabe, eta, ondorioz, horretarako beharrezkoak diren neurri guztiak hartuz (1. eta 15. artikuluak, besteak beste).  

Honela, 11. artikuluak dioen bezalaxe, Euskadiko toki-erakunde bakoitzak bi hizkuntza ofizialak ahoz zein idatziz erabiltzeko irizpideak eta jarraibideak erabaki, adostu eta azaldu (ordenantza, erregelamendu edo kudeaketa-plan baten bitartez) beharko ditu. Erabilera hori ondoko arloei dagokienez arautu beharko da:

  • Udal gobernuko eta udal zerbitzuetako organoen barne-funtzionamendua: organoetako bileretako hizkuntza, deialdi, gai-zerrenda, mozio, boto partikular, akordio-proposamen, batzorde-irizpen, organoetako akta, prozedura, administrazio-espediente, datu-base eta antzekoen idazketa.
  • Beren harremana biztanleriarekin eta beste erakunde guztiekin: jakinarazpen eta komunikazio indibidual edo orokorrak.
  • Estandarizatuko dokumentuen hizkuntza-formatua.
  • Ekitaldi publiko eta argitalpenak: esku-hartze publikoak, prentsaurrekoak hedabideen aurrean, etab.
  • Udal eraikin eta instalazioetako errotulazioa eta hizkuntza-paisaia (barne zein kanpokoa).
  • Itzulpen eta interpretazioaren erabilera.
  • Administrazio-kontratazioa: administrazio-klausulen edo baldintza teknikoen orriak, etab.
  • Iragarki, publizitate eta komunikazio-kanpainak: eslogan, liburuxka, kartel eta dibulgazio- edo informazio-oharrak, etab.

EUSKARA, LANEKO HIZKUNTZA

Dekretuaren lehentasunezko helburuetako bat (1., 9., 13. eta 20. art.) da euskara normaltasunez eta orokorrean erabiliko den lan-hizkuntza bilakatzea, eta udalerriaren funtzionamendua euskaraz ahalbidetzea. Horretarako, beren barne-jardueretan euskararen erabilera hazkorra pixkanaka-pixkanaka ahalbidetuko duten erabakiak hartu beharko dituzte toki-erakundeek. Horrexegatik, udalak horrela erabakitzen badu, euskara lan-hizkuntza izenda dezake derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna ezarria duten lanpostuetarako. Era berean, langile publikoen eta hautetsien ahozko eta idatzizko gaikuntza -prestakuntzaren bitartez- bermatzeko beharra izango dute toki-erakundeek.

Xedea da itzulpenen eta interpretazioen erabilera arrazional bat egitea toki-erakundeetan (21. art.). Dokumentuen euskaratzea saihestea beren errealitate soziolinguistikoaren ondorioz langileek euskara erabiltzen duten udaletan, gaztelera laneko hizkuntza duten beste eremu soziolinguistiko batzuetan egiten den bezalaxe (eta lan hori balioduna da erabat).

Helburu horretarako, dekretuak erakundeen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatu nahi du (40. art.). Honela, dekretua onartzen denetik aurrera bere harremanetan euskara erabiltzea erabaki duen udal batek beste erakunderen batera igortzen dituen dokumentu eta kopiak hizkuntza horretan igorri beharko ditu.

MAILAKAKO EGOKITZAPEN DIGITALA

Udal bakoitzak hartzen duen erabakiarekiko egokitzapena mailakatua izango da, baina dekretua onartzen denetik aurrera, Euskadiko udal guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte beren ofimatika-materiala euskaraz ere eskuragarri egon dadin (22. eta 23. art.). Honela, tokiko sektore publikoak erabiliko duen softwareak eta hardwareak, aplikazioek, Internet eta intranet sareek eta webguneak euskaraz ere egon beharko dute eskuragarri. Azken horrek, gainera, euskarazko bertsioa lehenetsi beharko du. Eta gauza bera dio dekretuak gailu automatikoetan grabaturiko mezu, telefono bidezko informazio-zerbitzu, bozgorailu, megafonia eta antzeko guztiei dagokienez. Euskarazko mezua izango da lehena (25. art.).

EUSKARA, UDAL ESKUMENA

Gaur onartutako dekretuak, gainera, euskararen sustapenaren arloan udalek dituzten eskumenak aitortzeko bultzada ematen du. Ondorioz, udalek egoki deritzeten laguntza, diru-laguntza edo zerga-salbuespen guztiak onartzeko aukera izango dute (58. art.) euskararen erabilera eta hedatzea bultzatzeko xedearekin. Hemendik aurrera, udalek hizkuntza-plangintzarako tresnak izan beharko dituzte, une bakoitzean egokienak diren neurriak, aldizkakotasuna eta emaitzen ebaluazioa ezartzeko.

TOPONIMIA

Dekretuaren bosgarren kapituluak udal toponimia eta bide eta zerbitzuen seinaleztapena arautzen ditu. Eremu horretan, botere publiko ezberdinen eta Euskaltzaindiaren eskumenek eta ardurek eragiten dute. Euskal Autonomia Erkidegoko antolamenduaren baitan toponimiaren gaia lantzen duen lege izaerako xedapen bakarra Euskararen Erabilpena Normalizatzeko Legea da. Arau horrek adierazten du lurraldeen, udalerrien, biztanleria-erakundeen, istripu geografikoen, hiri-bideen eta, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko toponimoen nomenklatura ofiziala Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek edo udalek ezarriko dutela, bakoitzak bere eskumenen esparruan.

Dekretu berriak aldundien eta udalen eskumen diren toponimoak zehazteko eta aldatzeko prozeduraren oinarrizko arauak zehazten ditu, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko toponimoak onartu eta ofizial egiteko prozedura oso bat ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Izendegi Geografiko Ofiziala sortzen du, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikitako erregistro publiko gisa, eta bertan inskribatuko dira Euskadiko toponimo ofizialak. Dekretuak dioenez, izen ofizialen inguruko gatazkaren bat sortuko balitz toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean, azken honek ebatzi beharko du gaia Euskaltzaindiaren irizpena jaso ondoren.