Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak Guardian eta Donostian eskainiko ditu kontzertuak egunotan

Bartzelonan2.JPG

2019.eko apirilak 25

  • EIJOk aurten joko duen errepertorioak euskal musika tresnak txertatzen ditu: alboka, txistua eta trikitia

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra – EIJO osatzen duten musikari gazteei iritsi zaie talentua erakusteko unea. Joan zen martxoan egindako entseguen ondotik, eta Aste Santuko opor hauetan Bilbon egiten ari diren egonaldi eta kontzentrazioa burutu ostean, jazz orkestra gazteak datozen egunotan eskainiko ditu kontzertuak. Euskadiko musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleek bihar arratsaldez joko dute Guardiako (Arabako Errioxa) Plaza Nagusian, eta larunbat eguerdian berriz, Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan.

Aurten EIJOk dakarren errepertorioaren ezaugarri nagusia honako hau da: euskal musika tresnak txertatuko dituela jazz bandan: alboka, trikitia eta txistua. Carlos Sagi konposatzaileak (2018ko EIJOren konposatzaile egoiliarrak) horretarako egin dituen moldaketak estreinatuko dira aipaturiko kontzertuetan. Roberto Pachecok jarraituko du zuzendari lanetan. 

Zer da EIJO?

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra – EIJO, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatu eta 2014-2015 ikasturtean sorturiko hezkuntza-proiektua da. Euskadiko Musika Eskola eta Kontserbatorioetan musika-prestakuntza jasotzen ari diren 14 eta 19 urte bitarteko ikasleak biltzen ditu. Proiektuaren helburua da, gazte horien artean musika modernoa sustatzea eta lantzea, jazz bertsioan. EIJOren oinarrizko taldea Jazz Big-Band bati dagokiona da, 25 ikasle ingururekin, haize-egur, haize-metal eta perkusio instrumentuekin. Bandako kideak urtero berritzen dira, sarrera probak gainditzen dituzten gazteekin.

Kontzertu-egitaraua:

(Konposizioak eta egileak)

TUNIN´IN   --   WOODY HERMANN

COTTON CLUB STOMP  --        DUKE ELLINGTON, JOHNNY HODGES eta HARRY CARTNEY

SENTIMENTAL JOURNEY  --    BUD GREEN, LES BROWN eta BEN HOMER

WHATEVER LOLA WANTS --    RICHARD ADLER eta JERRY ROSS

 

Benny Golson maisu handiari omenaldia:

WHISPER NOT  --     BENNY GOLSON 

HAVIN´SOME FUN -- BOB MINTZER

SON OF A PREACHERMAN --  RONNY WILKINS, JOHN HURLEY

 

Carlos Sagi konposatzailearen estreinaldiak:

HEGI --   moldaketak: CARLOS SAGI

ENE IZAR MAITIA -- moldaketak: CARLOS SAGI

ARRATIA  --  moldaketak: CARLOS SAGI