Euskadiko hiru maila instituzionaletako profesionalak prestatzen ditu IVAP-ek kontratazio publikoan

2019.eko azaroak 13

  • Bilboko Euskalduna Jauregiak gaur eta bihar hartuko ditu jardunaldi hauek, IVAP - Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatuak. Bertaratuek gaian aditu direnekin batera aztertuko dute kontratazio-sistema publikoen etengabeko eboluzioa

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Maite Iruretagoienak inauguratu dituzte gaur “Europatik datorkigu-eta: XXI. mendeko kontratazio publiko estrategikoa” jardunaldiak, IVAPek antolatuak EIPA European Institute of Public Administration-ekin lankidetzan.

Jardunaldietan, gaur egun sektore publikoan kontratazioak izaten ari diren etengabeko aldaketa-prozesua aztertuko dute. Jarduera ekonomikoaren, finantzarioaren eta merkataritzakoaren eboluzioa, administrazio elektronikoaren erronkak eta gidalerro komunitarioetara etengabe egokitu behar izatea dira, beste alderdi batzuen artean, kontratazio publikoari buruzko jurisprudentzia azken urte hauetan hainbeste aldatu izanaren eragileak.

Hala, XXI. mendeko kontratazioaren aurrean ekiteko moduei buruzko ikuspegi bat eskainiko du topaketak. Arlo honetako adituek gai desberdinei helduko diete, besteren artean: jurisprudentzia berria, aldeen betebeharrak, praktika onenak kontratazio publiko estrategikoan eta azken berritasunak kontratazio publiko eutsigarriaren arloan.

HIZLARIAK

Jardunaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dira eta 100 profesional baino gehiago hartuko dituzte, Euskadiko hiru maila instituzionaletako kontratazio-arlo eta zerbitzuetakoak.

Gaurko egunean jardunaldira bertaratzen direnek kontratazio publikoen errealitatea aztertuko dute, besteren artean, ondokoek emango dituzten ponentzien bitartez: Gracia Vara, EIPAko aditua Bartzelonan; Javier Vázquez, aholkularia kontratazio publikoan; Oscar Roca, Catalunyako iruzurraren aurkako bulegoko zuzendaria; Maite Basabe, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoko Aholkularitza Batzordeko Aholkularitza Juridikoaren eta Idazkaritza Nagusiaren arduraduna; María Begoña Arroitajauregi, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratazio Baliabideen Administrazio organoko titularra; eta Santiago Valencia, Galiziako Autonomia Erkidegoko Kontratazio Publikoko Administrazio Auzitegiko presidentea.

Bihar, ondokoek emango dituzten ponentziekin jarraituko du topaketak: Martin Unfried, Maastricht-eko Unibertsitatekoa; Gorane Ibarra, IHOBEko proiektu-burua; Harald Vesteeg, aholkulari aditua Holandako gobernuko kontratazio publiko jasangarrian; Francisco Blanco, kontratazioan aditua; eta José María Gimeno, Zaragozako Unibertsitateko katedraduna. Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazioko zuzendari David Álvarezek itxiko ditu jardunaldiak.