Euskadik, legegintzaldia amaitu aurretik, zaintzaile ez-profesionalen Estrategia izango du

P035049003401-707143.jpg

2019.eko abenduak 13

  • Beatriz Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean, halaber, etxeko 10.200 langilek baino gehiagok profesionaltasun-gaikuntzak eskuratu dituztela iragarri du.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuak Legebiltzarrean iragarri du legegintzaldia amaitzen denerako Euskal Autonomia Erkidegoko zaintzaile ez-profesionalen bizi-kalitatea bermatuko duen estrategia soziosanitarioa egongo dela onetsita.

Eusko Legebiltzarraren kontroleko osoko bilkurean esan duenez, EH Bilduk zaintzen eremuan erakundeek beren gain hartu behar dituzten erantzukizunei buruz eginiko interpelazioari erantzuteko, sailburuak esan du estrategia hori adinekoekin beraiekin, zaintzen dituztenekin eta eremu honetan lan egiten duten profesionalekin ari dela diseinatzen, parte hartzeko prozesu zabalaren bidez.

Aurretiko azterlanaren helburua da euskal etxe askotako errealitate hori ezagutzea; izan ere, pertsona asko daude Euskal Autonomia Erkidegoan adinekoen zaintzaile-lanetan, bai eta adineko asko ere.

10 urtean, euskal biztanleen erdiak 55 urte baino gehiago izango ditu, eta % 10ek (200.000 pertsona) 80 urte baino gehiago, eta ez da belaunaldi-txandakatzerik aurreikusten; beraz, zaintza funtsezko gaia izango da etorkizuneko gizartean.

Gaur egun, 217.171 euskaldunek zaintzen dituzte adinekoak eta, haietatik, ia % 80k modu ez-profesionalean egiten du, etxean. Kolektibo horren gehiengoa, % 70, emakumea da.

Hala, estrategiak, Artolazabal sailburuak azaldu duenez, zaintzaileei laguntzeko pertsona eta zerbitzuen inbentarioa ekarriko du, bai eta haiei arreta emateko neurri eta planei buruzko nazioarteko analisia ere.

 “Estrategia horren bidez, gure helburua, halaber, zaintzaileek gizarte osoaren ongizateari egiten dioten ekarpena ezagutzea da.  Ekarpen hori kuantitatiboki ordezkatzea oso zaila izango litzateke, eta kualitatiboki ordezkatzea, ezinezkoa. Jakina da mendeko pertsonek beti erakutsi izan dutela nahiago dutela beren ohiko ingurunean beren laguntza-sare informalekin jarraitzea. Europar Batasunerako eginiko azterlan batek gomendatzen du etxeetako arreta lehenestea, zahartzen diren pertsonak beren betiko ingurunean ahalik eta denbora gehien bizitzen jarraitu ahal izateko", esan du Beatriz Artolazabalek.

Elkarrekin Podemos taldeak etxeko langileen kolektiboari buruz eginiko beste interpelazio bati erantzuteko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak esan du bere Saila legegintzaldi honetan 10.200 gaikuntza baino gehiago egiten ari dela mendeko pertsonei arreta emateko eta zaintzaile eta gerokultoreen kategoria profesionaletan lanean ari diren pertsonentzat.

“Prestakuntzaren eta profesionaltasun-ziurtagirien bitartez –esan du Beatriz Artolazabalek–, beren lanaren balioa nabarmentzen da, eta ahalik eta modurik profesionalean egiten da; halaber, gehienbat emakume migratzaileek osatzen duten kolektibo horrentzako gizarte- eta soldata-aintzatespen handiagoa sustatzen da”.

Lanbide-gaikuntza horiek egiaztatu eta ebaluatzeko epea 2022ko abenduaren 31n amaituko da.