Euskadik eta Galesek harremanak estutu dituzte osasun arloan

2019.eko uztailak 10

Nekane Murga Osasuneko euskal Sailburuak Galesera bidaiatu du gaur. Ministro Nagusiarekin eta Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako Ministroarekin batzartuko da bertan 

Osasun arloko ikerketari eta Lehen Mailako Arretari dagokienez bi herriek garatzen duten lankidetzan sakontzea da Cardiffera egindako bisitaren xedea

Nekane Murga sailburua buru duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ordezkaritza batek Galesera bidaiatu du gaur, Euskadik eta aipatu herrialdeak osasun arloari dagokionez orain urtebete sinatu zuten aldebiko hitzarmenaren baitan garatzen duten lankidetzan sakontzeko xedearekin.

Bihar arte luzatuko den bisita ofizialean zehar, euskal Osasuneko sailburu Nekane Murgak Administrazio eta Finantziazio Sanitarioko Sailburuorde Fátima Ansotegi, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendari María Aguirre eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendari Mikel Sánchez izango ditu alboan.

Nekane Murga Sailburuak lan-bilera bana izango ditu Galesko Ministro Nagusi Carwyn Jones eta Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako Ministro Vaughan Gethingekin. Biharamunean, Lehen Mailako Arretaren eraldatzeari eta balioan oinarritutako osasun-arretari buruzko zenbait hitzaldi entzun eta Lehen Mailako Arretako Galesko ereduaren adibide bat bertatik bertara ikusteko aukera izango du.

Eusko Jaurlaritzeko Osasuneko Sailburuak, halaber, Euskadiko Lehen Mailako Arretarako Estrategiaren ezaugarri nagusiak azalduko dizkie Galesko bere homologoei. Estrategiak asistentzia-maila hori sendotu nahi du euskal gizarteari zerbitzu hobea eskaini eta, halaber, bere profesionalei antolakuntza hobea eskaini ahal izateko.

Nekane Murgaren hitzetan: “bisita honetan gure euskal eredua erronka berdintsuak dituzten Europako eredu ezberdinekin kontrastatuko dugu. Ondorioz, oso interesgarria da ideiak eta esperientziak partekatu ahal izatea Euskadiko Lehen Mailako Arreta sendotzen eta hobetzen jarraitzeko”.

Ikerketa eta berrikuntzari dagokionez, bestalde, EIP-AHA Zahartze Aktiborako eta Osasuntsurako Europar ekimenaren barruan ematen den Reference Site aitortza jaso duen zortzi eskualdeetako gat da Gales, Euskadi bezalaxe. Eremu horretan, osasun arloko emaitzek neurtzearen eta pazienteen iritzia aintzat hartzearen aldeko apustua partekatzen dute Galesek eta Euskadik.

Gales bere biozientzien arloa garatzen ari da ere. Zentzu horretan, Euskadik RIS3 Espezializazio Adimentsurako Eusropako Estrategiarekin bat egiten duela eta biozientziak-osasuna I+G+B-rako inbertsioa kontzentratzen duten lehentasunezko hiru eremuetako bat dela azalduko die Osasuneko Sailburuak.

Osasun Sailak apustu orokor horri egiten dion ekarpena Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Estrategiaren bitartez gauzatzen da, zeinak aurreikusitako ekintzen % 90 abian edo ezarrita baitituen. Nekane Murga sailburuaren arabera, “I+G+B funtsezko instrumentu bat da gizarteriaren osasun-arloko emaitzak hobetu, osasun-sistema eraldatu eta Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko”.

Azken urteotan Euskadik harremanak estutu izan ditu Galesekin, Euskadi Basque Country 2020 Nazioartekotzeko Esparru Estrategiako eskualde estrategikoetako bat baita. Euskadiren eta Galesen arteko Elkar-ulermenerako Memoranduma sinatu eta urtebetera dator Murgaren bisita. Euskal sailburuak aiderazi duenez “lankidetza oso aberasgarria da, osasun-arloko emaitzak eta biztanleriaren ongizatea hobetzeko bi herrialdeek duten interesaren emaitza”.