Euskadik diskurtso partekatu bat eta irudi bateratu bat sendotu ditu erronka migratzaileei positiboki erantzuteko eta demagogia populistari aurre egiteko  

2019.eko azaroak 30

  • Euskal gizarte-erakunde eta instituzio guztiek adostu dute migrazioarentzako harrera eta integraziorako esparru bat bere adierazpen desberdinetan
  • “Zer nahiko genuke jaso migratzaile, errefuxiatu… baten azalean egongo bagina? Hau da itun honek gure burua kokatzera gonbidatzen gaituen lekua”
  • “Erantzun egoki bat araubidezko betebehar bat da, etika demokratikoaren dimentsio bat du eta gizarte baten gaitasun solidarioa definitzen du”
  • “Aurrerabidearen alderdi bat eskaintzen du: euskal gizarteak immigrazioa behar du laneko eta demografiako bere premiei erantzuteko”
  • “Xenofobiaren edozein erabilera populistaren aurrean konpromisoa hartzen dugu batasun bat mantentzeko, gehiengo demokratikoaren pisuari eraginkortasuna emango diona”

Gaur, larunbatean, azaroaren 30ean, Migraziorako Euskal Itun Soziala aurkeztu da Lehendakaritzaren egoitzan izan den ekitaldi batean, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru zela, Beatriz Artolazabal sailburuarekin batera, eta migrazioaren fenomenoekin lotuta lanean diharduten euskal instituzioen eta gizarte-erakunde gehienen babesean. “Adostasuna eta batasuna erakusten dituen irudi bat da, garrantzi eta esanahi handikoa oraingoa bezalako testuinguru batean, kontuan hartuta migrazioaren gaineko mezu xenofobo, populista eta demagogikoen agerraldiak markatuta dagoela” azpimarratu du Lehendakariak.

Ekitaldiaren garapenean ordezkari sozialen eta instituzionalen ahotsak entzun dira. Bideoan grabatutako hainbat mezuk ondokoen iritziak jaso dituzte: Jose Angel Cuerda, Mikel Saiasola (Harresiak apurtuz), Martin Iriberri (Loiolaetxea), Jorge Perez de Heredia (Gurutze Gorria), Lhossayn Kouva, ekintzaile gaztea adingabe zenean Euskadira iritsia, Iñaki Williams, Gasteizko alkate eta EUDELeko presidente Gorka Urtaran, Araba eta Gipuzkoako Diputatu Nagusi Ramiro Gonzalez eta Markel Olano, Donostiako eta Bilboko alkate Eneko Goia eta Juan Maria Aburto, EUDELeko presidenteorde José Antonio Santano, Juan Trujillo (Gentes del Mundo), Nadeth Agirre, Orioko traineruaren patroia, Marta Macho, zientzialaria eta UPV-EHUko irakaslea, Karmele Jaio idazlea, Izaro abeslaria, Toch Saar IDKeko saskibaloi-jokalaria eta Toti Martinez de Lezea idazlea.

Ekitaldian ondokoek jardun dute: Nahia Díaz de Corcuera, Euskadiko Gurutze Gorrikoa; Maya Amrame, Biltzen-ekoa; Ousman Dramé, kirolaria; Filomena Abrantes, Afro Elkarteko presidentea; Patricia Barcena, CEAR-Euskadiko presidentea, Pablo Gonzalez, Sareen Sareko presidentea; eta Beatriz Marquínez, ZASekoa. Lehendakariaren jardunarekin amaitu da ekitaldia, eta berak xehatu du sinatutako itunaren edukia.

Jaso nahi genukeena eskaini” da Migraziorako Euskal Itun Sozialaren izena. Munduan edozein pertsona egon daiteke migratzera behartua. Gure arbasoetako askori gertatu zitzaien, guri gertatu ahal izango zaigu, edo gure seme-alabei gertatu ahal izango zaie. Horrekin lotuta, Urkullu Lehendakariak galdera bat planteatu du: “Zer nahi genuke jaso migratzaile, errefuxiatu edo egoera kaltebera batean den pertsona baten azalean egongo bagina? adierazi du Iñigo Urkulluk.

Hau da lekua, itun honek gure burua kokatzera gonbidatzen gaituen lekua” azaldu du Lehendakariak. “Kontua hau da, oinarrizko duintasun-baldintza unibertsalak definitzea, migratzaileak bagina jaso nahi genituzkeenak, hori bera eskaintzeko orain behar dutenei”.

Bere abiapuntuan, sinatutako Itunak adierazten duenez, “migrazioa ez da fenomeno koiuntural bat, errealitate estruktural bat baizik, munduan, Europan eta Euskadin. Erantzun egoki bat ematea betebehar bat da barneko eta nazioarteko zuzenbidean. Etika demokratikoaren dimentsio bat du, gizarte batek duen solidaritate- eta zibilizazio-gaitasuna definitzen dituelako. Jokoan jartzen da banakoaren eta taldearen erreakzioa babesgabe dagoen gertuko pertsona baten aurrean. Edo salba dadila ahal duenak inposatzen da, edo denon onura partekatzeko aukera sustatzen da”.

Giza aurrerabidea

Itunak hau jasotzen du, “migrazioaren erronkari zuzendutako erantzunak, dimentsio etikoaz eta araubidezkoaz gain, aurrerabidearen alderdi bat ere badu; dibertsitate kulturala integratzen eta positiboki aprobetxatzen jakin dutenak dira herrialde oparoenak. Horrekin lotuta, Lehendakariak azpimarratu duenez, “euskal gizarteak immigrazioa behar du laneko eta demografiako bere premiei erantzuteko”.

Itunaren testuan jasotzen denez, “Euskadik batasuna eta solidaritatea erakutsiz erantzun du migrazioaren erronkaren aurrean. Hala ere, ez dago populismo xenofobo baten mehatxutik aske, demagogiaren babesean egituratzeko eta zabaltzeko nahi bizia erakusten ari dela kontuan hartuta. Ugariak dira migratzailea mehatxu gisa aurkezten duten botere handiko diskurtsoak. Arrazakeriaz eta populismoz jositako faltsukeria bat, beldurra astintzetik etekin alderdikoia ateratzeko”.

Bere jardunean Itun hau definitzen duten konpromisoetako bat nabarmendu du Lehendakariak: “Mezu xenofoboak erabilita politikan eta hauteskundeetan abantaila lortzeko edozein asmoren aurrean, konpromisoa hartzen dugu batasun sozial eta politiko bat mantentzeko, gehiengo demokratikoaren pisuari eraginkortasuna emango diona”.

Konpromiso partekatu batean oinarritzen da Ituna. Esparru horretan, Urkullu Lehendakariak bi ideia nabarmendu ditu: “beste eragile batzuekin lankidetza indartzen jarraitzeko konpromisoa EB osoan instituzio estatalekin eta europarrarekin erantzunkidetasun-printzipioa bultzatzeko. Eta, bestetik, Euskadin lankidetza defendatzen eta praktikatzen jarraitzeko konpromisoa instituzioen eta gizartearen artean. “Eremu horrek beste edozeinek baino gehiago behar du lankidetza. Elkartzen gaituena bateratzea”.

Bere jardunean Itunean jasotako edukiaren alderdi nabarmenetako batzuk nabarmendu ditu Lehendakariak: “migrazioaren erronka berriak interpelazio etiko bat dira, zeinak eskatu egiten dituen solidaritatea, ez diskriminazioa eta populazio immigrantearen eta autoktonoaren eskubideak eta betebeharrak berdintzea, eta gure gain hartzen dugu hori konpromiso partekatu batekin”. 

Integrazioa

Ildo horretatik, itunak adierazten duen babes irmoa adierazi du, “hezkuntza- eta gizarte-politiken unibertsaltasunaren alde eta eskubideen eta betebeharren berdintasun-esparru batean prestakuntzarako sarbidea eta gizartean eta lan-munduan integratzeko bideak mantentzearen alde”. Ikuspegi beretik nabarmendu du zein garrantzi handia duen sustatzen jarraitzeak “hezkuntza-gune inklusiboak bizikidetzarako balio estrategiko gisa. Errealitate desberdinak partekatzea, elkar ezagutzea eta elkarri estimu izatea pedagogia erabakigarri bat da gure ikasleen sozializazio-prozesuan”.

Urkulluk gogora ekarri duenez, “dibertsitatea gure historiaren eta gure identitate kolektiboaren funtsezko alderdia da. Kultura eta jatorri desberdinetako pertsonek osatutako gizarte bat defendatzen dugu, kulturarteko pluralismoaren balioekin konprometitua, herritartasun inklusibo bat eraikitzeko”.

“Azken batean —esanez amaitu du Lehendakariak— gurea da bizikidetzaren kultura bat partekatzeko erabakia, solidaritatean, erantzunkidetasunean, pluralismoaren, giza eskubideen eta berdintasunaren defentsan, eta edozein arrazismo- edo diskriminazio-moduren gaitzespenean oinarritua”.

  • Oharra: Une honetatik aurrera irekitzen da epea Itunarekiko atxikimenduak jasotzen jarraitzeko. Eskuragarri dago horretarako web-orri hauek:

http://www.euskadi.eus/migraziorako-euskal-itun-soziala-elkarbizitzaren-aldeko-konpromezua/web01-s2enple/eu/

Eranskina