Euskadik Bultzatu 2050 onartu du, hurrengo 30 urterako hirigintza-garapenaren agenda (Gobernu Bilera 2019-11-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 19

  Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak Bultzatu 2050 Euskadiko Hiri Agenda berriaren onarpenaren berri eman du gaurko Gobernu Kontseiluan. Agiri horrek Euskadiren garapena zehaztuko du hurrengo 30 urterako, hainbat arlotan: ingurumena, lurzoruaren erabilera jasangarria, hiri-habitata, energia, ekonomia-jarduera eta enplegua, mugikortasuna eta garraioa, trantsizio digitala, bizi- eta osasun-kalitatea, gizarte-inklusioa eta, guztia laburbilduz, gobernantza.

 Hiri Agenda parte-hartze lan luze baten fruitua da eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako sailen eta administrazioen koordinazioa ez ezik, askotariko eragileek lagundu dute: unibertsitateak, teknologia-zentroak, enpresa pribatuak, gizarte-taldeak eta GKEak, sindikatua, klusterrak, baita nazioarteko erakundeak ere.  Bultzatu 2050ek guztiz bat egiten du Europako Hiri Agendarekin eta, NBE-Habiten bidez, NBEk zehaztutako Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJHekin), bereziki (Hiri eta Komunitate Jasangarriei buruzko) 11. helburuarekin.  

Euskadiko Hiri Agendaren azken helburua da “hiri eta herri inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak” lortzea, “inor eta lekurik atzean utzi gabe”. Puntu ahulenei erreparatzen die, aldeak gainditu eta orain egon daitezkeen desorekak hobetzeko. Agiriak Euskadiko biztanleriaren gutxienez % 80ren gainean du eragina, horiek bizi baitira dagoeneko hiri-inguruneetan.

 Bide-orri honen garrantzia ikusita, hurrengo astean, Euskal Hiria kongresua egingo da Donostiako Kursaalean (hilak 25, astelehena, eta hilak 26, asteartea), Hiri Agenda ardatz nagusi hartuta. Bertan, gizarte-arloan zein ekonomia eta ingurumenean proposatzen diren ekintzak aletuko dira.  

Agendak zahartze, langabezi, errenta apal eta etxebizitza zaharrei buruzko askotariko gaiak aztertzen ditu. Gainera, baliabideen ingurumenaren alderdiari ere erreparatzen dio, alegia, energiaren, lehengaien menpekotasunari (Euskal Autonomia Erkidegoan, % 93ra heltzen dena); edo elikagaien buruaskitasunari (EAEk kontsumitzen dituen nekazaritza-produktuen % 19z hornitzen baitu bakarrik bere burua); hondakinen kudeaketa, edo klima-aldaketarako egokitzapenari, zenbait arrisku-egoera gerta baitaitezke, batez ere kostaldean.

 Aldi berean, Eusko Jaurlaritza dagoeneko ezartzen ari da ekintza-planak, adibidez, auzo babesgabeenetan esku hartuz; izan ere, horietan biltzen da biztanleriaren % 31. Oraindik orain 1,7 milioi euro jaso ditu Europako Batzordearen Horizon2020 programatik Opengela proiekturako, hiria berroneratzekoa, eta bi probatan ekin zaio dagoeneko, Otxarkoaga (Bilbo) eta Txonta (Eibar) auzoetan.