Euskadi, Nafarroa, Aragoi eta Pirinio Atlantikoek mugaz gaindiko mapa argitaratu dute, ingurune naturala, demografia eta komunikazioen inguruko informazioa jasotzen duena

Sin_t_tulo.jpg

2019.eko apirilak 09

  • Lau erakundeetako talde teknikoek elkarlanean garatu dute DATAPASS tresna, lurralde-antolamendu eta hiri-sistemaren tresna, eta Txingudi eta Portaleten arteko pirinioen espazio geografikoa barne hartzen du

Nafarroa, Euskadi, Aragoi eta Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamenduetako hainbat zerbitzu publikoetako talde teknikoek gaur argitaratu dute DATAPASS tresna (inprimitutako formatuan eta https://goo.gl/oQyDzf webgunean dago eskuragarri). Mugaz gaindiko mapa da, eta lau erkidegoetako pirinio espazio osoaren kartografia barne hartzen du. Tresna horrek testuinguru fisiko eta ingurumen-testuinguruaren deskribapena eskaintzen du, baita bertako lur eta tren bidezko komunikazio-sarearen bidezko konektibitatea ere, eta, batez ere, biztanleriaren banaketa eta dentsitateari, dinamika demografikoei eta zahartzeari  buruzko datu xeheak, hiri-sistemaren ezaugarriak eta lurraldearen okupazioa, besteak beste.

Mapen informazioa eta horien irakurketa dinamiko eta interaktiboa bereziki azpimarragarria da, esku hartzen duten lau komunitateen arteko lankidetza-harremanen baitan dauden arduradun politikoentzat, baita erakunde horietako teknikarientzat ere, Pirinioetako bi aldeetan lurraldearen antolamenduan eta hirigintza-plangintzan politika publikoak definitzen dituztenentzat. Gainera, eragile pribatuentzat ere interesgarria izan daiteke, mugaz gaindiko ekimenak sustatu eta garatzeko.

Tresnak eta mapek, azken batean, Irun-Hendaiako Txingudi badiatik Portalet mendi-leporaino doan pirinio-geografiaren espazio handiaren hiri- eta lurralde-sistemaren datuak ikusi eta alderatzeko aukera ematen dute, eta horren baitan daude Nafarroa, Euskadi eta Aragoiko autonomia erkidegoetako lurraldeak eta Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamenduak. Espazio horrek, bere osotasunean, 58.000 kilometro karratuko azalera du, eta 4.680.000 biztanle bizi dira.

Mapen irakurketa dinamiko eta interaktiboa

DATA PASS tresna “story map” batekin osatzen da eta mapak dinamikoki eta interaktiboki irakurtzeko aukera ematen du. Horien artean, azpimarratzekoak dira biztanleriaren banaketa eta dentsitateari buruzko mapak, azken bi hamarkadetako hazkunde eta txikiagotzeari buruzko datuak, biztanleriaren batez besteko adinaren piramideak eta bilakaera, eta lurraldearen okupazioari buruzko datuak. Halaber, tresnak bestelako erreferentziak ere eskaintzen ditu, hala nola, espazio horretan gurutzatzen diren hiru eskualde biogeografiko alpetar, mediterraneo eta atlantikoko ezaugarri fisikoak eta ingurumen-ezaugarriak, baita errepide edo trenbide bidezko komunikazio-sareak ere.

Mapak osatzeko zerbitzu teknikoen arteko lankidetzan honako hauek parte hartu dute: Lursarea, Nasuvinsan integratutako Lurralde eta Iraunkortasunaren Agentzia, Nafarroako Foru Erkidegoaren aldetik; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundia Euskadiren aldetik; Aragoiko Institutu Geografikoa eta  Agence d’Urbanisme Atlantique & Pyrénées eta Communauté d’agglomération Pays Basque Pirinio Atlantikoetako Frantziako Departamenduaren aldetik.

Elkarlanean egindako lanaren helburua da “lurraldearen ezaguera partekatua sustatzea eta muga aukerarako espazio bihurtzea”, DATAPASS sortzen esku hartu duten teknikariek diotenez. Hautemana zuten “ez dagoela mugaren alde bakoitzaren datuen arteko elkarrekikotasun edo alderakotasunerako modu sistematizatua bermatuko duen prozedurarik, ezta dinamika geografikoaren moduko oinarrizko gaiei buruzkorik ere”.

Datu eta geruzak udalerri mailan homogeneizatzea

Hori dela eta, erakundeetako zerbitzu teknikoek udalerri mailako datu eta geruza geografikoak homogeneizatu dituzte, egun urriak eta partzialak direlako. Hala, mugaz gaindiko espazio horren eta alderatu daitekeen irakurketa egin ahal izango da. Hortaz, DATAPASS tresnak mugaren bi aldeetako geografia- eta hirigintza-testuinguruaren ikuspegi globala eskaintzen du, datu horiek kontuan har daitezen, komunitate edo udalerrietatik, hirigintza-plangintza edo lurraldearen antolamendurako politikak diseinatzerakoan.

Lan hori mugaz gaindiko behatokia eraikitzeko lehenengo urrats gisa uler daiteke, Pirinioen Konferentzia Atlantikoari lotuta. Organismo hori 2007ko martxoaren 1ean eratu zen, mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko. Nafarroako eta Euskadiko Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Frantziako hainbat erakundek osatzen dute: Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriak eta Frantziako Estatuak, Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren bidez.