Euskadi Lagunkoiak "Etxebizitza lagunkoierako gida" argitaratu du eta, hartan, bizitzan zehar egon daitezkeen beharretara egokitzeko aholkuak jaso dira

2019.eko uztailak 04

  • Etxe prestatua funtsezkoa da hartan bizi direnen segurtasunerako eta ongizaterako, eta autonomia-kota handiagoetarako aukera ematen du
  • Gidan, egonaldi bakoitza eratzen duten elementuei buruzko aholku eta gomendioak jaso ditu; horietako askok ez du kostu erantsirik

VG 04 07 19

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak, gaur goizean, prentsaurrekoan, "Etxebizitza Lagunkoierako Gida" aurkeztu dute. Gida Euskadi Lagunkoia Sustraietatik sareak prestatu du, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren lankidetza izan du.

Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu du gida “zahartzeko prozesuan dauden nagusiei” zuzentzen zaiela, “bai eta gainerako pertsona guztiei ere, izan ere, zahartzea bizitza osoko kontua da”. Dokumentuak “informazio erraza eta erabilgarria” ematen du, familia bakoitzak bere etxean une jakin batean zahartzearen ondoriozko egoeretan izan ditzakeen beharrak balioesteko. “Proposamenetako batzuek ez dakarte kostu erantsirik, baldin eta denborarekin aurreikusten badira; alegia, guztiok izan behar dugu kontziente gure etorkizuneko beharrak eta egungoak desberdinak izan daitezkeela”, esan du sailburuak.

Iñaki Arriola sailburuak honako hau esan du: “etxebizitzan gure bizitzako zati oso garrantzitsua ematen dugu, eta funtsezkoa da pertsona guztientzat, are gehiago nagusientzat. Horregatik da garrantzitsua gure beharretara egokitzea; izan ere, denborak aurrera egin ahala, gure etxeak aliatu onak izan daitezke edo etsai nagusienak”.

Aurreikuspena

Gidan, egoera zehatzak jaso dira, besteak beste, etxean gurpil-aulkia erabiltzeko beharra. Baina, halaber, gomendio orokorrak ere ematen dira, esaterako, altzariak jartzeko, energiaren kontsumo eraginkorrerako edo barnean tenperatura mantentzeko.

Jarraibide horien bidez, etxe bakoitzean ahalik eta baldintza osasungarrienei eutsi nahi zaie. Gainera, oraindik gertatu ez diren beharren gaineko kontzientzia eragin nahi da, besteak beste, bainuontzia kendu eta dutxa jartzea, izan ere, etorkizunean egon daitezke behar horiek. Hori dela eta, etxeko erreforma partzialari edo osoari aurreikuspenetatik abiatuta ekin nahi diotenentzako tresna erabilgarria ere bada.

Nahiz eta gomendioetako askok ez dakarten kostu handirik, dokumentuak gaur egun euskal administrazioek etxebizitza egokitzeko eskaintzen dituzten laguntzen laburpena eta horietara jotzeko modua ere jaso ditu.

Autonomia gehiago

Gida Euskadi Lagunkoia Diagnostikoaren emaitza gisa osatu da; bertan, etxebizitza lurraldearen lagunkoitasuna hobetzeko lehentasunezko alderdietako bat bezala jaso zen, izan ere, etxebizitza lagunkoia funtsezkoa da bertan bizi diren pertsonen segurtasunerako eta ongizaterako. Hori horrela, askok nahi dute etxean zahartu.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau nabarmendu du: “etxebizitza egokian, erosoan eta behar pertsonaletara egokituta dagoen etxean bizitzea autonomiari eta bizi-kalitateari eusteko bermea da”. Etxebizitza lagunkoia pertsona guztiek erraz erabili ahal izateko etxebizitza da; horrela, pertsonek bizitzan zehar izan ditzaketen beharrei erantzuten zaie. Gaitasunak aldatu edo murriztuta ikusten badira, erraz eta kostu handirik gabe aldaketak egin ahal izateko moduko etxebizitza.

Gida ataletan banatzen da, etxebizitza egituratzen duten gelen arabera (logela, sukaldea, komuna, egongela etab.), eta horietako bakoitzaren elementuei buruzko aholku eta gomendioak jaso ditu. Gainera, energia aurrezteko moduari buruzko atala edo etxebizitzan egokitzapenak egiteko laguntzen direktorioa ere jaso ditu. Azkenean, galde-sorta bat ageri da, pertsona bakoitzak bere etxea nola hobetu baloratu ahal izateko, egoera zehatz bakoitzaren arabera.

250 kopia elebidun argitaratu dira paperean, eta Euskadi Lagunkoia sareko udalerrien artean banatuko dira, eta Euskadi Lagunkoiaren webgunean esekiko da eta, bertan, PDF formatuan deskargatu ahalko da: www.euskadilagunkoia.net.

Gida prestatzeko, Euskadi Lagunkoia Sareak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiaren Termika Arloaren eta Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiaren Eraikinen Ikuskaritza Teknikoen eta Irisgarritasuna Sustatzeko Arloaren lankidetza izan du.

60 udalerri

Erkidegoko 60 udalerri baino gehiagok parte hartzen dute Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarean. Ekimena Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, eta Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako “Age-friendly Environments Programme” ekimenean oinarritzen da. Ekimen horren bidez, nagusiek eta herritarrek, oro har, Euskadiko udalerrietako auzo eta hiri-inguruneak hobetzen parte hartzea sustatu nahi da.