Euskadi, autonomia-erkidego batek sustatutako Osasuneko Berrikuntza Teknologiko onenaren saria

2019.eko urriak 02

  • Saria esna dagoen pazientearekin eginiko garuneko kirurgiaren proiektuari eman diote; Osakidetzak eta Basque Center of Cognition, Brain and Language-k (BCBL) garatu dute proiektua
  •  Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak saria jaso du Madrilgo Sofia Erreginaren Musoan eginiko ekitaldian
  •  Saritutako proiektuaren bidez, sekuelak murriztu eta giza faktorea sustatu nahi da eta, horretarako, paziente bakoitzarekiko komunikazioan lan egin; halaber, helburu da ezagutza-funtzioen euskarri diren –zehazki hizkerarenak– garuneko sareei buruzko ezagutza sortzea
  •  Tecnología y Salud fundazioak eta Federación Española de Empresas de Tecnología Sanitaria (Fenin) federazioak osasun-teknologiaren eremuko bikaintasuneko ekimen, jarduketa eta ibilbideei ematen dieten ‘Teknologia eta Osasuna’ sarien 12. edizioa da

 

Esna dagoen pazientearekin egiten den garuneko kirurgiaren proiektuak autonomia-erkidego batek sustatutako Osasuneko Berrikuntza Teknologiko Onenaren saria jaso du; saria Tecnología y Salud fundazioak eta Federación Española de Empresas de Tecnología Sanitaria (Fenin) federazioak eman dute. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, María Aguirre Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariarekin eta Luis Castaño Biocruces Bizkaiko zuzendari zientifikoarekin batera, saria jaso du, gaur arratsaldean, Madrilgo Sofia Erreginaren Museoan eginiko ekitaldian.

Proiektua Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak garatu du, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIarekin eta Basque Center of Cognition, Brain and Language-rekin (BCBL) elkarlanean. Proiektua esna dagoen pazientearekin garuneko kirurgia erabiltzean oinarritzen da; teknika hori hizkeraren eremu sentikorretan edo beste gaitasun kognitibo batzuetarako beste eremu batzuetan garuneko tumoreak dituzten pazienteei ebakuntza egiteko erabiltzen da, eta helburu bikoitza du:

 

  1. Garunaren mapaketa zehatza egitea, garun-plastikotasunari eta garuneko sareen funtzionamenduari buruzko ezagutzan aurrera egiteko.
  2. Paziente bakoitzarentzako test bereziak eta pertsonalizatuak garatzea, bere egoera kognitiboa eta arlo adierazgarrietan espero den eragin-maila ebaluatzeko.

 

Segurtasuna bermatzeko eta sekuela neurologikoak gutxitzeko, kirurgian pazientea esnatzen da, muga lehorgarriak zehaztu ahal izateko eginkizunak betetzeko eta, horrela, mugitzeko ahalik eta funtzio gehien babesteko edo, bestela, aurretiko trebetasun bereziren bat gordetzeko (musika-interpretazioa, ezagutza zehatzak, hizkuntzak…).

Osasun sailburuak eskertu du, ikerketaren eta berrikuntzaren alde, eta alor publikoaren eta pribatuaren elkarlanaren alde Eusko Jaurlaritza eta Euskadi egiten ari diren apustua berresten duen saria:  “ikerketan, garapenean eta berrikuntza inbertitzea pertsonekin dugun konpromisoari erantzuteko beste modu bat dela irmoki sinesten dugu”, adierazi du. Hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2000n islatzen da. Izan ere, plan horren eginkizuna da “euskal gizartearen ongizatea, hazkunde ekonomiko iraunkorra eta enplegua hobetzea, espezializazio adimendunean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistemaren hobekuntzan oinarritutako ikerketa- eta berrikuntza-politika baten bitartez”.

Nekane Murgak honako hau nabarmendu du: “proiektua Euskadiko ikerketa-erakundeek Euskal Osasun Sistema Publikoko I+G+b arloko eragile eta erakundeekin eta kanpoko beste sare eta lankidetza-talde batzuekin duten lankidetzaren adibide argia da”.

Era berean azpimarratu du nolako garrantzia duten berrikuntzak eta ikerketak “osasun-arloko emaitzak hobetzeko, osasun-sistema eraldatzeko eta euskal gizartearen ekonomia- eta gizarte-garapenari laguntzeko emaitzak hobetzeko ezinbesteko tresna” gisa.

 

PROIEKTU BAKARRA GURE INGURUNE ZIENTIFIKOAN

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurokirurgia Zerbitzuan –Osakidetzaren Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIaren barruan dago–, garuneko tumoreak dituzten paziente ugariri ematen diete arreta. Esna dagoen pazientearekin arlo adierazgarrietan kirurgia egitean, gutxitu egiten dira sekuelak, giza faktorea sustatzen da, pazientearekiko komunikazioa landuz, eta ezagutza-funtzioen euskarri diren –zehazki hizkerarenak– garuneko sareei buruzko ezagutza sortzen da eta hobeto ezagutzen da garun-plastikotasuna.

Teknika eraginkorra da garuneko tumoreak dituzten pazienteetan; izan ere, luzatu egiten du haien biziraupena eta gaixotasunik gabeko aldia, eta bizi-kalitateari eusten dio.

 

Madril, 2019ko urriaren 2a