Euskadi Arku Atlantikoko Batzordearen burua izango da Europako lehentasunezko igarobideen amaiera bultzatzeko

2019.eko ekainak 05

  • Antonio Aiz sailburuordeak garraio arloko lan taldearen gidaritza hartu du, eta Herald Ruijters DG MOVEko Zuzendariarekin bildu da, TEN-T sarearen berrikuspena aztertzeko
  • Eusko Jaurlaritzak Hernialde-Zizurkil eta Zizurkil-Andoain tarteetako lanak amaitu ditu, dagoeneko enkomendaturiko Euskal Y-aren 17 tarteetatik 14 bukatuta
  • Aiz: “Gasteiz-Paris trenbide autopista eta Frantzia iparraldera (Dourges) doana dira errentagarrienak ekonomiaren ikuspuntutik, egunean 1.000 kamioi baino gehiago jasoko baitituzte”

Gaurtik aurrera Euskadi da Arku Atlantikoko Batzordeko Garraioetako lan taldearen burua. Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuak Bruselako Lurraldeen Batzordearen egoitzan egin den topaketan hartu du parte, eta bertara eraman ditu Euskadik arlo horretan dituen lehentasunak. Lau helburu ezarri ditu:

  1. RTE-Tko lehentasunezko igarobideen amaierari lehentasuna ematea eta trenbideko estuguneak, estatu barrukoak batez ere, ahalmenarengatik (Gaintzurizketa – Irun, adibidez), galiboarengatik (Hendaia – Dax tunelak) edo kargaren ezinbesteko hausturarengatik (trenbide zabalera desberdina Irun – Hendaian) sortzen direnak, desagerraraztea.
  2. Garraio aldaketa intermodala (modal shift) bultzatzea, Atlantikoko Trenbide Autopistaren garapena sustatzea, Dourgesetik Jundizera lehenengo fasean, eta ondoren Algecirasera eta Portugalera luzatzea.
  3. Trenbidea-portua konexioak bultzatzea, itsasoko eta trenbideko trafikoen arteko intermodalitatea sustatuz.
  4. Arku Atlantikoko eskualdeen eta lehentasunezko igarobideen arteko konexioa bultzatzea, Europako interoperabilitatearen beharretarako egokiak diren azpiegiturekin.

CRPMko Arku Atlantikoko Batzordeak, Atlantikoko eskualdeak ordezkatzen ditu, eta Estrategia Atlantikoaren (GEA) garapenean hartzen du parte, kide diren estatuekin (Portugal, Espainia, Frantzia, Erresuma Batua eta Irlanda) eta Europar Batzordearekin.

Kargua hartu ondoren, Antonio Aiz, Marta Marin Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen Ordezkariak lagunduta, D.G. Mobility and Transport-eko (MOVE) Herald Ruijters zuzendariarekin elkartu da. Topaketa horrek garrantzi berezia du, Europar Batzordea aurrera eramaten ari den TEN-T sarearen berrikuspena zuzenean aztertu ahal izan dutelako. Bi aldeak bat etorri dira azpimarratzean beharrezkoa dela “dagoeneko hasita dauden lehentasunezko sare proiektuak premiaz amaitzea, ezarritako aurreikuspenekin alderatuz atzerapen nabarmena daramate eta”.

Sailburuaren hitzetan, “oso kezkagarria da ikustea, estatuek Europako core sarearen amaierari lehentasuna emateko duten borondate urriaz gain, sare horretan eta sare osagarrian gero eta linea gehiago sartzeko duten etengabeko nahia”. Eusko Jaurlaritzaren iritziz ez du inolako zentzurik eraiki beharreko trenbideen esparrua zabaltzeak, aurretik lehentasunezkotzat definituta dauden korridoreak osatzeko ezintasuna erakutsi dutenean, izan ere, “estatuen interesak Europaren interesen gainetik jartzen dira, eta oinarrizko sarea ez da amaitzen”.

Europako lehentasunezko igarobideak

Igarobide Atlantikoa Europar Batasunak definitutako lehentasunezko igarobideetako bat da. Igarobidea gauzatzeko beharrezkoa da azpiegitura eraikitzea edo egokitzea, Europako estandarrekin bateragarria izateko, eta baita interoperabilitatea bermatuko duten mekanismoak ezartzea ere. Horien artean ERTMS izenekoa azpimarratu behar da. Muga arteko estuguneak ezabatzea da Europako Igarobideen garapenaren lehentasunezko beste helburu bat. Batzordeak 2030eko data ezarri du oinarrizko sarea edo core izenekoa zerbitzuan jartzeko, eta 2050ekoa sare orokorrerako (comprehensive).

Europar Batasunak CEF funts gehienak oinarrizko azpiegitura horietara bideratzen dituen arren, horien egikaritze praktikoak ez du aurrera egiten beharko litzatekeen abiaduran. Aizen hitzetan, “estatuen barne politiken lehentasunak dira, euren esfortzuak, lehentasunezkotzat definitutakoekin zerikusirik ez duten lineatara eta konexioetara bideratzen baitituzte”.

Aizek modu positiboan baloratu ditu “Errumaniak duen Europar Batasuneko egungo presidentziaren esfortzuak, Zuzentarau zirriborro baten bitartez core sarearen eta mugaz gaindikoen proiektuen izapidetzeari bultzada eman nahi baitie, estatuek administrazio prozedurak betetzeko dituzten epeak mugatuz”. Aizek, “Europar Batasunean zehar benetako trenbide jarraikortasuna bermatzearen aldeko” apustua egin du. Horrela, oinarrizko sarea osatu eta gero, inplikatutako eskualdeen eta estatuen beharrei erantzungo liokeen konexio sare osagarria planteatu ahal izango litzateke.

Pauso sendoak Euskaditik

Antonio Aizek iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak aste honetan amaituko ditu Hernialde-Zizurkil eta Zizurkil-Andoain tarteetako lanak, ministerioak errezepzionatu ahal ditzan. Beste mugarri garrantzitsu bat izango da Euskal Y-aren egutegian, horrela Bergara-Astigarraga ibilbideko 17 tarteetatik 14 osatuta geratuko direlako.

Sailburuordea pozik agertu da Gipuzkoako tarteko lanen “erritmo onarekin”, baina, azpimarratu duenez, “ezin gara erlaxatu. Orain lehentasuna euskal hiriburuetako sarbideetan dago, eta bereziki zorrotzak eta exijenteak izan beharko dugu. Oraindik amaitu gabe dauden prozedura administratiboak behar baino gehiago luzatzeak arduratzen gaitu”. Gehitu duenez, “superestrukturaren ezarpenari eta zerbitzuak izango duen ustiapenari buruz hitz egiten hasteko unea da”.

Gasteiz-Paris-Dourges trenbide autopista

Euskal terminala Jundizen duen eta Gasteiztik Parisera eta Lilletik gertu dagoen Dourgesera doan trenbideko autopista “ekonomiaren ikuspuntutik errentagarriena da”, Aiz sailburuordeak esan duenez. Egungo azterlanek erakusten dutenez, Gasteiz-Paris erlazioan eskuratu ahal izango litzatekeen trafikoa egunean 1.443 ibilgailu astunekoa izango litzateke, eta alderantzizko erlazioan eguneko 1.281 ibilgailu astunekoa. Bartzelona-Paris erlazioa da eguneko 1.000 kamioitik gora dagoen beste bakarra, baina Gasteiz-Parisekoaren azpitik. Gainerako guztiak, oso azpitik daude erakarri dezaketen trafikoari dagokionez.

Aizek adierazi duenez, helburua Euskadiren konektibitatea, lehiakortasuna eta egitura ekonomikoa hobetzea da. “Atlantiko osoan lehentasunezko posizio ekonomikoa geureganatzen ahalegindu behar dugu, izan ere, etorkizunean, euskal ekonomiarako aukerak zabalduko dituen merkantzia bolumenak zirkulatuko baitu”.

Euskadi agertoki berriaren eta laugarren trenbide paketearen aurrean

Europar Batasuneko herrialde guztiak, laugarren trenbide paketearen erabateko aplikazioarekin 2023an amaituko den atzeraezinezko prozesuan daude murgilduta, estatuetako barne bidaiarien trafikoan horrek ekarriko duen liberalizazioari dagokionez, batez ere.

Egoera  horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eskualdeetako gobernuek trenbide egituraketa berrian egin behar duten lana azpimarratu nahi du. Euskadiren kasuan, Euskotrenek, ETSk kudeatzen duen sarean lurralde, aldiri eta metropoli mailako zerbitzuak eskaintzeaz gain, Espainiako Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sarean aritzeko beharrezkoak diren tren lizentzia eta segurtasun ziurtagiriak lortu ditu. Horren barruan sartuko da eraikitzen ari den abiadura handiko euskal sarea.

Horren ondorioz, eta Euskal Y-a edo Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea eraikitzeko estatuaren aldetik jasotako agindu bitartez hartutako erantzukizuna gehituz, Eusko Jaurlaritzak legitimitate bikoitza du agertoki berriaren aurrean lehen mailako lekua betetzeko.

Aizen hitzetan, “asmoa ez da estatu mailako operadore historikoa ordeztea, sare berriak eta Trenbideko Laugarren Paketetik sortzen den legediak eskaintzen dituzten aukerak baliatzea baizik, Euskadiko hiru hiriburuak 30 minutuz behin intercity zerbitzuekin lotuz, azpiegitura berriari ahalik eta etekin gehien aterako dioten zerbitzu berriak zirkulazioan jartzeko, euskal gizarteari zerbitzu ona eskainiz”.

Gauzatu diren azterlanek erakusten dutenez, Euskadiko hiru hiriburuen arteko zerbitzuek urtean 4 milioi bidaiari inguruko eskaria izango dute. “Eusko Jaurlaritzak parte hartu nahi du euskal Y berrian eskainiko diren tren zerbitzuak martxan jartzeko orduan, azpiegituraren eraikuntzan egin duen bezala eta, ondorioz, eragile aktibo gisa aurkezten du bere burua”, adierazi du Aizek.