Europako Batzordeak "BROADBAND AWARDS 2019" saria eman dio Euskadiri, banda zabala hedatzen egindako lanagatik

premio_europeo_banda_ancha_PEBA2.jpg

2019.eko abenduak 04

  • Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáezek jaso du Europak banda zabal ultralasterreko konektibitateaz hornitzeko proiektu publikoen bikaintasunari ematen dion saria
  • Euskal erakundeek sakabanatutako landa-eremu eta industrialdeen gaineko inpaktu sozioekonomikoaren kategorian egindako lana azpimarratu du bereziki Europak

Europako Batzordeak GIGABIT SOCIETY izeneko ekimena zuzentzen du. Ekimen horren helburua Europan banda zabal ultralasterreko sareen eskuragarritasuna sustatzea da, 2025. urtera begira.

Telekomunikazio-operadoreek ez dute estaldurarik eskaintzen Europako eskualdeetako esparru geografiko osoan, inbertsioak errentagarritasunik handieneko eremuetan egin nahi izaten baitituzte. Hori dela eta, sakabanatuta dauden industrialde eta landa-eremu batzuk eta biztanlegune txiki batzuk banda zabal ultralasterreko zerbitzuen estaldurarik gabe daude.

Eta, kasu horretan, administrazioen jarduketek garrantzi berezia hartzen dute, industria osoak digitalizazioaren aldeko apustu irmoa egitea eta lurralde-orekari eta biztanleen –hiri-eremu batean bizi direnen zein landa-eremu batean bizi direnen– bizi-kalitateari eustea lortu nahi bada bederen. Landa-eremuetan kokatuta dauden enpresen lehiakortasunari eusteko eta deslokalizazioa saihesteko, banda zabal ultralasterreko sareen eskuragarritasuna industrialde handien baldintza beretan eta zerbitzu eta teknologia berdinekin (Big Data, Cloud Computing, Adimen Artifiziala eta abar) bermatu behar da.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiekin lankidetzan, Banda Zabal Ultralasterraren Euskal Behatokia sortu zuen (www.euskadibandazabala.eus). Bertan, Euskadiko banda zabaleko sareen egoera monitorizatzen da, eta euskarria ematen zaie administrazio publikoei eta operadoreei sare horiek hedatzeko proiektuetan.

Jarraipen horretan oinarrituta, eta operadoreek eremu horietan ez inbertitzeko aipatzen duten errentagarritasun “ekonomikorik” ezari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek 20 milioi euro baino gehiago bideratu dituzte azken urteetan operadoreei laguntzak emateko, sareak sakabanatuta dauden eremuetan, biztanlegune txikietan eta industrialdeetan heda ditzaten, ekimen pribatuak ez baititu sare horiek inguru horietan hedatuko.

Azken batean, inbertsio eta lankidetza publiko-pribatua behar izan da inguru horietako biztanleei eta enpresei banda zabal ultralasterreko sareen eskuragarritasuna bermatzeko.

Sare horiek hedatzeko, proiektu konplexuak egin beharko dira, zuntz optikoko sareak lurralde osoan zehar zabaldu beharko dira, eta, beraz, errepideak, ibaiak, mendi-eremuak eta abar zeharkatu beharko dira. Proiektu horiek ezinezkoak izango lirateke administrazioen (Eusko Jaurlaritzaren, aldundien, udalen eta haien mendeko erakundeen) eta laguntza-programak jaso dituzten operadoreen lankidetza gabe.

Horretarako, Euskadin “Banda zabal ultralasterreko sareak hedatzeko programen” hainbat deialdi egin dira, 450 enpresa-eremu edo poligonotara eta landa-eremuan sakabanatutako biztanlegune eta eremuetako 48.000 etxe baino gehiagotara iristeko asmoarekin.

Europako Batzordeak, premia eta zailtasun horiez guztiez jabeturik, lurralde-oreka bermatzeko eta banda zabal ultralasterrerako eskuragarritasuna orokortzeko ahaleginik handiena egiten ari diren eskualdeak saritu nahi izan ditu, eta, aurten, EUSKADI saritu du Europan “best practice” gisa identifikatuta dauden bost kategorietako batean. Zehazki, honako sari hau jaso du Euskadik: Socio-economic impact in rural and remote areas”.

EKITALDIA: EUROPEAN BROADBAND AWARDS 2019