Europako Batzordeak bikaintasun-ziurtagiri bat eman dio Euskadiri berrikuntzan oinarritutako zahartze aktibo osasungarriaren inguruko bere lanagatik

2019.eko irailak 27

  • Nekane Murga sailburuak osasunaren arloko Euskadiren esperientzia aurkeztu du Europako kongresu batean, 550 pertsona baino gehiagoren aurrean
  • Biztanleriaren zahartzearekin lotutako etorkizuneko erronkei aurre egiteko funtsezko 3 kontzeptu nabarmendu ditu: laguntzaren integrazioa, arreta soziosanitarioa eta sistemaren jasangarritasuna

Gaur, Nekane Murga Osasuneko euskal sailburuak etorkizuneko osasun-sisteman eskualdeek duten egitekoari buruzko eztabaida batean parte hartu du. Chamonixen (Frantzia) izandako Europako kongresu batean izan da. Bertan jakinarazi duenez, Euskadik Europako Batzordearen aldetik kalifikazio gorena eta “bikaintasunaren” aipamena jaso ditu, zahartze aktiboaren eta osasungarriaren inguruan egiten ari den lanagatik.

Sailburuaren ustez, horrek “Argi eta garbi islatzen du esparru soziosanitarioetan berrikuntzaren alde egin dugun apustuaren arrakasta. Aintzatetsi egin da gure instituzioen koordinazioa eta irmotasuna pertsonen beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko, baina, baita ere, garapen sozioekonomiko jasangarrian aurrera egiteko ere”.

Osasunaren inguruko kongresuan zehar, sailburuak defendatu duenez, eskualdeen autonomia “funtsezko alderdia da osasunaren arloan emaitzak hobetzeko”, eta “Euskadin osasunari buruzko datuek ideia hori baieztatzen dute”.

ETORKIZUNEKO ERRONKAK: FUNTSEZKO 3 IDEIA

Sailburuak adierazi du osasunaren esparruan etorkizuneko erronkak estu lotuta daudela biztanleriaren zahartzearekin eta aldaketa epidemiologikoekin: Euskadin, 65 urtetik gorako biztanleria % 20,2 da, Europako batezbestekoaren 3,5 puntu gainetik. Ildo horretatik, Nekane Murga sailburuak hiru kontzeptu hauek nabarmendu ditu: laguntzaren integrazioa, arreta soziosanitarioa eta sistemaren jasangarritasuna. Besteak beste, sailburuak nabarmendu du Euskadik, epe labur eta ertainean, berrikuntzaren eta medikuntza pertsonalizatuaren aldeko apustua egin behar duela.

 “Euskadin, arreta integratua errealitate bat da. Ez soilik kudeaketaren aldetik, baizik eta laguntza-mailan ere. Orain dugu garaia esparru soziosanitarioari modu eraginkorrean eta errealistan heltzeko. Erakunde arteko koordinazio-foroak ditugu eta pertsonentzako eguneroko arreta hobetzeko lanean jarraitu behar dugu”, azaldu du Nekane Murga sailburuak. Ildo horretatik, esan du lehen mailako arretak “funtsezko eginkizuna” duela agertoki honetan. Azkenik, Osasun saileko titularrak nabarmendu du Euskadi oinarriak finkatzen ari dela etorkizunean osasun-sistema jasangarria lortzeko, eta horretarako neurriak hartu dituela, hala nola zerbitzu-zorroak antolatzea eta sendagaien erabilera arrazionala ezartzea.

EUROPAKO KONGRESUA

Euskadik bere esperientzia ekarri du Europako kongresu batera (Convention On Health Analysis And Management), osasunaren, politikaren, gizartearen eta administrazioaren esparruetako bostehun bat eragileren aurrean. Sailburuak “eskualdeen eginkizuna etorkizuneko osasun-sisteman” hizpide izan duen mahai-inguruan parte hartu du.

EUROPAKO BATZORDEAREN “BIKAINTASUN-ZIURTAGIRIA”

Nekane Murga sailburuak jakinarazi du Euskadik “lau izar” eta “Bikaintasun Ziurtagiria” —Europako Batzordeak ematen duen sari gorena— jaso dituela, zahartze aktiboan eta osasungarrian berrikuntza bultzatzeagatik, zahartzen ari den biztanleriaren bizi-kalitatea hobetzeagatik, osasun- eta gizarte-laguntzaren prestazioa hobetzeagatik eta hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzeagatik.

Europako guztira 77 eskualde- eta toki-erakundek frogatu dute estrategia bat eta planak badaudela berrikuntza sustatzeko eta gizarte zahartu baten erronkei aurre egiteko. Lau izar zituzten sei tokik besterik ez dute jaso “bikaintasunaren aintzatespen berezia” saria: Euskadik, Eskoziako Gobernuak, Hann-eko eskualdeak (Herbehereak), Danimarkako hegoaldeak, Kataluniak eta Andaluziak.

Sailburuak gogorarazi du berrikuntza-proiektu horren buru Osasun Saila dela, baina proiektuak bazkideak biltzen dituela, hala nola: Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, hiru foru-aldundiak, Osakidetza, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Euskal Fundazioa (Bioef), osasun-ikerketako hiru institutuak (Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba), EHU, Deustuko Unibertsitatea, Matia Fundazioa, Teknalia, IK4, Mondragon korporazioa, SSI taldea, Basque Health klusterra eta Adinberri.