ETSk argi verdea eman dio Santurtziko Antonio Alzagako etxebizitzak berriztatzeko proiektuaren lizitazioari

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako higiezinak berriztatzeko proiektuaren espediente hasiera onetsi du. 1.269.863,60 euroko oinarrizko aurrekontua eta 12 hilabeteko egikaritze epea ditu.

Kontratuaren xedea eraikinaren saneamendu eta drainatze sare unitarioa konpontzea, zimendatzea berriro kaltzatzea, eta etxebizitzetan, eskaileretan, atarietan eta lokal komertzialetan eta fatxadatan eta patioetan dauden arrakalak konpontzea da.

2017ko otsailaren 10ean, Legebiltzarreko EAJ-PNV, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos eta PSE-EE taldeek Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarreko Mahaian. Bertan, “Eusko Jaurlaritzak eskaria egiten die eskumenak dituzten administrazioei, Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, batez ere, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako higiezinetako etxebizitzen eta lokalen espedientearen azterketari ekin diezaioten, eragindako kalte guztiak konpontzeko hartu beharreko neurriak har ditzaten, lan horietatik sortzen diren kostu guztiak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako dauden partidetatik ordainduz”.

Legebiltzarreko gehiengoz onetsitako ekimen hori betez, Gobernu Kontseiluak, 2018ko maiatzaren 18an, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari agindeia egitea erabaki zuen, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako higiezinetako etxebizitzetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpon ditzan.

Guztira 46 etxebizitza eta 16 lokal komertzial dira. Joan den urtarrilean, Euskal Trenbide Sareko eta Santurtziko Udaleko arduradun nagusiek bilera izan zuten kalteak jasan dituzten pertsonekin, eta bertan gauzatu beharreko lanen xehetasun guztiak azaldu zizkieten.