Estibaliz Urresola, Itziar Leemans eta Tamara Lucariniren proiektuak hautatuak izan dira NOKA Mentoring programaren lehenengo edizioan

noka_hautatuak_1.jpg

2019.eko urtarrilak 23

Industria-jarduera otsailaren 18an hasiko da Tabakaleran, eta mahai-inguru ireki bat izango du zinemagintzako industriako profesionalentzat

Epaimahaia Maialen Belokik (Donostia Zinemaldiaren zuzendariordea), Pau Guillének (Zinegoak zinema-jaialdiaren zuzendaria) eta Constanza Arenak (CinemaChile agentziaren zuzendari exekutiboa) osatu dute, eta hiru opera prima aukeratu dituzte (bi fikzio-lan eta dokumental bat), guztira aurkeztutako 17 ekoizpen-lanen artetik. Laguntza pertsonalizatuko programa honetan, zinemagile hauek parte hartuko dute: Estibaliz Urresola (Laudio, 1984), Itziar Leemans (Donoibane Lohizune, 1983) eta Tamara Lucarini (Basauri, 1987).

Estibaliz Urresola Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da EHUn; Zinemagintzako Zuzendaritzako masterra eta Film Businessekoa egin ditu Bartzelonako ESCAC zentroan. Bere ibilbidean zehar, ikus-entzunezkoen hainbat formatu landu ditu, hala nola fikziozko Adri film laburra (ShortCat, Gaudí sarietarako hautatua), Voces de papel film luze dokumentala (64. Donostia Zinemaldian estreinatua, Zinemira sailean; dokumental onenaren Urrezko Txapelaren irabazlea, Bartzelonako zinemaldia.cat), edota Nor Nori Nork film labur dokumentala (Alcances 2018rako hautatua, Lekeitio Bideo Bilera). Sortzaile gisa ez ezik, zuzendari-laguntzaile edota script gisa ere jardun du hainbat film luze zein laburretan. Horrez gain, ikus-entzunezkoen pedagogian ere aritzen da, PIXELATU kolektiboaren barruan. NOKA programara, 20.000 especies de abejas izeneko fikzio-proiektua aurkeztu du. Lucíak bost urte ditu, eta eskola-jazarpena bizi du. Uda noiz iritsiko amorratzen dago; izan ere, gurasoak banandu ostean, amaren herrira joango da, Euskal Herrira, bizitza berri bati ekiteko irrikaz. Ez da, ordea, Lucíak espero bezain erraza izango, ezta bere ama Mirenentzat ere. Familiaren etxera itzultzean, garai bateko gatazkak piztuko zaizkio Mireni bere amarekin, bi emakumeak elkarrekin etsaituz. 

Toulouseko Unibertsitatean Historia ikasketak amaitu ostean, Itziar Leemansek Kubako EICTV zentroan jarraitu zuen prestakuntza. 2014an, Parque Lenin izeneko lehendabiziko lana zuzendu zuen, Kubako migrazioari buruzko dokumental intimoa. Film luze dokumental onenaren saria eskuratu zuen Moskun, 2016an. Handik bi urtera, 2018an, Nuestro recuerdo izeneko film luze kolektiboan parte hartu zuen; hura izan zen zuzendu zuen lehendabiziko fikziozko film laburra. Gaur egun, bigarren dokumentalaren produkzio-lanetan dihardu buru-belarri: Consolation. Halaber, Agurra idazten ari da; alegia, NOKA programarako aukeratutako lehendabiziko fikziozko lehen film luzea. Pettan (45 urte) erizain alarguna da; depresioak jota bizi da gizona. Hamabost eguneko oporraldia ehizara joateko erreserbatuko du. Bere bi alabak ere, Maika (16 urte) eta Haize (10 urte), oporretan daude. Gatazkak ditu alaba zaharrenarekin, eta, horrez gain, gazteena bete-betean sartuko da ehiza-lurrean; horrek guztiak haren oreka hauskorra akabatuko du. Oroitzapen oso gogorrak etorriko zaizkio, eta ohartuko da zuzenean lotuta daudela emaztearen heriotzarekin.

Aukeratutako dokumentala, berriz, Tamara Lucarini zinemagile gazteak defendatuko du. Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da EHUn, eta, Europa aldean denbora bat eman ostean, EHUra bueltatu zen Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egitera. Beti izan du interesa zinemagintzaren munduarekin, eta «Ikus-entzunezko eta ikuskizunetako proiektuen errealizazioa» modulua amaitu zuen 2016an; harekin lotuta, BANATU FILMAK etxean egin zituen praktikak, eta haren katalogoko film laburren banaketa-lanetan jarduten du. Gaur egun, BANATU FILMAK ekoizpen-etxeko banaketa-arduradun gisa jarraitzen dute Aitor Arenasek eta biek, eta amaitu berri du lehendabiziko film laburra: No es coma. El Paso dokumentalak zinemagilearen familiako kontakizuna egingo du. Aitona zena, Joaquín Lucarini eskulturagilea, orain 50 urte hil zen; ez zuen ezagutu, baina beti egon da presente bere bizitzan. Haren legatua itzaltzen ari da, eta Tamararen kontzientzian hura gordetzeko beharrizana ageri da. Obra eskultorikoa gordetzea ez da txantxetako lana; ez da erraza fisikoki maneiatzea. Hainbat arrazoi tarteko, saldu edo laga beharra sortzen da, hala nola bolumenak eraginda, lehendabiziko arduradunak zahartu izanagatik edota diru-iturriak murriztearen ondorioz. Hori dela eta, Lucarinik osabari dei egingo dio (hura ere eskulturagilea, «zortzigarren belaunaldikoa»), obra bat zer den, zer balio duen eta nola kudeatzen den jakiteko; eta, ondorioz, arteari buruzko hausnarketa egiteko eta eusten dion kontakizuna sortzeko.

 

NOKA Mentoring ad hoc prestatutako programa batetik abiatua da, eta haren helburua topagune irekiak sortzea da, ikus-entzunezko ekintzaileek eta ibilbide aitortua duten mentoreek elkarrekin jardun dezaten. Prestakuntzako lehendabiziko etapa gidoia eta tratamendua egitera bideratua da, eta parte-hartzaileek Celia Rico (Viaje al cuarto de una madre), Meritxell Colell (Con el viento) eta Marina Stavenhagen (Viaje redondo) egileen laguntza izango dute. Programan parte hartzeko hautatuek, era berean, astebetez jardungo dute aurrez aurre lanean mentoreen eta parte-hartzaileen arteko harremanean; izan ere, konfiantza eta elkarrizketa baitaude lan onak sortzeko oinarrian. Era berean, elkarrizketa-mahai bat antolatu da, Iratxe Fresneda zinemagile eta irakasleak moderatuta, gonbidatutako hiru mentoreeekin. Otsailaren 18an izango da saioa, astelehena, 18:30etik aurrera Tabakaleran. Ekimen horren helburua zera izango da, gonbidatu bakoitzaren filmografiako eszena garrantzitsu bat luze-zabal aztertzea, zinemaren etorkizunari buruz jarduteko eta gidoi zinematografiko on baten gakoak ikusteko. Hitzaldiaren amaieran, networking-saio informal bat egiteko aukera izango da, zinemagileok bertatik bertara ezagutu ahal izateko, Donostian izango baitira otsailaren 18tik 22ra bitartean.

Programaren gainerakoari dagokionez, datak eta izenak aurreratzeko moduan gara. Zuzendaritza-faserako (tonua, ikuspegi bisuala, ikuspuntua eta abar), Anahí Berneri (Alanis), Garbiñe Ortega (Punto de Vista zinema-jaialdiaren zuzendari artistikoa) eta Mercedes Álvarez (El cielo gira) izango ditugu, apirilaren 8tik 12ra bitartean. Ekoizpen-etapari dagokionez, ekainaren 3tik 7ra bitartean, Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon Producciones) eta Luisa Romeo (Frida Films) izango dira hautatutako mentoreak. Laguntza-prozesuaren azkeneko zatia, filma nazioartean zabaltzeko eta banatzeko estrategiekin lotua, urrian izango da, Silvia Iturberen (aholkularia) eta Marta Articaren (Golem Distribución) eskutik. Mentoretzako aste guztietan, jarduera paraleloak izango dira, zinemagintzako industriako profesionalei irekita; saioon helburua zera izango da, topaguneak sustatzea, ikus-entzunezkoen nazioarteko industriaren orainari eta etorkizunari buruzko funtsezko esperientziak trukatzeko, baita euskal zinemagintzaren industria-sarea sendotzeko ere.