Estatuko eta nazioarteko 15 artistak baino gehiagok ekarriko dute argiaren artea Gasteizera otsailaren 21etik 23ra

umbra-festival-plano.jpg

2019.eko otsailak 19

Gasteizko Umbra Light jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Gasteizko Erdi Aroko almendrako eta zabalguneko leku publiko eta eraikin ezagunak, otsailaren 21ean, 22an eta 23an, eta, horrela, hiria eta lurraldea erreferente izango dira turismo, kultura eta teknologia arloan. Lehen aldiz egingo den jaialdian, 18 argi instalazio, proiekzio eta ikus-entzunezko ikuskizunez gozatzeko gaueko ibilbidea antolatu dute.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestutako ekitaldi honekin batera, kulturarekin lotutako eta profesionalentzako programa bat izango da.

Umbra Light jaialdia otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da, 19:00etatik 23:00etara.

Inaugurazio ofiziala otsailaren 21en, osteguna, izango da, 19:00etan Espainia Plazan. Han izango dira Ramiro González Arabako diputatu nagusia; Gorka Urtaran Gasteizko alkatea; Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina González; eta Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendaria. Inaugurazio ekitaldian Gasteizko udaletxeko fatxadan argiztapen ikusgarria egingo dute.

Ondoren, aukera izango da ibilbidea egiteko Erdi Aroko almendrako eta zabalguneko aire zabaleko leku publikoetatik, eraikin historikoetatik eta berdeguneetatik pasatuz.

Ibilbideak 18 geraleku izango ditu eta horietan instalazioak, argiztapenak, proiekzioak eta ikus-entzunezko ikuskizunak izango dira: katedral berriko lorategiak, Florida parkea, Foru plaza, Espainia plaza, San Migel eliza, Probintzia plaza, XI. mendeko harresia, Frai Zacarias eraikinaren ondoko lorategiak, Oihaneder jauregia, ur biltegia, Kontrast Afrika murala (Eskola kalea), Gasteizko garaipena murala (Santa Maria kalea), Eskoriatza-Eskibel jauregia, Santa Maria plaza, Santa Mariako kripta, Denboraren harira murala (Burulleria plaza) eta Alamedako markesaren plaza. 

Gainera, Peñaflorida kondearen plazan dagoen hiriko Arte eta Lanbide Eskolak ere hartuko du parte jaialdian eta eskolako ikasleen eta irakasleen lana erakutsiko duen arte esku-hartzea egingo du.

Lehen jaialdi honen programako argi bidezko esku-hartze gehienak sekula ez dira jendaurrean erakutsi eta gure hiriko lekuetarako sortu dituzte berariaz estatuko nahiz nazioarteko artista entzutetsuek.

Gutxi batzuk nazioartean erreferente diren jaialdietan erakutsi dira, besteak beste, Londreseko Lumiere-n eta Lyongo Le Fête des Lumières-en, hala nola Studio Chevalvert & Mirage Festival-en Stratum eta Philippe Morvan-en Dot, biak ala biak lehen aldiz ikusgai Espainian.   Horiez gain, nazioarteko jaialdietan parte hartu ohi duen artista aleman baten lana ere ikusi ahal izango da.

Espainiako eta Argentinako artistek osatzen dute light art delakoan esperientzia zabala duten artisten zerrenda: Javier RieraPlaymodes, dLux & Oído, Illusion Stage, Anna Rosa Rupp, Aitor Oñederra & Elisa Rueda, Ezequiel Nobili, Studio & Light, Emilio Valenzuela & Jordi Bonet, Studio Chevalvert & Mirage Festival, Philippe Morvan, Juan Gómez-Cornejo, Joan Rodón, Néstor Basterretxea eta Cia Majareta.     

Programa osagarria

Gainera, bestelako ekintza osagarriak ere izango dira: dibulgazio jarduerak, Arabako Astronomia Elkartearen eskutik, neguko zerua gauez behatzeko, otsailaren 22an eta 23an, eta Abangoardia argiak profesionalentzako sinposioa, otsailaren 21eko goizean, Villa Suso jauregian.

Horrez gain, hiriko leku estrategikoetan (Loma Jenerala plazan eta San Frantzisko eta Aiztogile kaleen arteko izkinan) kokatutako bi informazio gunetan, gidari turistikoek orientazioa eta laguntza emango diete bisitariei (jaialdiaren programa, ordutegiak, ibilbidea…).