Erakunde barnean genero ekitatearen aldeko planak garatuko dituzte bost GGKEk

gba_P_gina_1.jpg

2019.eko urriak 30

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEAk) deialdia egin zuen ekainean Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKEk)  genero-berdintasunaren aldeko barne antolaketa eta aldaketa prozesuak bultza ditzaten laguntzeko. Guztira bederatzi aurkeztu dira, eta horietatik, bost proposamen bultzatuko dira.

Dirulaguntzaren helburua da erakunde barruan funtzionamendu-maila guztietan egon daitezkeen genero-desberdintasunak ezabatuko dituzten prozesuak eta ekintzak sustatzea. Hala, 2019ko deialdian fase ezberdinetarako laguntza emango zaie Euskadiko Unicef Batzordea, Kidenda, Garabide, Setem Hego Haizea eta Mugarik Gabe erakundeei. 

Genero ekitatearen aldeko planak garatzeko prozesuaren hiru fase ezberdinetara zuzenduko da aurtengo dirulaguntza eta bakoitzak diru kopuru zehatz bat izango du:  Euskadiko Unicef Batzordeak 36.699,30 euro, Kidendak 34.924,61 euro eta Garabidek 29.801,98 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren, generoaren partaidetza-diagnostikoa egiteko eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzeko; Setem Hego Haizeak 39.893,40 euro jasoko ditu planaren ezarpena eta ondorengo ebaluazioa egiteko; eta azkenik, Mugarik Gabek 7.000 euro jasoko ditu ekintza-planaren ezarpenaren ebaluaziorako.

 

Dekretu berriak ezarritako aldaketak

GGKEen barruan ekitate-ekintzetarako laguntza-ildoen ebaluazioaren ondoren GLEAk dekretu berria onetsi zuen 2018an. Bertan finantza daitezkeen faseak zabaltzen dira eta martxan jartzen diren ekitatearen aldeko prozesuak bideragarri egiteko eskakizun berriak ezartzen dira: horien artean, GGKEetako zuzendaritza-taldeek nahitaez parte hartu behar izatea barnean sortzen diren ekitatearen aldeko taldeetan; sortutako genero-egiturak dirulaguntza prozesuaren fase guztietan mantentzeko konpromisoa; eta erakundeek ekitatearen aldeko taldeko arduradunaren soldataren zati bat laguntzen kargura egotzi ahal izatea.

2009tik 30 ekimen inguru finantzatu ditu Eusko Jaurlaritzak eta iaz fase ezberdinetarako zortzi laguntza eman zituen Medicus Mundi Araba, Etiopia Utopia, Entre Amigos- Lagun Artean, Oxfam Intermon, Setem Hego Haizea, REAS Euskadi, Medicus Mundi Bizkaia eta Unesco Etxea erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko barne prozesuak martxan jartzeko.

 

Generoari buruzko jardunaldiak

Genero-ekitatearen aldeko antolamendu-aldaketako prozesuak osatzeko, gainera, GLEAk eta Euskadiko GGKEn Koordinakundeak Generoari buruzko Erakunde Barneko IV. Jardunaldiak antolatuko dituzte abenduaren 12an Donostian. Bertan, GGKEk prozesuen eraginez emandako urratsak, aldaketak, ikasketak eta erronkak jorratuko dira.