Enpresa-jardunaldia eta topaketa Londreseko euskal komunitatearekin

Pantalla_financial_times_3840x1927px.jpg

2019.eko urriak 01

Aste honetako ostegunean, urriaren 3an, Eusko Jaurlaritzak inbertsioak erakartzeko saioa eta topaketa egingo ditu Euskadiko profesionalekin Erresuma Batuan

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, aste honetan, Londresera bidaiatuko da, Eusko Jaurlaritzak berak sustatzen dituen enpresa-izaerako bi topaketa horietan parte hartzeko. Financial Times-ek eta Basque and Investment-ek Londresen duen bulegoak lagunduta egingo dira topaketak.

Bi jardunaldi horiek ostegunean izango dira, urriaren 3an, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteak ekarri ahalko duenaren “atzerako kontaketa"ren testuinguruan.

Tapia sailburuarekin batera, Javier Zarraonandia Industriako sailburuordea, Álex Arriola Spri Taldeko zuzendari nagusia, Ainhoa Ondarzabal Basque Trade and Investment-eko zuzendaria eta Marian Ibarrondo Invest in the Basque Country Unitateko arduraduna bidaiatuko dira, eta, Londresen, Pablo Fano Euskadik Erresuma Batuan duen merkataritza-ordezkariaren babesa izango dute.

Nazioarte-mailan gertaera hori eragiten ari den zalantza aintzat hartuta, Eusko Jaurlaritzaren iritziz lehentasuna du estrategia proaktiboari eustea, Euskadik Europan duen posizionamendua sendotzeko eta Brexitak ekar ditzakeen mehatxu eta aukeren aurrean adi egoteko.

Hori dela eta, herrialdearen posizionamenduari buruzko eta kontrasterako bi topaketa horiek egingo dira, Erresuma Batuan bizi diren eta euskal enpresetan lanean ari diren Euskadiko profesionalen talde batekin.

  • Financial Times-en saioa, Erresuma Batuko inbertsioak Euskadira erakartzeko

Ostegunean, urriaren 3an, goizez, Financial Timesen lankidetzarekin, Arantxa Tapia sailburua hamabi bat britainiar enpresarekin batuko da, Spri Taldearen Invest in the Basque Country Unitateak sustatutako saio batean.

Bi orduz jardungo dute hizketan Euskadik inbertsioen helmuga izateko duen ahalmena ezagutzeko interesa duten automobilgintzako, aeronautikako, bioteknologiako eta energiako enpresekin.

08:30 – 11:00. Financial Timesen egoitza (Bracken House, 1 Friday St, London)

 

  • Topaketa Erresuma Batuan dauden euskal enpresetako profesionalekin

Ostegunean, urriaren 3an, eguerdian, topaketa Londresen bizi eta bertan euskal enpresetan lan egiten duten Euskadiko hogeita hamar bat ordezkarirekin.  

Hitzordu honen helburua da euskal enpresak Brexitaren aurrean behar bezala presta daitezen laguntzeko Eusko Jaurlaritzak eman dituen urratsak ezagutzea, eta Londreseko euskal komunitatearen iritzia eta ustea aurrez aurre ezagutzea.

13:30 - 15:00. Erresuma Batuko Ingeniari Mekanikoen egoitza (1 Birdcage Walk, Westminster, London)

 

OHARRA KOMUNIKABIDEENTZAT

Ostegunean, urriaren 3an, goiz erdian, lehen hitzorduaren informazio eta ikus-entzunezko materiala bidaliko dugu. Eguerdian, Irekian, profesionalekin egingo den topaketari buruzko gainerako informazio eta ikus-entzunezko materiala argitaratuko da.