Enplegu Plan Estrategikoa 2020ren helburua gainditu du Gobernuak XI. legealdi honetan 16.400 plaza gehiago eskaintzen dituzten EPE deialdiak egitean

2019.eko abenduak 17

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Osasuneko Sailburu Nekane Murga lagun zituela.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak onetsi egin du 2019ko Enplegu Publikorako Eskaintza Euskal Administrazio Publiko osorako. Erkoreka sailburuak azaldu duenez, enplegu publikorako 6.592 plaza dira, Eusko Jaurlaritzak lehiaketara edo oposiziora aterako dituenak 2019. urtearen kargura. Gainera, bozeramaileak gogora ekarri duenez, XI. Legealdi honetan Eusko Jaurlaritzak onetsitako Enplegu Plan Estrategikoa 2016-2020”-n, 2020ra arteko Enplegu Publikorako Eskaintzetan 13.500 plazaren deialdia konprometitu zuen; eta nabarmendu duenez, gaur onetsitako eskaintzarekin, 16.400 baino gehiago dira plazak Hezkuntzan, Osakidetzan, Segurtasunean eta Euskadiko Administrazio Orokorrean. “Urtebeteko aurrerapenarekin konprometituak baino 3.200 plaza gehiago deitu ditugu”, zehaztu du.

Bere aldetik, Osasuneko sailburu Nekane Murgak Osakidetzako deialdi berriaren xehetasunak eman ditu. Murgak azaldu duenez, EPE 2018-2019 berriak 3.103 plaza eskainiko ditu; eta plantillaren zabalkuntza handiena izango da Euskal Osasun Zerbitzuaren historian. “Zabalkuntza hau mugarri bat da eta aukera emango du plantillari egonkortasun handiagoa emateko eta kontratazioaren kalitatea hobetzeko”, adierazi du. EPE berri honi esker, Osakidetzako plantilla estrukturala kategoria desberdinetako 27.496 profesionalek osatua izango da. Gainera, Nekane Murgak nabarmendu duenez, neurri horrek aukera emango du bitartekotasun-tasa kolpean % 4 murrizteko. “Deialdi hau Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkorraren eta kalitatekoaren alde hartua duen konpromisoaren erakusgarri bat da”, adierazi du.

TIG DEKRETUA

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak onetsi egin du Euskadiko turismo-ibilgailu gidaridunen (TIG) alokairu-zerbitzua emateko baldintzak arautzen dituen dekretua. Tapia sailburuak azaldu duenez, Dekretuaren helburua eta xedea da ibilgailu gidaridunak alokatzeko jardueraren ustiapen- eta kontrol-baldintza jakin batzuk arautzea, aurrez kontratatzeko, zerbitzuak eskatzeko eta bezeroak erakartzeko baldintzei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan osorik ematen diren zerbitzuetan aplikatzeko.

GIZARTE-BABESERAKO EUSKAL SISTEMA

Era berean, Josu Erkoreka sailburuak ezagutarazi du Gobernu Kontseiluak 473 milioi euroko baimena eman duela 2020an "gizarte-babeserako euskal sistema" finantzatzeko. Bozeramailearen arabera, erabaki garrantzitsua da kohesioaren aldeko konpromisoa betetzeko eta desberdintasun sozialak murrizten laguntzeko: 370 milioi Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarako, 80 milioi Etxebizitzarako Prestazio Osagarrirako, eta 23 milioi Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako, udalen bidez bideratzen ditugunak.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena