Elkarrizketa: Virginia Villaverde Aguirre, START taldeko eta Osakidetzako erizaina

Argitalpen-data: 

 

Virginia Villaverde Aguirre Osakidetzan lan egiten duen erizaina da eta Mozanbiken egon zen START taldeko ospitalizazio arloko arduradun.

 

Zerk bultzatu zintuen START deialdira aurkeztera?

Duela bost bat urte hasi nintzen Guatemalan lankidetzako proiektu batean. Asko gustatu zitzaidan esperientzia; izan ere, eginarazi zidan nire erosotasun-eremutik irtetea eta erizain gisa egunerokotasunean existitzen zirenik ez nekien gauzei buruz ikastea. Une horretan eskuragarri zeuden eta munduaren zati horretan dauden baliabideak baliatzen ikasi nuen, oso eskasak baitziren. Itzuli eta berehala, START taldearen parte izateko deialdiaren berri izan nuen, eta ez nuen zalantzarik izan izena emateko, argi nuelako proiektu horretan parte hartu nahi nuela.

 

Mundu guztia ez dago prest behar zaituztenean munduko edozein lekura joateko, Mozambikera joan aurretik formazioa edo laguntza jaso al zenuen?

Bai, AECIDek (Nazioarteko Garapenerako Lankidetzaren Espainiar Agentziak, gaztelaniazko siglengatik) Mozambikera joan aurretik formakuntza eman zidan. Hainbat ikastaro nahitaezkoak dira lekura joateko. Gainera, 2018an Madrilen egin zen Riwaterex simulakro europarrean parte hartu nuen; prebentzio-sistemetan, alertetan eta larrialdietan eta hondamendietan esku-hartzeen eraginkortasunari neurria hartzeko balio zuen. Hori izan zen, hain zuzen ere, START taldeko EMT 2 Ospitalea muntatu genuen lehen aldia; inguru kontrolatu batean izan zen, ez Mozambiken egindako benetako zabaltzean bezala.

 

Zertan zetzan zure lana Ospitalean?

Ni misioaren lehenengo txandan joan nintzen. Beraz, nire kideak bezala ( logistak, medikuak, teknikariak, fisioterapeutak, erizainak…), egin genuen lehenengo gauza ospitalea eta kanpamentua muntatzea izan zen. Horrek esan nahi du, lurra arrastelu batekin prestatu behar dela, kamioi guztien materiala eta sendagaiak deskargatzea, ospitalea osatzen zuten egitura guztia muntatzea, komunak eta dutxak barne; inoiz espero ez nuen irudimenarekin gainera.

Behin azpiegitura muntatuta, ospitalea martxan jartzea egokitu zitzaigun. Ni ospitalizazio arloko arduraduna nintzen, eta, beraz, nire lana antolatzea zen; hala nola, langileen txandak, materialaren eta sendagaien kudeaketa, ondoren MOEri bidaltzeko datuen bilketa eta gaixoei arreta.

 

Zer izan zen gehien hunkitu zintuena?

Inolako zalantzarik gabe, ez nuela bertako inor negarrez ikusi. Ez helduei, ezta haurrei ere. Horietako asko egoera zailetan zeuden, bai etxea galdu zutelako, senideren bat edota gizon bati gertatu zitzaion bezala, hanka bat galdu zuela. Baina, hala eta guztiz ere, ez zuten negarrik egiten. Emiliok kontatu zigun bezala, - Mozambiken urteak lanean daramatzan mediku espainiar batek- bere euskalkian ez dago “etorkizuna” hitza ez dutelako kontzeptu hori aintzat hartzen, egunerokotasuna bizi dute, besterik ez.

 

Esperientzia positiboa izan al zen? Zer oroitzapen dituzu?

Jakina izan zela esperientzia positiboa. Ez bakarrik lanbide esparruan nire egunerokotasunean egiten ez ditudan lanak bete ditudalako, edota profesional apartekin lan egiteko aukera pribilegiatua izan dudalako, baizik eta, taldea osatzen dugun pertsonen kalitatea ezin hobea delako.

Lan gogorreko 15 egun izan ziren, kanpin-dendetan lurrean lo egin behar genuen, 40 gradutik gorako muturreko baldintza klimatologikoetan, eta gure lanbideetara ez dagokien lanak egin genituen, azpiegituren muntaketa kasu. Hala eta guztiz ere, egun horietako guztietako giroa zoragarria izan zen. Gutako askok ez genuen elkar ezagutzen, ez genuelako formakuntza saioetan kointziditu, baina horrek ez zuen eragotzi talde moduan eta konpas berarekin lan egitea.

Gogoan dut mugikorrera testu mezua iritsi zitzaidan eguna, esanez: “START taldeari dei egiten zaio Mozambikeko Idai Zikloiaren ondoren kaltetuei arreta emateko. 48 ordu dituzu deia onartzeko”. Une horretan bihotzondokoa izan nuen. Urduritasuna, beldurra, gogoak… sentimendu nahasketa nuen. Minutu batzuk pentsatu eta baiezkoa eman nuen. Eta betiko harro sentiaraziko nauen zerbait da. Erabaki horri esker esperientzia honekin gozatu ahal izan nuen. Oso lotuta jarraitzen dut, gainera, START taldeko aholkularitza Batzorde Klinikoaren parte naizelako.

 

Berriro deituko bazintuzte, itzuliko zinateke?

Zalantzarik gabe. Hori bai, litekeena da ez izatea berriro Mozambike. START taldea pobretutako herrialdeetan gertatutako hondamendiei osasun-erantzuna emateko da. Beraz, inoiz ez dakizu nora edo zergatik joango zaren leku batetara (lurrikara, zikloia, tsunamia…). Nik eraman behar dudan guztiarekin motxila prest daukat, baina badira zenbait jantzi helmugaren klimatologiaren araberakoak direla.

 

Osakidetzako langileei hurrengo deialdian izena ematea gomendatuko zenieke? Zergatik?

Jakina gomendatzen dudala.

Mozambiken Osakidetzako ordezkariak ginen Josean Romero kirurgialari arabarra, eta ni Bilboko erizain gisa. Euskadiko ordezkari gisa 3 probintziak egon ziren zeren eta Zaporeak (Zazpi, Iñaki eta Peio) elkarteko sukaldari donostiarrak ere bertan zeuden. Egunero zaindu gintuzten, hamaiketakoa ere ematen ziguten eguerdian lanaldi gogorrak hobeto jasan ahal izateko. Haiek gabe ezer ez zen berdina izango.

Egia esan, Osakidetzari dagokionez, esan beharra daukat ez didala inongo trabarik jarri START taldearekin kanpora ateratzeko baimena ematerako orduan. Alabaina, beste erkidego batzuetan osasun sistemek traba gehiago jartzen ari dira. Argi dago txaleko gorrien -START taldeko kideei deitzen diguten moduan ere- parte izatea boluntario egiten duzun zerbait dela eta ez dugu deus ere kobratzen, baina gutxienez zure ohiko soldata kobratzen jarraitu beharko zuten parte-hartzaileek; nire kideek beste osasun-zerbitzu batzuetan pairatzen ari direna, hain zuzen.

Beraz, zorionekoak garenez Osakidetzako langileak izanik eta ez beste osasun-sistema batekoak, Osakidetzako langileak animatzen ditut hondamendiekin lotutako lankidetza-lana interesatzen bazaie, hurrengo deialdira aurkez daitezen. Benetan uste dut ez direla damutuko.

START taldearen parte izateko informazioa