Elkarrizketa. Iñaki Martinez de Luna

Argitalpen-data: 

“Adierazle sistema erabilgarria da hizkuntza suspertzeko planek dituzten jomugen inguruko lorpenak neurtzeko”

Iñaki Martínez de Luna (Gasteiz, 1950) hizkuntzaren soziologian aditua da, bereziki hizkuntza gutxituen soziolinguistikan. EHUko irakasle izan da, eta hizkuntza eta soziologiarekin lotutako hainbat erakundetako kide: EUSTAT, Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradun, HIZNET Hizkuntza Plangintza graduondoko zuzendari, Auñamendi Eusko Entziklopediako zuzendari, Soziolinguistika Klusterraren lehendakari, ARRUE ikerlerroko zuzendari eta Euskararen Adierazle Sistema (EAS) proiektuko lehen zuzendari (2013-2018), besteak beste. Euskaltzain urgazlea da 2015 ezkero eta, 2019tik aurrera Garabideko lehendakari. EASek egiten duen ekarpenaz eta euskararen inguruko datu estatistikoez galdetu diogu.  

 

Elkarrizketa pdf formatuan ikusi nahi izanez gero, deskargatu ondorengo fitxategia (PDF, 110 KB) (leiho berri batean irekitzen da)

Zergatik da garrantzitsua Euskararen Adierazle Sistema (EAS)? Zein ekarpen egingo dio euskarari?

 Euskararen egoera zein bilakaera aztertzeko asmoz, adierazle-sistema horrek informazio multzo bat –estatistikoa, batez ere– jasotzen du, era sistematikoan, antolatuan eta egituratuan. Hala nola euskararen estatus juridikoaz, gaitasunaz, erabileraz, jarreraz, edo-eta transmisioaz.

 Euskararen inguruko deskripzioa marrazteko ez ezik, adierazle sistema erabilgarria da hizkuntza hori suspertzeko planek dituzten jomugen inguruko lorpenak neurtzeko ere; hots, lortu nahi den helburu nagusia edo-eta arlokako helburuak zenbateraino ari diren betetzen zehatz-mehatz ezagutzeko balio dezake Euskararen Adierazle Sistemak. 

Bildutako informazio mota ezberdin horiek lagungarriak izan daitezke abian dauden planak zein programak ebaluatzeko edo-eta interbentzio mota berriei ekiteko.

 

Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu eta urtez urte biltzen diren adierazle ezberdinak “estandarizatzen” joango dira. Datuak biltzeko garaian guztiek berdin jarduteak ere badu garrantzia, ezta?

 Bai, dudarik gabe. Hori bera da sistema gaur egun egiten ari den hirugarren ekarpena: euskararen lurralde ezberdinetako informazioak homogeneizatu eta batera ekartzea. Izan ere, egoera baten ebaluazio osatuagoa burutzeko komenigarria da leku zein baldintza ezberdinak elkarrekin alderatzea.

Hartara, euskararen eremu politiko-administratibo ezberdinetako estatistikak eta sistemak bateratzen laguntzen ari da EAS: bai estatistika berriak eremu guztietan modu bertsuan sortuz, bai leku batzuetan abian jarri nahi diren estatistika berriek beste lekuetako erreferentzia errepikatuz. Adibide bat: EAEko Arrue ikerlana abian da aspaldidanik eta horren eskutik eskoletako euskararen erabileraz jasotzen diren emaitza batzuek Euskararen Adierazle Sistema elikatzen dute; Nafarroan, 2019an lehenbiziko aldiz, diseinu bereko informazio bilketa burutu da adierazle sistema elikatu ahal izateko.

 

Norentzat izango da baliagarri adierazle sistema?

Euskara gu guztion ondare kulturala izanik, bere biziberritze eta biziraupen osasuntsuak denon interesa piztu dezake; argi dago edozein herritar izan daitekeela sistemaren erabiltzaile. 

Horrezaz gain, euskalgintza instituzionaleko eta sozialeko eragileek osatuko lukete erabiltzaile espezializatuagoen multzoa, berain planen eta programen diseinuak eta jarraipenak hainbat kasutan erreferentzia estatistiko sendoen premia dutelako.

Era berean, soziolinguistika eremuko akademiko eta ikertzaileek ere balia dezakete euskararen adierazle sistema, hausnarketa eta lanketa zientifikoek oinarri enpiriko sendoak izan ditzaten.

 

Askotariko datuak biltzen ditu EASek. Has gaitezen datu orokorretatik: zer nabarmenduko zenuke euskara-gaitasunari dagokionean? Eta zer erabilerari dagokionean?

Euskarazko gaitasunaren hazkundea da nabarmengarria, batez ere gazte eta umeen artean. Hori esanda, gaitasun hori erlatiboki ahula dela ere ohartarazi behar da; alegia, egungo euskaldunen gehiengoak gaztelania hobeto menderatzen duela euskara baino. Horrek negatiboki eragin dezake erabileran.

Eta erabilerari dagokionez, aipagarria da, batetik, gazteak eta haurrak direla euskaraz gehien egiten dutenak, nahiz eta erabilera maila hori lekutan dagoen gaitasunak duen hedapenetik. Bestetik, zantzu sendoak daude pentsatzeko erabilerak sabaia jo duela zenbait egoeratan (kalean, D ereduetako ikastetxeetan…), eta aurrerapausoak egiten jarraitzeko euskara suspertuko duten politika eta neurri berriak behar direla.

 

Euskal Herri osoa kontuan hartuta igo egin da euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera, nahiz eta bilakaera hori ez den homogeneoa izan. Lurralde batzuetan euskararen erabilera sustatzearen aurkako jarrera igo egin da. Zuk sakon aztertu dituzu herritarren jarrera eta diskurtsoak. Datuak behar bezala irakurtzeko zein dira gakoak?

Euskara sustatzearen aldeko jarrera indartu da hiztun ezberdinen arteko errespetua eta hizkuntza horren gaineko kontakizun edo diskurtso inklusiboa nagusitu den eskualdeetan. Halakoak, hiztun ezberdinen arteko elkarbizitza bideratzeko ezinbesteko baldintzak dira eta, ondorioz, euskara ez da arazo bezala ikusten.

Aldiz, herritarrok ez dugu gatazka gustuko, gure ohiko bizimodu erosoa arriskuan jar dezakeelako. Hortaz, sustatzearen kontrako jarrerak areagotu dira euskara elkarbizitzarako arazo-iturri edo gatazkatsu bezala antzematen jarraitzen den lurraldean.

 

Lehen hizkuntza euskara dutenen ehunekoak behera egin du, eta gora, aldiz, euskara eta erdara biak dituztenenak.

Lehen hizkuntza euskara dutenen ehunekoak behera egin du gazteengan eta hortik gorakoengan, baina 2017ko datuen arabera nerabe eta haurrengan euskararen familia bidezko transmisio hori hazten hasi da.

Bestalde, lehen hizkuntza euskara eta erdara(ren bat) batera dituzten haurren proportzioan goranzko joera agertzen da. Horren arrazoi nagusia da gurasoetako batek euskaraz ez jakitea –edo zertxobait baino ez jakitea–.

 

Zer esan dezakezu oraingo guraso euskaldunen euskararen transmisioaz?  

Guraso euskaldunen kopurua handitu ahala seme-alabekiko familia transmisioa ere areagotzen ari da. Hala ere, guraso euskaldunen euskararen transmisioa % 100era izatera ez da iristen, eta arriskua da horretan atzerakada gertatzea. Izan ere, guraso berrien artean gero eta ugariagoak dira familian ez, baizik eskolaren bitartez euskaldundu direnak. Halakoen euskarazko sozializazioa mugatua da. Horregatik, transmisioaren aldeko gizarte bulkada sendoa sentitu ezean oso litekeena da halako gurasoek familian euskaraz ez egitea. 

Duela hamarkada batzuetako bikote mistoen kasuan seme-alabekiko transmisioa sarri eten ohi zen. Gaur egun, aldiz, mota horretako familien gehiengoan ahalegina egiten da seme-alabei euskaraz hitz egiteko. Alegia, guraso askok barneratu dute euskararen familia transmisioaren garrantzia, eta bere egin dute horren erantzukizuna.

 

Hezkuntza arloko datu asko biltzen ditu EASek. Zein joera nabarmenduko zenuke hezkuntza arloan euskarari dagokionez? Joera bat badago, adibidez, erabilera murriztu egiten dela lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara pasatzean. Aisialdiko datuetan ere nabarmena da aldea. Zein izan daitezke horren faktoreak? 

Eskola giroko euskararen erabilerak gorantz egin du, oro har, D hizkuntza ereduan ikasten duten ikasleen proportzioa gero eta handiagoa delako. Hala ere, 2015ean geldiune bat antzeman da D ereduko ikasleen eskolako erabileran; moteltze horren zergatia sakon eta zorrotz ikertu beharra dago, goranzko joera berreskuratu ahal izateko. 

Haurtzarotik nerabezarora euskararen erabilerak jasaten duen atzerakadaren gakoa hizkuntza sozializazioarena da. Izan ere, hezkuntza sistemaren eragina –hizkuntzan ere– askoz nabarmenagoa da haurrengan nerabeengan baino. Azken horiek gizarte orokorrerantz jartzen dira begira, eta bertan ikusten dituzten ereduak ikasleek bere egiten dituzte. Jakina denez, gure gizartean erdarak –gaztelania, frantsesa, ingelesa– dira jaun eta jabe; hortaz, nerabeek, nagusi planta eginez, helduen hizkuntza portaera imitatu nahi dute, haiek ere badirela edo argi utzi nahirik. Eragin hori salbuespen batekin berresten da: euskararen arnasgune diren herrietan erabileraren jaitsiera oso txikia da haurtzarotik nerabezarora; izan ere, eremu horietan nerabeek begi bistan daukaten helduen ereduan euskarak du pisu askoz handiagoa gaztelaniak baino.

 

Gaur egun geroz eta gehiago erabiltzen ditugu harremanetarako sare sozialak, app-ak, ingurune digitala, azken batean. Ikusten dugu horietan euskararen erabilpena oso urria dela.

Mundu globalizatuaren dinamika askok aniztasuna suntsitzerantz bideratzen dira, eta hizkuntza gutxituak ere arrisku horren menpe daude. Eremu digitalak (sare sozialak, app-ak etab.) bizi-baldintza berriak ezarriz, atea zabaltzen die hizkuntza handiei eta hizkuntza-komunitate txikiek zokoratuak suertatzeko arriskua dute. Hori kezkagarriagoa da oraindik era digitalean jaioak diren belaunaldien kasuan.

Horregatik, euskarari lekua egiten ahalegindu behar dugu eremu digitaleko adierazpen mota guztietan. Hala ere, ez dut uste elementu guztiak euskaraz baliatzea posible izango denik eta, efizientziaren izenean, gure egunerokoan presentzia handiena duten osagaiak euskaraz egotetik hasi beharko litzateke.

 

EASek, aurreneko aldiz, EAEko udalerrietako datuak eskainiko ditu. Zer garrantzia du horrek?

Udalerriak –eta beren auzoak edota Arabako kontzejuak– dira herritarrengandik gertuen dauden interbentzio mailak, eta bertan sortzen eta elikatzen dira hizkuntza-plan eta programa ugari, euskalgintza herritarraren zein instituzionalaren bitartez. Hortaz, maila horretako informazioa ere eskura izatea oso lagungarri gerta daiteke eguneroko egoeren diagnostiko zehatzak egiteko eta, abiapuntu horrekin, interbentziorako diseinu egokiagoak osatzeko; baita lekuan lekuko interbentzioaren emaitzak ondoren ebaluatzeko ere.

 

Euskararen egoera zertan den ezagutzeko ba al dago gaur egun jasotzen ez den, eta garrantzitsua den, datu kuantitatiborik?

Komunitate baten egunerokoan hizkuntza batek duen lekua eta pisua zehatz-mehatz ezagutzeko datu ugari bildu beharko lirateke. Adibidez, kutxazain automatikoetan, parkimetroetan, webguneen interfazeetan eta betetzen ditugun beste hamaika ekintza eta eragiketatan baliatzen dugun hizkuntzaren berri zuzena jasotzeko aukera gero eta errazagoa da.

Horrek baditu abantaila garbiak: lehendabizi eguneroko jardun arrunt askotako hizkuntza-portaeraren berri izan ahal izatea; bigarrenik, maila orokor edo makro-sozialekoa eskuratzea ez ezik, lekuan lekuko maila mikro-sozialekoa lortzeko ere bai; hirugarrenik, informazio mota horren objektibotasuna da, versus inkestetan jasotzen diren aitortzen subjektibotasuna. Era horretan, beraz, euskara sustatzeko burutzen diren ekintzen emaitzak eguneroko bizitzan islatzen ote diren ongi ezagutu liteke, eta ager litezkeen aurrerapausoen eta atzerapausoen nondik norakoak sakon aztertzeko parada irekiko litzateke.

Azken buruan, adierazle sistema big dataren ikuspegitik ere garatu beharko litzateke, ezaguna baita halako lanketak nolako ezagutza zorrotza ematen duen aztergaiaren inguruan.

 

Zer bide du EASek informazio-iturri berriak finkatzeko?

Gizarteko hainbat eragilerekin elkarlana bultzatzean eta horien inplikazioa bilatzean datza informazio iturri berriak aurkitzeko aukera; adibidez, big data motako informazioa eskaini dezaketen enpresa eta erakundeekin. Gakoa hauxe da: informazio sistematizatua sortzen eta lantzen dutenek –arlo pribatukoak edo publikokoak izan– Euskararen Adierazle Sistema hornitzeko premiarekin bat egitea eta horretan laguntzea. Horrela eginez, erakunde horiek beren ohiko funtzionamenduan txertatuko lukete gure hizkuntzarekiko kezka eta horri erantzuteko beharrezkoak diren neurriak hartuko lituzkete.

 

Euskal Herritik kanpo ba al dago antzeko adierazle sistemarik? Zein ekarpen egin die hango hizkuntza gutxituei? Zer ekar genezake esperientzia horietatik Euskal Herrira?

Bi adierazle sistema bururatzen zaizkit: Kataluniako adierazle sistema eta ELDIA (European Language Diversity for All) proiektuaren eskutik sortu den European Language Vitality Barometer (EuLaViBar). Kataluniako adierazle sistemak lortu duen erabilera mugatua omen zen duela urte batzuk, baina harrezkero ez dut berri gehiagorik izan.

EuLaViBar ekimenak Europako erdialdeko eta iparraldeko bederatzi herrialdetan kokatzen diren hamabi hizkuntza komunitate ditu aztergai, honako helburu honekin: hizkuntza gutxituak suspertzeko asmoz kasu horietan garatzen eta inplementatzen diren planen premia nagusiak identifikatzen laguntzea.

Halako ekimenek agerian jartzen dute, euskararen lurraldeetan ez ezik, nazioarte mailan ere badagoela hizkuntza gutxituak suspertzeko dinamika bat eta, kezka hori bideratzeko, adierazle sistemak erabiltzen direla. Beraz, ez da kasualitate hutsa izango euskararen inguruan beste horrenbeste egin izana.

 

Aurrera begira, zein erronka ikusten dituzu EASentzat?

Euskararen Adierazle Sistemak zenbait erronkari egin behar die aurre. Hasteko, erabiltzaile nagusiak zein diren ?edo izan litezkeen? argi identifikatu beharko ditu, beraien premiei modu zuzenagoan eta zehatzagoan erantzun ahal izateko. Horretan asmatuz gero, erabiltzaileen eskaera handituko da eta, horrekin, sistemaren garrantzia areagotuko da.

Bestalde, ohiko informazioa etengabe bildu eta sistematizatzeaz gain, beste informazio berriak identifikatu eta baliatzen hasi beharko da; adibidez, arestian aipatu den big data motakoa.

 

Azkenik, abian dauden beste sistemetara hurbildu beharra du, adierazleen diseinuak beste proiektu horiek dituztenekin –pixkanaka eta ahal den neurrian– estandarizatzeko asmoz. Izan ere, sistema batek eskaintzen duen informazioa beste sistemek dutenarekiko zenbat eta homogeneoagoa izan, orduan eta konparagarriagoak izango dira egoera zein politiken emaitzak, eta, horren ondorioz, adierazle sistema bera ere erabilgarriagoa.