"Elkarlan" sarien bosgarren edizioa deitu da, balio publikoa sortzeko gai diren gizarte-proiektuak aitortzeko

ELKARLAN_BOPV.jpg

2019.eko urriak 21

  • Eusko Jaurlaritzaren helburua da herritarrek sustatzen dituzten gizarte-ekimen berritzaileak aitortzea
  • Edizio honetan, halaber, proiektuetan garatutako jardunbide egokien gauzatzea sarituko da

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, gaur, “Balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan sarien bosgarren deialdia argitaratu da. Edizio honetan, Eusko Jaurlaritzaren helburua da sariaren bidez, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzailea eta haren sustatzaileak aitortzeaz gainera, “beste eragile batzuek parte hartzeko bide emateko formulak transferitzen laguntzea ere, horrela, Euskadin balio publikoa batera sortzeko ikaskuntza- eta elkarlan-sarea finkatzeko”. Hori Open Government Partnership (OGP) Euskadi 2020 ekintza-planean ezarritako konpromisoetako bat da.

Guztira, 2019ko Elkarlan sariek sei jarduketa-eremu hauetakoren batean balio publikoa sortzea sustatuko duten bi proiektu onenak aitortuko dituzte:

  • Osasuna
  • Ingurumena
  • Garapen ekonomikoa
  • Ikaskuntza-kultura
  • Gizarte-kohesioa
  • Gobernamendua, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako partaidetza

Gainera, proiektuek, funtsezko ezaugarri gisa, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonak eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko duten gaitasuna erakutsi beharko dute.

Hautaketa-batzordean aurreko deialdiko saridunek parte hartzen dute, eta batzordeak berak proiektuak dagoeneko ezarrita edo fase pilotu aurreratuan egotea balioetsiko du, berritzaileak izatea, elkarlanean oinarritutako partaidetzakoak izatea eta, horrela, gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasuna ereduz adieraztea, inpaktu publikorako eta sozialerako ahalmena izatea eta pertsona eta kolektiboak ahalduntzeko prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara transferitzeko gaitasuna izatea.  

18.000 EURO

Deialdia, eskabidea aurkezteko egunean, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta beren jarduera nagusia bertan egiten duten irabazi-asmorik gabeko pertsona juridikoei baino ez zaie zuzentzen. Hautatutako bi proiektuetako bakoitzak honako sari hau izango du: 

  • 6.000 euro, proiektu onena aitortzeko
  • 3.000 euro, jardunbide egokiak transferitzeko prozesuari aplikatzeko.
  • Kanpo-aholkularitza beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.
  • Saritutako proiektua informazio-bide eta komunikabideetan zabaltzea.

Hautagaiak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, bihartik aurrera, eta eskabideak honako webgune honen bidez aurkeztu beharko dira: www.euskadi.eus.

Eusko Jaurlaritzaren balio publikoa batera sortzeko proiektuetarako Elkarlan sari”en bosgarren deialdiko saridunen berri urtea amaitu baino lehen jakingo da.

HELBURU ESTRATEGIKOA

Sari horien deialdia Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriaren helburu estrategikoetako batean sartzen da; Gobernuak jarri zuen martxan 2014an, eta, horren bidez, “esperientzia berritzaileak garatzea sustatzen da, gure kultura demokratikoan berriak izan eta parte-hartzeari bide emateko formulak esperimentatzeko aukera ematen duten proiektu pilotuentzako laguntzaren bidez”.