Ekonomia Zirkularra Euskadiko Lanbide Heziketan, jardunaldia Galdakaoko Ostalaritza Eskolan

2019.eko urtarrilak 24

  • Lanbide Heziketako lau lanbide-arlotako 13 ikastetxek hartzen dute parte Euskadiko Lanbide Heziketako Ekonomia Zirkularraren Proiektuan
  • Ekimenaren helburua da ikasleekin ekonomia zirkularraren inguruan lan egitea eta zenbait lanbide-arlotako zentroen artean sinergia berriak sortzea.
  • Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleek menua prestatu dute, ekonomia zirkularraren filosofian oinarrituta

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalorekin batera, Ekonomia Zirkularra Euskadiko Lanbide Heziketan jardunaldian izan da gaur goizean, Galdakaoko Ostalaritzako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan (Galdakaoko Ostalaritza Eskola). Tknikak koordinatuta (LHri Aplikatutako Ikerketako eta Berrikuntzako EAEko Zentroa), Lanbide Heziketako Bioekonomia Aplikatuaren Sarea osatzen duten zentroekin elkarlanean, jardunaldi honen helburuetako bat da ikasleekin garapen jasangarriaren kontzeptua lantzea eta, horretarako, ekonomia zirkularrean oinarritzen diren jarduerak egitea. Gainera, zenbait lanbide-arlotako zentroen artean sinergia berriak sortzea ere badu helburu.

Jardunaldian, Galdakaon, Euskadiko LHko Ekonomia Zirkularraren Proiektuan parte hartzen duten LHko 13 ikastetxeetako batzuetako ikasle eta irakasleak batu dira, eta Uriarte sailburuak zuzenean ezagutu ditu beraiekin ekimenaren garapena eta gakoak. Eskolako instalazioetara egin den bisitaz gainera, goizean ekonomia zirkularraren zenbait proiekturen erakusketak egin dira, besteak beste, Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleek egindakoa, “Ez dago beste planeta bat” izenekoa, plastikoaren erabileraren ingurukoa.

Ekonomia zirkularra menuan

Baina, zalantzarik gabe, ekonomia zirkularraren kontzeptua abian jarri izanaren adibide onena bazkaltzeko orduan ikusi eta dastatu ahal izan da, Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleek jardunaldirako prestatu duten menu bereziaren bidez. Lehendabizi, kafetegiko barran eta ondoren eskolako jatetxeko jangelan kontzeptu horretan oinarrituta prestatu diren janaurrekoak eta platerak zerbitzatu dira, guztiak ere proiektuan parte hartzen duten beste ikastetxe batzuetatik ekarririko produktuak erabiliz atonduak.

Jardunaldirako prestaturiko menua:

 Barran, koktel erara zerbitzatua:

-Pate begetala, Lea Artibai Ikastetxeak prestatua

-Gazta freskoa irasagarrarekin, Lea Artibai Ikastetxeak prestatua

-Piper gorriak tenpuran

Bazkaria jatetxean:

-Derion ekoitzitako eta urinean emandako porru eta ahate entsalada

-Derion ekoitzitako barazkien eta fruitu lehorren lasagna

-Tilapia-solomotxoak barazkiekin, Tknikan akuaponia bidez ekoitziak, eta ibai-karramarroak

-Masail-pastela, ananazko hodeiarekin

-Lea Artibai gazta fresko moussea, kuia glazatuzko zilindroa, erremolatxa-hautsa, Derion ekoitziak, masusta gorrizko airea banana-izozkiarekin

Gaur Galdakaon bezala eta pasa den asteartean, urtarrilaren 22an, Leioako Ostalaritza Eskolan bezala, bihar ezaugarri bereko beste jardunaldi bat izango da Artxandako Ostalaritza Eskolan (Bilbon). Jarduera eta jardunaldi horiekin jarraituko da datozen hilabeteetan Arabako eta Gipuzkoako zentroetan.

Baina, gainera, ekonomia zirkularraren filosofiari jarraikiz, aste honetan zehar Euskadiko ostalaritzako eskolek Derioko Nekazaritza Eskolan ekoitzitako nekazaritzako elikagaiekin prestatutako plater bereziak eskaintzen dituzte.

 

Ekonomia Zirkularraren Proiektua Lanbide Heziketan

Lau lanbide-arlotako Euskadiko Lanbide Heziketako 13 zentrok osatzen dute Euskadiko Lanbide Heziketako Bioekonomia Aplikatuaren Sarea eta, beraz, 2017-2018 ikasturtean abian jarritako Ekonomia Zirkularraren Proiektu honetan parte hartzen dute.

Ikastetxeok zirkulu bat osatu eta ixten dute, nork bere arlotik lan eginez, era honetan:

  • Nekazaritza arloa: Derio, Fraisoro eta Arkaute, nekazaritzako elikagaiak ekoizten dituzten zentro diren aldetik.
  • Elikagaien Industriak arloa: Lea-Artibai Markina-Xemeinen, elikagaiak prozesatzen dituen zentroa den aldetik.
  • Itsasoa eta Arrantza arloa: Mutrikuko Kardala Akuikultura Eskola
  • Ostalaritza eta Turismoa arloa: Galdakao, Leioa eta Artxandako eskolak Bizkaian; CEBANC-CDEA Gipuzkoan; Egibide eta Gamarra Araban. LHko zentro horietan prestatzen eta kontsumitzen dira Nekazaritzako eta/edo Elikagaien Industriako beste eskoletatik datozen elikagaiak.

Zirkulu hori Ostalaritzako eskoletan batzen diren janari hondarrak eta hondakinak aprobetxatuz ixten da; horiekin, ongarri organikoak ekoizten dira, ongarri kimiko artifizialen ordez, Nekazaritzako Lanbide Heziketako eskoletan berriro erabiltzeko.

Ekonomia zirkularra kontzeptuak ekonomia jasangarria baliatzen duten ekimen guztiak batzen ditu, baldin eta horien helburua bada produktu, material eta baliabideen balioa zirkulu ekonomikoan mantentzea ahalik eta denborarik gehien. Kontzeptu horrek beste ideia bat ere badu, alegia, materialen egungo fluxu lineala (baliabideak-produktua-hondakinak) fluxu zirkularrera eraldatu behar dela (baliabideak-produktua-baliabide birziklatuak).

Diziplina arteko proiektua denez, ekimen honek eta haren barruan garatzen diren jarduerek aukera ematen dute zenbait LHko zentrotako ikasleen artean harremanak sortzeko, bai eta lanbide-arlo desberdinetako zentroen artean sinergia berriak ezartzeko ere eta, horrela, elkarrenganako ezagutza hobea izateko. Ikasleek jarduera horietan partaidetza zuzena izateak aukera ematen du, aldi berean, jasangarritasuna ikasgelan integratzeko eta kontsumo-ohiturak hobetzeko.

Euskadiko Lanbide Heziketako Ekonomia Zirkularraren Proiektuak dituen helburuak:

  • Ikasleetan ekonomia zirkularra kontzeptua zabaltzea eta dinamizatzea, zentroetan garatzen duten jardueraren eremura egokituta, garapen jasangarriaren alde garrantzitsu gisa.
  • Ekonomia zirkularrean oinarritzen den jarduera txikia garatzea eta, bertan, zenbait LHko zentrotako eta lanbide-arlotako ikasleek parte hartzea; horrela, ikasleak beraiek izango dira ekoizten dituzten produktuak ekoizteko zikloa ixteko protagonista.
  • Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleen artean lankidetzako lan-plataforma sortzea, ekonomia zirkularrean oinarritzen diren froga-proiektuak egingo dituena.