EH-BILDUk etxebizitza guztien errentamendu-prezioa legez mugatzeko egin duen proposamenaren aurkako irizpena eman du Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2019-12-26)

logoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 26

Legebiltzarreko taldeari gogorarazi dio Euskadin etxebizitza huts gehienak maila ertaineko diru-sarrerak dituzten pertsonenak direla, eta etxebizitza hori hainbat urtez ahalegina egin ondoren eskuratutako ondarea eta etorkizunerako diru-sarrera osagarrien bermea dela

Gobernu Kontseiluak, gaur, kontrako irizpena eman dio Legebiltzarreko EH-BILDU taldeak erregistratutako lege-proposamenari, etxebizitzaren errentamendu-prezioa mugatzekoari; izan ere, ez du mekanismo nahikotzat jotzen eta, bere ustez, konplika dezake Euskadin alokairuko etxebizitzaren eskaintza areagotzeko xedea.

Eusko Jaurlaritzak proposamena egin duen taldeari ohartarazi dio Euskadin hutsik dauden etxebizitza gehienak maila ertaineko diru-sarrerak dituzten pertsonenak direla eta etxebizitza hori hainbat urtez ahalegina egin ondoren eskuratutako ondarea dela. Kasu askotan, etorkizunerako diru-sarrera osagarrien bermea da; beraz, alokairu-errenta kontrolatzen bada, epe laburrera eta ertainera hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko pizgarria eta, ondorioz, eskaintza areagotzea gal litezke. 

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak EH-BILDUri gogorarazi dio Euskadik ez duela bizi beste hiriburu batzuetako errealitatea, Madrilgoa edo Bartzelonakoa, besteak beste; izan ere, haietan biztanle-dinamismo handia dago eta, beraz, etxebizitzaren alokairuaren pisua oso handia da. Bestalde, ez du intzidentzia handirik inbertitzaile pribatuen talde handiek etxebizitza-kopuru handien jabetza eskuratu eta kontzentratzeak, ondoren, alokairuan eskaintzeko.

ETXEBIZITZA HUTSEN ERREGISTROA

Eusko Jaurlaritzak bere estrategia du etxebizitzaren alokairurako, eta, etxebizitza hutsak mobilizatuz, eskaintza publikoa areagotzearen aldeko apustua egiten du. Hori horrela, gogorarazi du datorren urtean dagoeneko erabilgarri egongo dela etxebizitza hutsen erregistroa, bai eta haren funtzio soziala bermatzeko mekanismo batzuk ere.

Modu berean, Eusko Jaurlaritzak jarraituko du foru-aldundiei proposatzen alokairua merkatu-balioaren azpitik sustatu ahal izateko neurriak har ditzaten, alokairu-merkaturako eskuragarri dauden etxebizitzen eskaintza areagotu ahal izateko.

FORU-ZUZENBIDE ZIBILEKO BATZORDEA

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak EH-BILDUri ohartarazi dio, gainera, bere legegintza-ekimenaren bidez 5/2015 Legea aldatu nahi duela, kontuan hartuta nuklearra dela Euskadin euskal zuzenbide zibilaren arloaren indarreko antolamendurako. Hori horrela gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak prestatu eta onetsitako lege horren ondorioz Euskal Zuzenbide Zibilaren Batzordea dagoela eta hura arduratzen dela Gobernuari eta Ganberari foru-mailako eta bereziki lurralde historikoen mailako zuzenbide zibilaren inguruko aholkularitza emateaz. Bai eta lege-aldaketei buruzkoa ere, egin nahi den honi buruzkoa, esaterako.