Egurra materialik iraunkorrenetako bat da, Euskadin sektore mailan egin den produktuko lehen ingurumen adierazpenaren arabera

Baskegur1.jpg

2019.eko urriak 22

Gaur goizean, “Ingurumen ziurtagiriak. Lehiakortasunerako tresna berriak basogintza-egurgintza sektorean” jardunaldiari amaiera eman zaio, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozen eskutik. Jardunaldia Euskadiko Egurraren V. Astearen barruan egin da, Baskegurrek antolatuta.

Gaur, Produktuko lehen Ingurumen Adierazpena lortzeko egin den azterlanaren ondorioak aurkeztu dira. Azterlana Euskadin egin da, sektore mailan, eta ohol zerraturako izan da. Ondorio horietan azpimarratu dute egurra dela lehengairik iraunkorrenetako bat, lortzeko eta berritzeko dituen ezaugarriengatik eta berriro erabiltzeko edo birziklatzeko ematen dituen aukerengatik. Egindako analisiak adierazten du egurra ateratzean eta lantzean beste material batzuen ekoizpenean baino energia gutxiago kontsumitzen dela. Gainera, egurra da bere hazkuntza aldian karbono dioxidoa xurgatzen duen eraikuntza material bakarra, eta ezaugarri horrek zuzenean laguntzen du berotze globala geldiarazten.

Euskadin, basogintzaren eta egurgintzaren sektorea nazioarteko agertoki berrira egokitzen ari da, non iraunkortasuna baita sektorea lehiakorrago bihurtzeko tresna. Garrantzitsua da klima aldaketara egokitzeko lanei heltzea, basoen kudeaketaren bitartez eta bioekonomia bultzatuz.

Euskadik bioekonomian duen estrategia zeharkako politikak garatzean oinarritzen da, basogintzaren eta egurgintzaren sektorearen esparruan balio kate bat sortuta eta beste sektore batzuk ere inplikatuta, hala nola industria, energia edo kimika, berrikuntzaren bidez industria petrokimikoa, ehungintza, eraikuntza edo elikadura garatzeko, esaterako.

Euskadin basogintzako bioekonomiak duen bide orriak azpimarratzen duenez, balio erantsiko aukera berriak sortu behar dira baliabide biologiko eta ekoizpen prozesu iraunkorretan oinarrituta. Euskadik baditu bioekonomiara igarotzeko trantsizio horri bermeekin ekiteko behar diren elementu guztiak. Izan ere, 396.700 baso hektarea ditugu. Hau da, gure azaleraren %55 basoa da. Basogintzaren sektorea Euskadiren BPGd-ren %1,53 da, eta ia 20.000 pertsonari ematen die lana. Basogintzaren eta egurgintzaren sektorea gai da basogintzako bioekonomian oinarritutako negozio ereduetarantz igarotzeko, ekonomia eredu berri bat eta produktu berriak sortuta.