EAEko ekonomiaren hiruhilabetekaria, 2019ko 3. hiruhilekoa

2019.eko abenduak 23

EUSKO JAURLARITZAK EUSKAL EKONOMIAREN DESAZELERAZIOAREN AMAIERA ETA EGONKORTZEAREN HASIERA EGIAZTATU DITU

 

  • 2019ko hazkunde ekonomikoa %2,2koa izango da, eta 2020koa %1,9koa (irailean aurreikusitakoa baino hamarren bat txikiagoa).
  • %1,6ko enpleguaren aurrerapena 2019an (15.500 lanpostu) eta %1,2koa 2020an (11.500 lanpostu)
  • %9,7ko langabezia tasa 2019an eta %9,6koa 2020an (biak bi dezima baino gutxiago)

 

Ogasun eta Ekonomia Sailak 2019ko hirugarren hiruhilekoari dagokion Euskal Ekonomiari buruzko Txostena argitaratu du gaur, eta bertan, Euskadiko desazelerazioaren amaiera eta egonkortzearen hasiera egiaztatzen dira. 2019ko hazkundeak %2,2an jarraitzen du, eta 2020rako %1,9ko hazkundea aurreratzen da, irailean aurreikusitakoa baino hamarren bat txikiagoa. Azkenik, 2019an enpleguak %1,6 aurrera egitea espero da, eta 2020an %1,2, Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzaren aurretiazko txostenean aurreikusten zen bezala; hau da, 2019an 15.500 lanpostu inguru eta 2020an 11.500 bat lanpostu sortzea. Langabezia-tasari dagokionez, aurreikuspenak hobetu egin dira, eta aurreikuspen horien arabera, %9,7an egongo da 2019an, eta %9,6ra jaitsiko da 2020an, biak bi dezima baino gutxiago.

2019ko hirugarren hiruhilekoan, EAEko ekonomia %2,1 igo zen, urteko lehen erdian baino hamarren bat gutxiago baino ez. Emaitza horrek egonkortasun erlatiboaren irudia ematen du BPGaren bilakaeran, ia ez baitu eraginik urte osorako aurreikusten den eta %2,2an jarraitzen duen zifran. Beste behin, hiruhileko horretan, EAEko hazkundearen erritmoa Europako batez bestekoa baino askoz handiagoa dela azpimarratu behar da, bai eurogunearekin (%1,2) bai Europar Batasunarekin (%1,4) alderatuta.

Hazkundeak eskariaren arabera izan duen banaketak inguruko herrialdeekiko hazkunde-diferentzia horrek ez dakarrela kanpoko saldoaren ondoriozko dinamismo-galerarik adierazten du, esportazioen eta inportazioen balantzea nahiko neutroa baita. Nazioarteko merkataritza geldiarazten duten mehatxuak, Brexit-a eta Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra, batez ere, konponbiderako bidean daudela dirudi, baina hirugarren hiruhilekoan erabat indarrean zeuden, eta eragina izan zuten euskal enpresen merkataritza arloko trukeetan.

Euskadiko kanpo-merkataritzak bizi duen geldialdiaren salbuespen nagusia Erresuma Batua da. Merkatu horretan, euskal produktuen salmentek %38,0 egin zuten gora hirugarren hiruhilekoan. Hazkunde handi horrek, ia oso-osorik, 222 milioi euroko balioa duten trenbiderako ibilgailuen salmentari erantzuten dio, Euskadik herrialde horretara egin duen esportazio osoaren herena baino gehiago hartzen baitu.

Ziurgabetasun orokor horrek ez zion eragin, oro har, barne-eskaerari, %2,0 igo baitzen. Hala eta guztiz ere, kapital-eraketa gordinak bultzada galdu duela hautematen da, ekipo-ondasunetan egindako inbertsioan, batez ere, %0,8 baino ez baita igo. Gainerako inbertsioaren portaera hobea izan da, eraikuntzan egindakoa barne, aurreko emaitza hamarren batzuetan hobetu baitzen,%2,9 igo arte.

Alderantziz, azken kontsumoak moteldu egin zuen aurretik erakutsitako desazelerazio leuna, eta hazkunde-erritmoa hamarren bat hobetzea lortu zuen (%2,0). Multzo horrek dituen bi osagaietatik, administrazio publikoen kontsumoa izan zen hobekuntza leunaren arduraduna, %2,4ko igoera erregistratu baitzuen, aurreko bi hiruhilekoetan baino lau hamarren gehiago. Bestalde, familien kontsumoaren urte arteko erritmoak moteltzen jarraitu zuen, eta %1,8 egin zuen gora, bigarren hiruhilekoan baino hamarren bat gutxiago. Enpleguaren intentsitatea galtzea izan da bilakaera horren arrazoi nagusia.

2020an industriaren susperraldi txiki bat espero da, aurtengo emaitza lau hamarren hobetuz, %1,1era iritsi arte; eraikuntzak eta zerbitzuek, berriz, intentsitatea galduko dute epealdiek igaro ahala.

Eskaintzaren ikuspegitik, hirugarren hiruhilekoaren ezaugarria sektore nagusiek lortutako erritmoei eutsi egin zaiela da, lehen sektorean izan ezik, haren balio erantsia nabarmen okertu baitzen (-%1,8). Hala, industriak %0,7ko igoera izan zuen, 2019ko lehen bi hiruhilekoetan lortutako aurrerapenen nahiko antzekoa, manufakturen alorra (%0,3) geldialdira hurbiltzen ari den arren. Bestalde, eraikuntzak %2,9 garrantzitsua egin zuen gora, aurreko datuaren antzekoa, baina 2018an lortutako emaitza bikainetatik (%4,1) urrunduz.

Azkenik, zerbitzuen balio erantsia %2,7 igo zen, aurreko hiruhilekoetako datuen antzera. Sektore hori osatzen duten hiru jarduera-blokeetako batek ere ez zen aldaketa nabarmenik izan aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta ez dago alde handirik bakoitzak erakutsitako zifratan: Administrazio publikoarekin erlazionatutako jardueren %2,4aren eta gainerako zerbitzuen %2,8aren artean mugitzen dira.

Enpleguak jarraipena eman zion 2018ko erdialdetik bizi den dezelerazio bide leunari, eta urte arteko hazkundea %1,6koa izan zen. Tasa horren ondorioz, 15.200 lanpostu inguru sortu dira, azken urtean sortutako lanaldi osoko lanpostu garbien baliokideak, hain zuzen ere. Kopuru horretatik, 12.600 lanpostu zerbitzu arloko jardueretan sortu ziren, eta, lehen aldiz, sektore hori 700.000 lanpostutik gorako mailara heldu da. Eraikuntzak izandako gorakada ere esanguratsua da (%2,3). Azkenik, industriako enplegua %0,5 hazi zen, eta 1.000 lanpostu berri baino zertxobait gehiago eman zizkion ekonomiari.

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 23an