Donostia Unibertsitate Ospitaleak hesteetako gaixotasun inflamatorioaren tratamenduagatiko aitormen gorena jaso du

2019.eko abenduak 19

  • Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitateak Bikaintasun Ziurtagiria jaso du Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioa (HGI) duten pazienteentzako Arreta Integraleko Unitate gisa.
  • Unitate hori 2014an sortu zen, eta gaur egun, gutxi gorabehera, Crohn-en gaixotasuna eta kolitis ultzeraduna duten 1000 paziente daude erregistraturik.
  • Pronostikoa hobetzeko eta HGIren sintomak kontrolatzeko gakoak diagnostiko goiztiarra eta tratamendu indibidualizatua dira.

 

Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitateak Bikaintasun Ziurtagiria jaso du Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioa duten pazienteentzako Arreta Integraleko Unitate gisa. Egiaztagiri horrek erreferentziazko ospitalearen izaera ematen dio osasun-zentroari, eta aitormena egiten dio unitateko arretari eta ikerketari.

Aitormen honen jatorrian Crohn-en Gaixotasunaren eta Kolitis Ultzeradunaren Espainiako Lantaldeak (GETECCU) garatu eta bultzatzen duen programa bat dago: Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioa duten pazienteen Arreta Integraleko Unitateen Ziurtagiri Programa, hain zuzen ere.  Programa hau aitormenik handiena da unitate horientzat Espainiako HGIren arretan egiten duten lanari dagokionez; izan ere, erreferente gisa kokatzen ditu eskualdean eta nazioartean.

Muñagorri medikuak azaldu duenez, 2014az geroztik martxan den Donostia Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitatearen helburua da hesteetako gaixotasun inflamatorioa duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzea.  Gaur egun, unitate honek Crohn-en gaixotasuna eta ultzeradun kolitisa duten 1000 pazientetik gora artatzen ditu.

HGI duten pazienteen pronostikoa hobetu eta haien sintomak kontrolatzeko gakoak dira diagnostiko goiztiarra, askotariko diziplinen abordatzea, eta pazienteen tratamendu pertsonalizatua eta monitorizazioa.  Erremisio klinikoari jarraituki eusteak garrantzia du, eta horrek HGIren inflamazio-jarduera zehaztasunez monitorizatzea eskatzen du. Tratamendua egokitu egin behar da, kontuan hartuta gaixotasunaren ezaugarriak, larritasuna, berriz gaixotzeko arriskua eta progresioaren arriskua. Berebiziko garrantzia dauka tratamenduarekiko atxikipena

monitorizatzeak, modu horretan emaitzarik onenak lortzeko, farmakoen eraginkortasuna baloratzeko eta albo-ondorioak behatzeko.

HGI duten pazienteen Arreta Integraleko Unitateen egiaztapenak Donostiako Unibertsitate Ospitaleko langileei egindako lana aitortzen die, eta horrek bide ematen die kalitatezko asistentzia ematen jarraitzeko eta beren arloan ikerketa eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitzeko. Are gehiago, Muñagorri medikuak dioen bezala, gero eta garrantzia handiagoa dauka HGIko Unitateak, non profesionalek pazienteekin batera lan egiten duten. HGIren gaixotasunak askotariko diziplinen tratamendua behar du, eta arreta integral ona emateko beharrezkoa da erizaintzako kontsultaren eta kolon eta ondesteko kirurgiaren arteko lankidetza. 

Muñagorri medikuaren hitzetan, “ziurtagiri hau jaso izanak berresten du egokia izan dela urte hauetan paziente hauen arreta hobetzeko egin dugun lana, eta horrek egunero hobetzen jarraitzeko indarrak ematen dizkigu”.

Aitormen ziurtagiri hau jasotzeko, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Hesteetako Gaixotasun Inflamatorioaren Unitateak  kanpoko auditore independente baten, Bureau Veritasen, auditoretza gainditu du. Entitate horrek GETECCUK ezarritako 53 adierazleak ebaluatu ditu. Adierazle horiek, bestalde, unitateak lantzen dituen alderdi guztiak hartzen dituzte kontuan; esate baterako, erizaintza, kirurgia, arreta-protokoloak, ikerketa, ekoizpen zientifikoa eta prestakuntza.

 

Donostia, 2019ko abenduak 18