Dirulaguntza zuzena Makina Erremintaren Hezkuntza Teknikorako Fundazioari, prestakunta dualeko ekimenak garatu ditzan (Gobernu Bilera 2019-11-05)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 05

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Elgoibarko Makina Erremintaren Hezkuntza Teknikorako Fundazioari dirulaguntza zuzen bat ematea, Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolak 2019ko urterako definitu eta lehenetsi dituen ekimenak finantzatu ahal izan ditzan. Dirulaguntza honek 27.150 euroko kopurua du.

Elgoibarko Makina Erremintaren Hezkuntza Teknikorako Fundazioa (IMH) industria eta komunitatearen zerbitzura dagoen Formakuntza eta Berrikuntza Teknologikoko zentro bat da, formakuntza-jardueren, zabalpen teknologikoaren eta zerbitzu teknikoen bitartez. Zentro honetan lantzen diren formakuntza-jarduera garrantzitsuenak Lanbide-Heziketa, Unibertsitate-Formakuntza eta Etengabeko-Formakuntza dira.

IMHren Ingeniaritza Dualaren Unibertsitate Eskolak, UPV/EHUri atxikitako zentro gisa, Prozesu eta Produktu Berrikuntzako Ingeniaritzako Gradu Duala eskaintzen du, orotara 200 ikasle inguru dituelarik bere lau mailetan. Aipaturiko Graduaz gain, graduondoko berezko beste bi titulu ere diseinatu ditu: Industria 4.0rako Datuen analitika Prediktiboko Proiektuak, eta Fabrikazio Gehigarria, biak punta-puntako enpresekin eta berrikuntza-sistemako eragileekin lankidetzan diseinatuak.

Unibertsitate Eskola honen 2019rako jarduera-programak, lan ildo eta helburuen artean honako hau jasotzen du: erreferentziazko proiektu bat garatzea prestakuntza dualaren eta enpresekiko lankidetzaren esparruan, estatu mailan. Helburu horretarako bideratzen da gaur onarturiko dirulaguntza.

Prestakuntza-eredu dualean, unibertsitatearen eta enpresaren arteko heziketa konbinatuari esker, txikitu egiten da irakaskuntza klasikoaren eta errealitate profesionalaren arteko distantzia. Eusko Jaurlaritzaren Unibertsiatea+Enpresa Estrategiak bultzatzen duen eredu berritzaile honek ahalbidetzen du bi testuinguru desberdinetan garatzea denbora errealean ikasleak bereganatu dituen gaitasunak –unibertsitate-jakintza batetik eta enpresan landutako ikasketa esperimentalak, bestetik–, era honetan lan mundurako sarrera bermatuz.