Cristina Uriartek hasiera eman die "Eskola abian: inklusioaren eta berdintasunaren bidean" jardunaldiei

2019.eko martxoak 06

  • 600 parte hartzaile inguru elkartuko dira bi egunez, hezkuntzako profesionalak eta unibertsitate eremuko ordezkariak tarteko
  • Bilboko Euskalduna Jauregia eskola inklusiboaz eta hezkidetzaz hausnarketa partekatua egiteko bilgune bihurtuko da

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordearekin batera, irekiera eman dio gaur goizean “Eskola abian: Inklusioaren eta berdintasunaren bidean” izenburuarekin gaur eta bihar (martxoak 6 eta 7) Bilbon burutuko diren jardunaldiei.

600 parte-hartzaile ingururekin, hezkuntza arloko profesionalak gehienak, baina unibertsitate eremuko ordezkaritza zabala ere bertan dela –ikertzaile zein unibertsitate ikasle-, Euskalduna Jauregia berdintasunean ikasteko eta bizikidetzan hezteko erronkari eta erantzukizunari buruz hausnarketa egiteko bilgune bihurtuko da bi egunez.

Nazioartean ezagunak diren adituen hitzaldiak ageri dira egitarauan, beren hausnarketen eta ezagutzen berri eman dezaten. Tony Booth unibertsitate irakasle eta ikertzaile britainiarrak eskola inklusiboaren dilemen inguruko hitzaldia eskaini du gaur goizez. Bihar berriz,  Marian Moreno Llaneza arituko da, hezkidetzaren zutabeez eskainiko duen hitzaldian. Era berean, kalitatezko eskola eta gizarte hobea eraikitzeko ahaleginen adibide diren jarduera profesional batzuk ikusaraziko dira Euskaldunan, gure eremuan eta beste erakunde batzuekin elkarlanean abiatutakoak horiek. Jardunaldi hauek eragileen arteko topaleku izatea dute helburu, eta hezkuntza-eremuan esku hartzeko proposamen berriak ezagutzeko unea eskaintzea.

Inklusibitatea

Irekiera hitzaldian, azken hamarkadotan Euskadin eskola inklusiborako bidean egin den ibilbidea izan du hizpide Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, edo baita azken urteotan inklusibitatea kontzeptuak berak izan duen bilakaera ere. “Honetan ere ibiliaz ikasi dugulako bidea zein den. Gaur hemen zaudeten askok gertutik bizi izan dituzue eskola inklusiboari dagokionez hezkuntzan egin ziren lehen urratsak. Zalantzarik gabe, premia bereziak dituzten ikasleei arreta berezia ematea hezkuntzak berezkoa duen elementua da, baina hezkuntzan modu antolatu eta koordinatuan emandako lehenengo urratsez ari naiz orain”.          

Horrela bada, UNESCOk bultzatuta 2015ean ospatu zen Munduko Foroan erdietsiriko kontsentsua ekarri du gogora sailburuak, bertan esaten baita ezin dela hezkuntza helbururik guztiz betetzat jo, ikasle guztientzako lortu ezean helburuok. “Guztiok partekatzen dugun hausnarketa dela uste dut, eta guztiok ari gara, hezkuntza-komunitate gisa, horren alde lanean. Hezkuntza-beharrizan bereziak kontzeptua ondoan dugula egin dugu lan azken urteotan, eta kontzeptu horrekin batera lan egin dugu ikasleek modu partekatuan elkar bizi, parte hartu eta ikas dezaten, ahalik eta espazio kopuru handien eta denbora luzeenean. Hezkuntza-komunitatearen ahaleginak pertsona guztien arteko kalitatezko interakzioaren aldeko apustua egin du, emaitza akademiko eta etiko onenak lortze aldera. Hala ere, mota askotako oztopoek, aurreiritziek esaterako, estereotipoek, edo curriculum materialetarako irisgarritasun faltak bere horretan iraun dute egunerokotasunean” azaldu du.

“Etengabeko analisi horretan, hezkuntza laguntzako berariazko beharrizanak kontzeptua indartzen ari da azken urteetan gure artean. Eboluzio logikoa izan da, aniztasunari hobeto erantzutea ahalbidetzen baitu, bere adierazpide guztietan”.    

Ildo horretan, “Errealitateak urratsak ematea eskatzen digu, hezkuntza komunitate gisa” azaldu du Uriartek, Eskola Inklusiboa garatzeko Esparru-Plana hizpide hartuta. Plan honek bere baitan hartzen ditu aniztasunaz zentzurik zabalenean arduratzen diren gainerako ekimen, plan edo programak, indarrean daudenak zein etorkizunekoak. Aterki zabal honen barnean lekua dute: hezkidetza planek; eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako Bizikasi ekimenak; iritsi berri diren ikasleei eta jatorri atzerritarreko familietako ikasleei arreta emateko planak; berariazko hezkuntza laguntza behar duten  ikasleei erantzuna ematen dietenak (eta hauen artean hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzenduak); edo gaitasun handiko ikasleei arreta emateko plana.

Hezkidetza

Irekieran, hezkidetza eta hezkuntza sistemaren inguruko hausnarketa ere partekatu du Uriartek, horixe izango baita gai nagusia bihar jardunaldi hauetan. “Hezkidetzak, neska mutilen arteko berdintasunaren aldeko errekonozimenduak, tamalez, etengabeko ahalegina eskatzen du, eta horretarako prest gaude”, azaldu du.

“Gure hezkuntza sisteman hezkidetza sendotzen jarraitu beharraz ari garela, ezer baino lehen irakasleen ahalegin eta dedikazioa nabarmendu nahiko nituzke, baita zuzendaritza-taldeena ere, egunero ari baitira ikasleen ongizatea lortzeko lanean. Ikasleak balio sendoetan heztea baino gauza baliagarriago gutxi egongo dira, inor beste inor baino gehiago ez dela uste osoz, haurra mutil edo neska jaio delako. Erabat zentzuzkoa da hori, baina, zoritxarrez, landu egin behar da logika hori, hezkuntza-komunitate osoaren ahaleginaren bidez. Tresna berriak eman nahi dizkizuegu, orientazio eguneratuak, helburu homogeneizatuak, baina erritmo eta errealitate bakoitzera egokituak. Azken batean, administrazioak, irakasleek eta hezkuntza-komunitateak, gure hezkidetza-jarduera finkatzeko zutabeak definitu ditugu. Eta zutabe horiek izango dira gure sostengu, guztion artean horiek eguneratzea erabaki arte. Iraupen-lasterketa delako honakoa, eta gure iparra argi dugu: lortu nahi dugun gizartean pentsatu behar dugu, eta norabide horretan lan egin. Gure gizartean benetako berdintasuna lortu nahi dugu, eta lortuko badugu, hezkuntzari esker izango da” ziurtatu du.

Elementu horiek guztiak EAEko hezkuntza sistemarako II. Hezkidetza-Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023) deritzon planean jasotzen dira. Plan honek hezkidetzaren zortzi zutabe identifikatzen ditu. Zutabe horietan izango dute oinarria ikastetxeek zein hezkuntza komunitateek garatuko dituzten jarduerek, betiere hezkidetza helburu hartuta, hau da, beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan genero-ikuspegia txerta dezaten; edo Indarkeria matxista prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horiei erantzun eraginkorra emateko mekanismoak abian jartzeko helburuz.