Cristina Uriartek Euskal Eskola Publikoaren festaren irekieran parte hartu du

20190602_113945.jpg

2019.eko ekainak 02

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso eta Olatz Garamendi sailburuordeak lagun zituela, Euskal Eskola Publikoaren 28. festari irekiera emateko ekitaldian hartu du parte gaur goizez, Errenterian. Haiekin batera, eta Hezkuntza Sailaren ordezkari, han izan dira Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria eta Polentzi Urkijo, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendaria ere.

Bere hitzaldian, gizarteko beste hamaika arlotan gertatzen den bezalaxe, hezkuntzan ere lankidetzan aritzeak duen garrantzia eta dakarren aberastasuna hartu du hizpide Uriarte sailburuak. “Kasu guztietan gainera: jai bat antolatzerako orduan, ikastetxeko elkarbizitzaren alde egiterakoan, edota gure hezkuntza sistemaren hobekuntza bilatzen dugunean. Kasu guztietan da beharrezkoa lankidetza. Horrek egiten gaitu indartsu”, azaldu du.

Ildo horretan, lankidetzan oinarriturik eta beti adostasuna bilatuz, Euskal Eskola Publikoak gure hezkuntza sistemaren zutabeak ezartzeko lanean izan duen garrantzia azpimarratu du Uriartek. “Urteak joan urteak etorri, gure herri honek argi izan ditu eta argi ditu bere lehentasunak. 30 urte hauetan gure hezkuntza sistemaren zutabe sendoak eraiki ditugu, eta lan horretan Euskal Eskola Publikoak zeresan handia izan du. Arduraz jokatuz, ondo dagoena aprobetxatuz, eta hobetu beharrekoa aldatuz. Eraikitakoaren gainean eraiki dugu, eta ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsonen artean egin dugu gainera. Gure seme-alaben Hezkuntzari garrantzi izugarria ematen diogulako. Horrek harro sentiarazi behar gaitu. Eta bide horretatik jarraitu behar dugu. Elkarlanean, euskal gizarteak horrela eskatzen digulako. Behin baino gehiagotan azpimarratu izan dut, sarritan, egunerokotasunean, banantzen gaituzten gauzetan jartzen dugula fokua. Kritikei protagonismo handiegia ematen diegu, nahiz eta ados gauden gauzak askoz gehiago eta garrantzitsuagoak izan. Ahalegin berezia egin beharko genuke batzen gaituzten gauzak azpimarratzen eta goraipatzen,  beti ere kritika eraikitzaileak bultzatuz”.

Lankidetza-ibilbide horretan kokatu du Uriartek Hezkuntza Sailak Hezkuntza  Lege-proiektu berri bat aurkezteko hartua duen konpromisoa. “Lehen urratsak ematen ari gara, eta ibilbide honetan denak gara, denak zarete garrantzitsuak. Orain indarrean dagoen legeak 27 urte bete ditu jada, eta bistan dago zenbat aldatu den hezkuntza urte horietan guztietan. Besteak beste irakasteko eta ikasteko sistemak zeharo aldatu dira, metodologiak berritzen joan dira, eta teknologiek protagonismo izugarria hartu dute. Eta honek guztiak ez dauka beharko lukeen protagonismorik gaur egun indarrean dagoen legean”.

“Beharrezkoa da XXI. mendean izaten ari diren aldaketak jaso eta barneratzen dituen Hezkuntza Lege berri bat. Baina hau guztia esanda, argi dago, hezkuntza komunitatearen babesik eta laguntzarik gabe, asmo hori hankamotz geratu daitekeela. Gure gizartea aldatuz doa, eta aldaketa horren isla hezkuntzan ere sentitzen dugu. Kolore askoz osatutako hezkuntza gara, jatorri ezberdinetako pertsonek osatzen dute. Baina gure hezkuntza sistemara hurbiltzen diren momentu berean, bat gara. Haiek ez dira hangoak, eta gu hemengoak. Denak gara gu. Errenteria da horren adibide. Gure hezkuntza sistemak, beso-zabalik hartu behar ditu ikasleak, eta horrela ari da egiten. Guztien konpromiso eta ahaleginarekin. Hori ere herri erronka dugu, eta denon borondate onarekin eta konplizitatearekin, gure hezkuntza aberatsagoa egingo dugu, zalantzarik gabe”.

Bukatzeko, euskal gizarteak hezkuntzaren alde egin duen ahalegina gogorarazi du Cristina Uriartek. “Gizarte honek, eta bere baitan Euskal Eskola Publikoak, ahalegin berezia egiten du hezkuntzaren alde. Hezkuntza, hitz handia eta zabala dugu. Bere baitan mundu oso bat jasotzen du. Matematikak hezkuntza dira, ingelesa hezkuntza da, euskara hezkuntza da, baina baita kultura, aukera berdintasuna, neska eta mutilen arteko berdintasuna, bullying-aren aurrean izan beharreko jarrera edota besteenganako errespetua ere. Hori guztia da hezkuntza, horretan eta beste gauza askotan hezten ditugu gure seme alabak. Jarrai dezagun norabide berean. Banatzen gaituena landuz eta batzen gaituena aprobetxatuz. Guztion onerako izango da”, esanez amaitu du.