Cristina Uriarte sailburua ikasleekin egindako topaketa zientifikoan izan da, Passion for Knowledge jaialdiaren baitan

2019.eko urriak 02

  • Nesken artean bereziki, zientzia-bokazioa piztu ahal izateko honelako topaketek duten garrantzia azpimarratu du Uriartek

  • Sailburuak irakasleei eskerrak eman dizkie ikasleen prestakuntzan duten inplikazioagatik, eta haien lanak gizarte-mailan sona handiagoa izan dezan eskatu du

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, gaur goizean, Donostiako Eureka Museoan ikasle gazteekin egin den topaketan hartu du parte, egun hauetan Euskadin ospatzen ari den Passion For Knowledge jaialdiaren barruan.

Uriarterekin batera topaketan egon dira DIPC zentroko zuzendari Pedro Miguel Etxenike, eta bertan parte hartu eta ikasleekin jardun duten goi-mailako hiru zientzialari: Jean Pierre Sauvage, Jocelyn Bell eta Ignacio Cirac.

Bere hitzaldian, Hezkuntza sailburuak DIPC —Donosti International Physics Center— zentroari eskerrak eman dizkio, beste behin, Euskadin eta Euskaditik kanpo erreferente bihurtu den ekitaldi zientifiko bat antolatzeko egin duen lanagatik. Horregatik, aretoan bildutako ikasleei goi-mailako zientzialariak bertan egoteak suposatzen duen pribilegioa azaldu nahi izan die. “Benetan uste dut pribilegiatuak sentitu behar zaretela. Munduko zientzialari onenetako batzuekin topaketa partekatzeko aukera duzue. Argi eduki behar duzue ez dela bat ere erraza, ezta ohikoa ere, maila honetako zientzialarien hitzaldietan egoteko eta eurekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izatea”.   

Uriarte sailburuak irakasleen lana ere aldarrikatu du. Eta honako hau adierazi du: “irakasleek topaketa honen aldeko apustua egin duzue, zuen ikasleentzako bereziki aukera interesgarria dela uste duzuelako. Behin baino gehiagotan adierazi dut, eta gaur berriro aipatu nahiko nuke testuinguru hau aprobetxatuz. Gure gizarteak aurrera egiten du, neurri handi batean, irakasleen lanari eta konpromisoari esker. Zuena baino lan sentikorrago eta garrantzitsuago gutxi egongo dira. Eta gure gizarteak zuen lanari garrantzi handiagoa ematea gustatuko litzaidake. Hobeto ikusita egon beharko zenukete. Guztion artean lortu behar dugu hori. Irakasleek gure gizartearen etorkizuneko euskarriak prestatzeko erantzukizuna dute”.

Uriartek hitzaldia Eureka Museoko aretoan bildutako ikasleei zuzendutako mezu batekin amaitu du. “Elkarren premia dugu. Oso zaila izango zenukete erakundeen babesik eta gaur biltzen gaituena bezalako ekimenik gabe, baina zuen esfortzurik eta ilusiorik gabe ere lan guztia alferrik izango litzateke. Ziur nago Passion For Knowledge jaialdiaren etorkizuneko edizioetan zuetako batzuk hemen goian egongo zaretela, beste ikasle batzuk zientziara hurbil daitezen animatuz. Etorkizuna zuena da”.