Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Gipuzkoako Eskola Txikien Jaian parte hartu du

20190609_114441.jpg

2019.eko ekainak 09

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Gipuzkoako Eskola Txikien Jaiari hasiera emateko ekitaldian hartu du parte gaur goizez, Usurbilgo Aginaga auzoan.

Bere hitzaldian, eskola txikien hezkuntza-eredua izan du hizpide sailburuak, hauek inguru hurbilenarekin duten harreman estua goraipatuz. “Eskola txikiek xarma berezia duzue, oso hurbileko hezkuntza eskaintzen duzue, hezkuntza komunitate oso estua zarete, eta gainera, bizia ematen diozue auzoari edo herriari. Asko ematen duzue, eta horregatik zarete hain maitatuak. Hezkuntza-komunitate txikiak zarete, baina horrek egiten zaituzte, hain zuzen ere, handi. Gurasoek haur guztien izenak ezagutzen dituzue; edozein irakasle ikasle guztien maisu edo andereño sentitzen da, nahiz eta zuzenean bere irakaslea ez izan. Konpromisoa eta elkarlana dira zuen ikur”, baieztatu du Uriartek.

Eskola txikiek kokaturik dauden herriei ematen dieten bizia ere nabarmendu du Hezkuntza sailburuak. “Zuen ontasun guztia ez da ikasleei eskaintzen diezuen hezkuntzan bukatzen. Askoz gehiago zarete. Eta hori, eskola txikia duen edozein herrik ondo baino hobeto daki. Haur eta gazteak hezteaz gain, poztasuna ematen diozue inguruari. Ume txikirik gabeko herria, herri hila baita”.

Hurrengo ikasturtean zehar Gipuzkoan hiru eskola txikik azpiegitura berriak izango dituztela ere gogoratu du Uriartek, zehazki Arroan (Zestoa), Oikian (Zumaian) eta Alkizan. “Guretzat oso pozgarria da Arroako, Oikiako eta Alkizako hezkuntza komunitateek hezkuntza azpiegitura berrituak izatea. Sarritan aipatu izan dudanez, hezkuntza sistemaren kalitatea, beste gauza askoren artean, azpiegituretan ere oinarritzen da. Gure asmoa, gure nahi eta gure ahaleginak norabide horretan daude zuzenduta”.

Aipaturiko horiez gain, Hezkuntza Sailak eskola txikietarako eskuartean dituen beste proiektu batzuk ere aurreratu ditu Cristina Uriartek: Angiozarko eskola handitzea, Bergaran; Itsasondoko Urkipe Herri Eskolan ikastetxe berria egitea; eta Zeraingo eskola hobetzeko lanak. “Lan hauen epeak aurrerago zehaztuko ditugu, baina gure plangintzan jasota daude, eta ekingo diogu. Beharrezkoa da etengabeko hobekuntzak bultzatzea, eta horretan gabiltza”, esanez amaitu du.