Biomasa-galdara batek Sestaoko 250 familia hornituko ditu berogailuz eta ur beroz

biomasa-Sestao.jpg

2019.eko abenduak 27

  • Energiaren bidea: Sestao.
  • EEEren bultzada izan duen energia berriztagarrien instalazio honek Txabarri auzoaren gizarte arloko hobekuntza eta hiri-berroneratzea ekarriko ditu.
  • Proiektuak Txabarri kalearen guneko jabeen premiei erantzun diezaien lan egin du Sestao B 2010 sozietate publikoak eta finantzaketa-planak familia bakoitzaren posibilitateetara egokitzeko prozesuan parte hartu du.

Sestaoko Txabarri-Sol eremuko etxebizitzak berokuntzaz eta ur bero sanitarioaz zuzkitzeko xedez, biomasako instalazio baten alde egindako apustua funtsezko bihurtu da 250 familia ingururen bizi-kalitatean hobekuntza lortzeari begira, izan ere, familia horiek erosotasuna, ongizatea eta segurtasuna areagotuko baitituzte basoetako egurra energia-baliabide gisa erabiltzea oinarri duen bero-sare batek eskaintzen dituen abantailei esker.

Energia berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioek abantailak ekartzen dituzte ingurumenaren arloan, efizientziaren arloan, energia aurreztearen arloan eta, ondorioz, aurrezpen ekonomikoaren alorrean. Hori dela eta, EEEk teknikoiki eta ekonomikoki eman dio bultzada proiektu horri.

Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak eta Pedro Jáuregui Etxebizitzako sailburuordeak proiektua garatzen ari den instalazioa bisitatu dute Sestaoko Udalak eta Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak osatzen duten Sestao Berri sozietate publikoaren eskutik. Josu Bergara herriko alkatea, Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia eta Luiskar Delgado Sestao Berriko zuzendari kudeatzailea ere izan dira bisitan. Javier Zarraonandia sailburuordeak azpimarratu duenez, "erakundeen arteko lankidetzak, energia-kontsumoen eta ongizatearen eta garapenaren arloan erabateko berroneratzea gauzatzeko” balio izan du. Bestalde, Pedro Jáureguik adierazi duenez, "Etxebizitza Sailaren lehentasuna ez da soilik pertsonei etxebizitza duina eta beren beharretara egokitutakoa eskuratzea erraztea, baizik eta etxebizitza hori energetikoki ahalik eta eraginkorrena izatea lortzea”. Gai horri heltzen diogu gehien sustapen berrietan eta gauzatzen ditugun birgaitze-programetan ". Azkenik, Josu Bergarak eskerrak eman dizkie erakundeei" Txabarri auzoari ematen ari zaizkion laguntzagatik, azken urteotan egin diren eta etorkizunean jarraipena izango duten birsortze-planak garatzeko ".

Auzo-berokuntza edo “district heating” delakoa honako honetan datza: energia-birgaitzean eta biomasarekin produzitutako bero-sare baten diseinuan, zeinak berokuntzarekin eta ur beroarekin hornitzen dituen 250 etxebizitzak osatutako jabeen zortzi komunitate Sestaoko Txabarri-El Sol gunean. Udalerriko behealdea da, hiri-berroneratze premia bereziak dituena, eta bertan gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden familia kalteberak bizi dira.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren, IDAE Dibertsifikaziorako eta Energiaren Aurrezpenerako Institutuaren eta EU-Gugle Europako Erkidegoko hiri eta barruti adimendunen babesa izan du hiri-berroneratze proiektu honek.

Biomasako galdara-gela bat instalatzea izan da instalazioaren mantentze-lanak hobeto kudeatzeko eta araudietara egokitzeko hartutako soluzioa, horren bidez segurtasuna gehituta, ekonomikoki dituen abantailekin batera. Gelak 1,4 MW-eko potentzia ematen du eta pelletetarako siloak ditu. Hiru galdara daude, bi biomasakoak dira, 500 eta 250 kW-ekoak, eta bat gasekoa da, 650 kW-ekoa. Galdarak erdialdeko gune batean instalatu dira, jarduna bertan garatu baita, eta bertatik beroa banatzen da. Hormigoizko kubo batekin estali da, eta estalkiaren gainean plazatxo bat egitea ahalbidetu du auzokideentzat, igogailu batez hornitua, Txabarri eta Los Baños kaleen arteko irisgarritasuna hobetzeko.

Sestao, Europako erreferentzia

Hormigoizko kuboaren eraikuntza eta galdaretako instalazioa Sestao Berrik egin ditu, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren, Udalaren eta EU-Gugle europar proiektuaren diru laguntzez.

Gainera, proiektu honek Energiaren Euskal Erakundearen lankidetza jaso du, jabeek energia berriztagarrien instalazioetarako laguntza-programa baliatzeko aukera izan dutelako. EEEk atarietatik sare nagusirako loturak egiteko diru-laguntzak eman ditu eta auzokideek energia garbi, bermeduna eta segurua lortu dute, basoko biomasaren bitartez lortua dena.

Europar Batasunak bultzatu duen EU-Gugle proiektuak 1,36 milioi euroko inbertsioa egin du Sestaon. Programa honek sei hiri-pilotutan frogatu nahi du “ia zero energia” motako energia-birgaitzeak eskala handian egitea bideragarria dela, Europa osoan, komunitate eta hiri adimendunetan, datorren 2020. urtean. Hiriguneetan birgaitze jasangarriak martxan jartzeko posibilitateak frogatzeko, Sestaoz gain, Viena (Austria), Akisgran (Alemania), Milan (Italia), Tampere (Finlandia) eta Bratislava (Eslovakia) hiriek proiektuak iraun duen 5 urteko aldian guztira 226.000 m² espazio bizigarri berritzeko konpromisoa hartu zuten. Helburu nagusietako bat energia primarioaren aurrezpenak lortzea da, % 40 eta % 80 bitartean barrutiaren arabera, aldi berean energia-iturri berriztagarrien erabilera handituz.