Bilboko tranbiaren Atxuri-Bolueta luzapenaren lanak lizitatu dira

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareko kontratazio mahaiak Bilboko tranbiaren Atxuri-Bolueta tartean 2,3 kilometro luzatzeko obren kontratazio espedientea onetsi du. Geralekuak izango ditu Atxurin, Boluetan eta Abusu Ikastolaren inguruan. Jarduera hori, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Atxuri-Bolueta tartea tranbiarako egokitzeko proiektua finantzatzeko eta eraikitzeko sinatu duten lankidetza hitzarmenaren emaitza da. Tarteak ez du erabilerarik joan den irailaren 9an Bizkaiko hiriburua Gernikarekin eta Bermeorekin lotzen duten Euskotrenen unitateak Bilbora 3. linearen bidez sartzen hasi zirenetik.

Bi erakundeek 5,7 milioi euroko hitzarmena sinatu dute. Eusko Jaurlaritzak %65 jarriko du, eta Udalak gainerako %35a.

2021ean aurreikusten da martxan jartzea. Horren ondoren, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea (orain 5,8 kilometrokoa da), eta 17 geraleku izango ditu, Bolueta eta La Casilla artean.

Jarduketaren deskribapen teknikoa

2,3 kilometro izango dituen tartea Atxuriko geltokiko trenbide zabalgunean hasi eta Boluetan amaituko da. Lanak, funtsean, trenbideko trazatua tranbiarako egokitzea izango dira. Obra zibil, errail aldaketa, tranbia seinaleztapen, energia eta instalazio lanak jasoko ditu. Lizitaziora aurkeztu den proiektuaren berrikuntza nagusia, Abusu Ikastolaren inguruan tarteko geraleku bat eraikitzea jasotzen duela da.

Atxuri

Atxuriko tranbiaren geralekuak gaur egun dagoen lekuan jarraituko du. 2014an mendeurrena bete zuen Manuel María Smithek egindako eraikin historikoak Eusko Trenbideak – Ferrocarriles Vascos sozietatearen bulego nagusiak eta tranbiaren beraren eta trenbidearen aginte postuak hartzen jarraituko du. Halaber, tranbiaren kotxetegiek eta tailerrek gaur egungo lekuan jarraituko dute.

Atxurin, tranbia, geldialdia egin eta gero, tren instalazio zaharreko trenbideetara sartuko da, konexioa ahalbidetuko duen desbideratze baten bidez. Beste alde batetik, tailerretara eta kotxetegietara sartzeko dauden desbideratzeek bertan jarraituko dute, tranbia zerbitzuarekin bateragarriak direlako eta trenbidea mantentzeko unitateen maniobrak ahalbidetzen dituztelako.

Proiektuak, Los Cañoseko goiko pasabidearen eta Mirafloreseko tuneleko ahoaren artean trenbideak estaltzea aurreikusten du. Trenbideen estalketa hori tokian bertan hormigoitutako hormetan oinarrituko den egitura aurrefabrikatua duen lorategi formako estalkiarekin proiektatu da.

Beste geraleku bat Abusu Ikastolaren ondoan

Tranbiaren geraleku berria tunelaren irteeraren ondoren (Abusu eta Bolueta artean, Abusu ikastolaren ondoren, hain zuzen ere) egongo da. Bertan, trenbideak ia Ponton bidea ukituz igaroko dira, eta haien trazatuari esker, geralekua ikastolatik ahalik eta gertuen egin ahal izango da.

Geraleku berriarekin irisgarritasuna hobetu eta geralekuaren, ikastolaren eta Abusu inguruaren arteko konexioa indartuko da; horrek esan nahi du oinezkoen joan-etorri kopurua asko handituko dela mendiaren aldeko espaloitik. Horrela, espaloiaren alde horretako pasabidearen sekzio erabilgarria handitzea proposatzen du proiektuak, egungo 2 metroetatik 3 metrora pasatuz, geralekuari ikastolaren sarreraraino jarraipena emanez.

Geraleku berriaren soluzioa, trenbidearen bi aldeetan egongo diren bi nasek osatuko dute. Nasa horiek trenbide pasagune batekin lotuko dira, eta arrapalak erabiliko dira espaloitik horietara sartzeko.

Konfigurazio horrek oso esku-hartze txikia eskatzen du gaur egungo trenbide trazatuan; izan ere, nahikoa izango da itsasadarraren aldeko trenbidea 60 cm eta 100 cm artean erripatzea mendiaren aldetik, egungo altuera kotarekin jarraituz. Modu  berean, 30 metro luze izango diren bi nasa jartzeko aukera egongo da. Nasa horien zabalera aldakorra izango da itsasadarraren aldean, 3 eta 5 metro artekoa, eta 3,6 metrokoa mendialdean.

Nasa bakoitzean markesina bat egongo da, eta eguraldi txarretik babesteaz gain, igarotzea kontrolatzeko eta billeteak erosteko beharrezko elementu guztiak (makina baliogabetzaileak eta salmenta makinak), instalazioen armairua eta informaziorako eta publizitaterako errotuluak izango ditu.

Bolueta

Bilboko Metroaren geltokiaren ondoan dagoen Boluetako geltokia egokitzeko lanak egin beharko dira, bai trenbidean, baita nasetan ere. Diseinatutako proiektuaren barruan sartzen dira, besteak beste, nasen altuera tranbiako material mugikorrera egokitzea eta nasetako ertzak tranbiekiko duten posizioa moldatzea.

Horrez gain, geralekua irisgarritasunari buruzko araudira egokitu beharko da, eta bidearen gainegitura material mugikor berrira eta bidearen mantentze lanetarako ibilgailuetara ere egokitu beharko da. Gainera, oinezkoentzako sarbide berriak eraikitzea aurreikusten da, Telleria kaletik nasetara.

Bigarren fasea azterlanean

Euskal Trenbide Sareak, Los Caños pasealekuan, uhartearen parean, beste geraleku bat ezartzeko dagoen aukera ikusteko azterlana eskatuko du, eta baita Boluetako geltokiaren ingurua urbanizatzeko eta egokitzeko ere. Lan horiek, gauzatuz gero, bigarren fase batean lizitatu eta esleituko lirateke.